Wittgenstein: Etika eta Filosofiaren Eginkizuna
Etika
Wittgensteinek Vienan emandako hitzaldian azaldu zuenez, etikak baliozko judizioak egiten ditu (zer den ona eta zer txarra). Balorazio horietan (ez edozein baloraziotan, balorazio absolutuetan baizik; izan ere, zentzu erlatiboa dutenak ez dira etikakoak, absolutuak baino ez baitira) bi zentzu bereizten dira:
Alde batetik, zentzu erlatiboak “egintzen errepresentazio” bezala itzul daitezkeenak dira (munduko gertaera baten pintura dira), eta hauek ez dute arazorik sortzen. Gertaeretaz ari garenean, balio erlatiboa besterik ez dago. Bestalde, zentzu absolutuek (edo etikoek) arazoak sortzen dituzte. Errealitatean ez dago gertaera absoluturik. (Guztiak maila berean daude; munduan ez dago bestea baino hobea den ezer, eta ez dago indar behartzailerik duen inolako gertaerarik munduan. Horrelakorik balego, denok hori bera egingo genuke.)
Hala ere, balorazio absolutuak egiten ditugu maiz. Wittgensteinen aburuz, balorazio horien atzean —etikan zein erlijioan— hizkuntzaren erabilera oker bat dago. Balorazio absolutuak adierazpen erlatiboen antzekoak edo similak badira ere, simil horien atzean dauden gertaerak ikusten saiatzen garenean, horrelakorik ez dagoela ikusten dugu. Horrela, simila (edo errepresentazioa) zirudien hori zentzugabekeria bezala agertzen zaigu (ez da gertaera baten margoa).
Wittgensteinek dioenez, arazoa ez da sortu zentzugabekeria horien adierazpen zuzena aurkitu ez delako, baizik eta adierazpen horiek berez zentzugabeak direlako. Izan ere, balorazio horiek munduaz eta hizkuntzaz haratago joan nahi zuten.
Bukatzeko, etika eta erlijioaz hitz egiten saiatzea giza gogoaren joera bada ere, munduaren eta hizkuntzaren mugen kontra joatea den neurrian, ezin du zientzia izan (eta ez dio ezer gehitu gure ezagutzari). Halere, gizakiaren joera garrantzitsu horri “begiramen osoa” zor zaiola dio Vienako filosofoak.
Filosofiaren eginkizuna
Filosofia jarduera bat da, teoria bat baino gehiago (filosofatu esatea filosofia esatea baino hobeto legoke), hizkuntzaren zentzugabekeriak eta itxura engainagarriak ez nahasten laguntzen duena. Bere eginkizuna hizkuntzaren azterketa da. (Zergatik dio hau? Arazo filosofikorik berez ez dagoelako, baizik eta hizkuntzaren nahasmen eta zentzugabekeriak sortutakoak direlako... Filosofiak ez ditu arazoak konpontzen, planteatu eta desagerrarazten saiatzen da... la filosofía disuelve problemas y levanta misterios...)
Lehen Wittgensteinek, Tractatusaren bidez, hizkuntzaren mugak ezarri nahi zituen "Zer esan dezaket?" galderari erantzunez. Zentzuz esan daitekeena (munduaren deskribapena, zientziaren hizkuntza) eta ezin esan daitekeena edo mistikoa (filosofia, etika, estetika, erlijioa...) bereiztuz. Beraz, filosofia bera ere ez da zientzia; proposizio filosofikoak zentzugabeak baitira. Izan ere, arazo filosofikoak hizkuntzaren logika gaizki ulertzetik sortzen dira, eta ez dute esanahirik.
Hori horrela, zientziaren hizkuntza da zentzua duen bakarra eta mintza daitekeen bakarra. Hau da eredutzat eta idealtzat hartzen dena. Arlo mistikoa, aldiz, hizkuntzaren eta munduaren mugak gainditzen saiatzen da. Baina bertan daude gizakiaren benetako arazoak. Tartean filosofia dago, hizkuntzaren jarduera kritiko modura, hots, bere zeregina analisi linguistikoa duena.
Aldiz, bigarren Wittgensteinentzat, filosofiaren funtzioa hizkuntzaren jokoen azterketa eta ikerketa da, alegia, hizkuntzaren funtzio ezberdinen deskribapena. Horrela, hizkuntzaren erabilera okerrak sortutako arazo faltsuak ezabatu eta haren anbiguotasunak ezabatzeko. Helburua hizkuntza-jokoen termino linguistikoen erabilera ezberdinak aurkitzea da; horrek erakutsiko digulako terminoaren benetako esanahia. Horrela, proposizioen erabilera egoki eta argi bat garatzen da, eta berriro ere uzten dira agerian hizkuntzaren erabilera metafisikoaren okerra eta zentzugabekeria.
Beraz, bai Tractatusean zein Ikerkuntzetan argi geratzen da filosofiak ez dituela arazo filosofikoak konpontzen, desagerrarazten baizik. Hau da helburua: arazo filosofikoak betiko desagerraraztea, hizkuntzaren erabilera egokia ulertzearen bidez.