Utopiaren bilakaera: Platonetik gaur egunera arte
Platonen Errepublika
Errepublika da lehen eredu utopikoa. Liburu horretan gizarte ideal baten egitura azaltzen da. Hiri edo estatu idealak, arimak bezala, hiru zati ditu. Horietariko bakoitza klase sozial bat da:
- Langileena
- Zaindariena
- Buruzagiak
Justizia edo zuzentasuna klaseen arteko oreka edo harmonia da; klase eta gizaki bakoitzak bere lana egiten duenean lortzen da. Hiritarrek hainbat diziplina ikasiko dituzte (aritmetika, geometria, musika…) eta onenak filosofoak izango dira. Filosofoek dialektika ere ikasiko dute (Ongiaren ezagutza), gobernariak izango dira eta guztion zoriontasuna bilatuko dute. Besteen hezkuntzaz ere arduratuko dira. Estatuak arautu eta erabakiko du nolako bikoteak sortuko diren, eta seme-alaben heziera ere estatuaren ardurapean egongo da.
Tomas Mororen Utopia
XVI. mendeko Mororen Utopia giza arrazoimenean oinarritzen da. Errepublika idealaren egitura politiko-soziala deskribatzen du: estatu demokratiko bat, buruzagia bere postutik ken daitekeena baldin eta tiraniara jotzen badu, eta erlijio-tolerantzia onartzen duena. Gerra, heriotza-zigorra eta jabetza pribatua dira gaitzik okerrenak. Herritar guztiek lan egin behar dute, eta guztiek salatu behar dituzte ustelkeria eta bizioa.
Hiri-estatuaren antolaketa
Utopia hiri-estatu paganoa eta komunista da, non arrazoiak gobernatzen dituen oso-osorik erakundeak eta politikagintza. Halako estatu baten ordenak eta duintasunak ikaragarrizko kontrastea sortzen zuen Europa kristauaren gobernu-sistemarekin.
Lantzen diren gaiak eta ezaugarriak
Lantzen diren gaien artean kriminologia, estatuak kontrolaturiko hezkuntza, erlijio-aniztasuna, dibortzioa, eutanasia eta emakumeen eskubideak daude. Ezaugarri nagusiak honako hauek dira: berdintasun ekonomikoa, diruaren desagerpena, demokrazia, familia, planifikazioa, hezkuntza eta tolerantzia.
Utopia sozialistak
Sozialismo utopikoa XVIII. eta XIX. mendeetan sortu zen Saint-Simon, Fourier eta Owenen eraginez, Frantzian. Kapitala gutxiengo baten eskuetan zegoen eta industrializazioaren mendeko gizartearen zatirik handiena miserian bizi zen. Sozialista utopikoek euren alternatiba sozio-ekonomiko berria aurkeztu zuten: jabetza pribatuaren ordez, jabetza komunitarioa proposatu zuten.
Utopiaren amaiera eta gaurkotasuna
Utopiak gaur egun ere eginkizun guztiz garrantzizkoa betetzen du, gaur egungo errealitateari aukera berriak eskaintzen dizkiolako; izan ere, inoiz baino gehiago behar dugu ekintzarako ikuspuntua den gizarte justu baten eredua.