Turismo Eredu Tradizionala: Bilakaera, Eskaintza eta Krisia
Turismo Eredu Tradizionala (TET) 1960tik aurrera eman den turismo ereduari deritzo. Turismo mota hau bezero kopuru handiari zuzenduta dago. Normalean, bezero hauek erosteko ahalmen ertaina dute eta erdiko kategorietako hoteletan eta apartamentuetan hartzen dute ostatu, eguzkia eta hondartza dauden lekuetan (eguzki eta hondartza turismoa). Sektore honek tour-operadoreekiko mendekotasuna du eta, gehienak atzerrikoak direnez, lortutako kapitalaren zati handi bat atzerrira doa.
Turismo tradizionalaren sorreraren kausak
- Europako mendebaldeko eta iparraldeko hazkunde ekonomikoak erdi-mailako klase soziala sorrarazi zuen. Hauek erosteko eta kontsumitzeko ahalmen handiagoa izan zuten eta hori aisialdian nabaritu zen. Horrekin batera, langileek opor ordainduak izateko legeak abian jarri ziren.
- Garraiobideen aurrerakuntzak joan-etorriak erraztu zituen: hegazkinaren prezioa murriztu zen, trenbideen eta errepide-sarea hobetu zen eta automobilen erabilera orokortu egin zen.
Espainiako turismoaren garapenerako baldintzak
- Espainia Europako bezeroengandik hurbil egotea.
- Klima eta paisaia aproposak izatea.
- Kultura-ekarpena: monumentuak, tradizioak, folklorea…
- Merkea izatea atzerriko turismoarentzat, batez ere pezetaren balio baxua zela eta.
- Estatuak emandako laguntzak jarduera horiek bultzatzeko.
Turismo-eskaintzaren osagai nagusiak
- Produktua saltzen dutenak: Erakundeek (adibidez, Goitur) nazioarteko azoketan beraien produktuak eskaintzen dituzte (FITUR), turismo-bulegoak, bidaia-agentziak, eta abar.
- Ostatu-eskaintza: Oso zabala da, batez ere Mediterraneoko kostaldean eta uharteetan. Espainia mundu mailan hotel-eskaintza handiena duen hirugarren estatua da, Ameriketako Estatu Batuen eta Italiaren atzetik. Hotelez kanpoko establezimenduak ere ugariak dira (kanpalekuak, apartamentuak eta kanpinak).
- Ostalaritza-eskaintza: Sukaldaritza, kafetegiak eta tabernak.
- Astialdirako eskaintza: Kirol-instalazioak, aisialdi-parkeak (Port Aventura), ur-parkeak, klub hipikoak, golf-zelaiak eta instalazio nautikoak.
Turismo-eskariaren bilakaera eta ezaugarriak
Hasieran atzerriko turismoa zen nagusi; gaur egun, berriz, barruko turismoaren eskaria oso garrantzitsua da.
- Nazioarteko eskaria: Gora egin du 1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera, baina bi krisi-garai izan ditu, 1975ekoa esaterako. Espainia Europar Batasunean sartu zenetik, bisitarien kopuruak gora egin du nabarmen. Gehienak Europako mendebaldetik eta iparraldetik datoz: Alemania, Britainia Handia, Frantzia eta Benelux. Atzerriko turismo hau batez ere udan etortzen da eta eguzkia eta hondartza dauden lekuetara bideratuta dago, batez ere uharteetara eta Kataluniako iparraldeko kostaldera.
- Estatuko eskaria: Gora egin du 1960ko hamarkadatik aurrera bizi-mailak hobera egitean. Turistak zonalde industrializatuetatik datoz eta urtean zehar hobeto banatzen dira. Jomuga nagusiak Mediterraneoko kostaldeko erkidegoak dira (Valentzia, Andaluzia eta Katalunia).
- Urtarokotasunaren arazoa: Eskariaren gehiegizko urtarokotasuna arazo bat da Espainiako turismoarentzat, batez ere udako oporrekin bat datorrelako. Kanarietan urtarokotasun hau ez da gehiegi nabaritzen. Estatuko turismoa abuztuan pilatzen da. Hala ere, asteburu eta zubietako irteerak ugaritu egin dira azken urte hauetan. Azpiegiturak sasoi batzuetan gehiegi erabiltzen dira eta kalitatea galtzen dute, ingurumen-arazoak sortuz.
Turismo tradizionalaren egungo krisia
Turisten kopuruak eta diru-sarrerek gorantz egin arren, 1990etik turismo tradizionala krisian dago. Gaur egun, turismo tradizionalean erdi eta behe-mailako turistak nagusitzen dira. Turismoaren eskaintzak, prezioak garestitu arren, ez du kalitatea hobetu eta Mediterraneoko beste estatu batzuen lehia gogorra du. Gainera, ingurumena ere nahiko hondatuta dago.