Tributuen Oinarri Konstituzionalak

Ekonomia4,02 KB

Sarrera: Tributua eta Gastu Publikoak

Tributua izaera hertsakorra duen diruzko prestazioa da, Estatuak edo ente publiko batek ezarritakoa, gastu publikoak finantzatzeko. Bi ezaugarri nagusi ditu: Hertsakortasuna eta gastu publikoak edo behar kolektiboak finantzatzea.

Tributuaren ezarpenak ezin ditu hiritarren eskubideak kaltetu, eta hiritarrei eskaini behar zaizkien zerbitzuak finantzatzeko ezarri behar dira. Espainiako Konstituzioaren I. tituluko II. kapituluan, «Espainiarren eskubide eta askatasunak» atalean, tributuen oinarri konstituzionalak arautzen dira, 31. artikuluan:

  • 31.1. Denek gastu publikoen sostengura lagunduko dute, bakoitzaren gaitasun ekonomikoaren arabera, berdintasun eta aurrerakotasun oinarriak dituen tributu sistema justu baten bidez. Tributu sistemak ez du helburu konfiskatoriorik.
  • 31.2. Gastu publikoek errekurtso publikoen berdintasunezko izendapena egingo dute, eta bere programazioa eta betepena eraginkortasun eta ekonomia irizpideetan oinarrituko dira.
  • 31.3. Prestazio pertsonalak edo ondasunezkoak legearen arabera bakarrik ezarri ahal izango dira.

Artikulu honetatik zazpi oinarri konstituzional eratortzen dira:

1. Gaitasun Ekonomikoa

Zerga zamaren banaketaren oinarrizko araua da eta berdintasunaren oinarriarekin lotuta dago: hiritar guztiek ordaindu behar dute, bakoitzak ekonomikoki duen ahalmenaren arabera. Hiru funtzio ditu zerga sisteman:

  • Tributua ordaindu beharraren funtsa: gastu publikoak sostengatzeko aberastasuna bilatu.
  • Agintarien zerga boterearentzat muga: tributu bat ezarri nahi bada, zergadunek ahalmen ekonomikoa dutela kontuan hartu beharko da.
  • Legegilearentzako programa: tributua ezartzen duen arauak gaitasun ekonomikoa orientabide gisa hartu behar du.

2. Berdintasuna

Ordenamendu juridiko osoaren oinarria da: Konstituzioa lege gorena izanik, ordenamendu juridikoaren oinarriak berdintasuna, askatasuna, justizia eta aniztasun juridikoa dira. Zerga arauek gizartean dauden desberdintasunak zuzendu behar dituzte: tributuen bidez lortutako dirua gutxiago dutenentzako laguntza publikoetan erabili behar dira.

3. Orokortasuna

Denek gastu publikoaren sostengura lagunduko dute, printzipioz hiritar guztiek ordainduko dute. Bi zentzutan ulertu behar da: tributuen ordainketa ez dagokie bakarrik espainiar nazionalitatea dutenei, eta ez dago inolako salbuespen edo pribilegiorik. Hala ere, orokortasunak ez du esan nahi egoera bereziak kontuan hartzen ez direnik. Gaitasun ekonomikoan oinarriturik, gutxi dutenek ez dute ordaintzen eta, kasu batzuetan, onura fiskalak daude.

4. Aurrerakotasuna

Tributua ordaindu behar duen subjektuaren aberastasuna handitzen den heinean, diru kopuru gehiago eman behar du. Oinarri hau zerga sistemak duen birbanatze funtzioari lotuta dago. Gehiago duenak gehiago ordaindu behar du, eta batutako dirua gutxiago dutenen artean banatu behar da. Hiritarren eragin handiena duten tributuen oinarria izan behar da (PFEZ, adibidez).

5. Konfiskatorietatearen Muga

Zerga sistemak ez du helburu konfiskatoriorik. Sisteman ezartzen den berme edo garantia bat da. Balio juridikoa eta politikoa du, bi ideia desberdin batzen direlako: gastu publikoen sostengura laguntzeko betebeharra eta jabetza eskubidearen babesa.

6. Zerga Legezkotasuna

Zerga boterea legearen bidez eragingo da, parlamentuaren legeen bidez izan behar dira. Lau ideia nagusi biltzen ditu:

  • Hiritarren askatasunetan eta eskubideetan ezin daiteke egon edonolako esku-sartzerik, eta mugak jarri behar dira, lege baten bidez.
  • Gastu publikoen sostenguak suposatzen duen zama denen artean banatzearen prozesuan demokrazia zihurtatu behar da.
  • Hiritarren arteko berdintasuna bermatu behar da.
  • Zergadunek beren zerga betebeharrak ondo ezagutzeko aukera izan behar dute.

7. Segurtasun Juridikoa

Legegileak tributu bat ezartzen duen legea egiten duenean, segurtasun juridikoaz egin behar du, hiritarren konfidantza babestuz.

Deskargatu

PDF Word HTML