Teoria Sozialista eta Langile Mugimendua Bizkaian
1. Teoria Sozialista
Ideologia sozialistak eta langileen erakundeak industrializazioarekin batera azaldu ziren. Iraultza Industriala hasi zenean, aberastasunaren banaketa oso injustua zen, eta industrializazioak gutxi batzuen aberastasuna eta gehienen pobrezia ekarri zituen. Gizarte liberala gizarte injustua zen, eta batzuk gizarte hori kritikatzen eta hobetzeko proposamenak egiten hasi ziren. Horrela sortu ziren ideologia sozialistak, gizarte liberala eta kapitalismoa kritikatzen zituztenak.
Teoriko sozialisten helburua, hasiera batean behintzat, langileak elkarte sindikaletan eta alderdi politikoetan antolatzea zen. Horretarako, langileak kontzientziatu egin behar zituzten, beren egoeraz jabetzeko, eta zapalduta zeudela kontura zitezen.
Karl Marx eta Langile Klasearen Antolaketa
Teoriko inportanteenetariko bat, eta eragin handia izan zuena, Karl Marx izan zen. Haren arabera, langile-klaseak antolatu egin behar zuen burgesiari botere ekonomikoa eta agente politikoa kentzeko.
Estatu espainiarrean marxismoak hasieran ez zuen arrakasta handirik lortu, baina 1879an Pablo Iglesiasek PSOE fundatu zuen Marxen ideietan inspiraturik, eta 1888an UGT sindikatua. Sozialismoak industriako langileak erakarri zituen batik bat.
Langile Mugimendua Bizkaian
1886an, Facundo Perezagua Madriletik etorri ondoren, Bizkaiko zona industrialean lehen elkarte sozialistak sortu ziren (Bilbo, La Arboleda…). Mugimenduak Bizkaiko proletargoaren artean arrakasta handia izan zuen, langileriaren kontzentrazioa eta baldintza gogorrak kontuan hartuta:
- Lan oso gogorra meatzaritzan.
- Enpresek soldataren zati bat bonoetan ordaintzea, nagusiek zituzten kantinetan gastatu behar izateko.
- Lanordu asko.
- Segurtasun neurririk edo asegururik eza.
1890eko Greba Nagusiaren Eragina
Sozialismoaren indarra 1890eko greba nagusiaren arrakastan nabaritu zen. Meatzaritzan hasi, industriara zabaldu eta Bizkaian “gerra egoera” aldarrikatzera eraman zuen.
Langileek 10 orduko lanaldia eta kantinetan erosteko eta barrakoietan bizitzeko obligazioaren bukaera lortu zuten arren, Patronalak ez zuen akordioa bete. Horregatik, 1910 urtera arte lau greba orokor egin ziren, oso erradikalak eta gogorrak. Ondorioz, bizkaitar sozialismoa Estatu osoko indartsuena eta erradikalena izan zen.