T Linfozitoak eta Erantzun Zelularra: Funtzioa eta Prozesua

Biologia3,3 KB

T linfozitoek zelulari itsatsitako antigenoen kontra eragiten dute zuzen-zuzenean, hau da, infekzio bidez (birusak) edo mutazio bidez (tumoreak) eraldatu den gorputzeko zelularen edota gorputzari arrotz zaion zelularen (transplanteak) kontra eragiten dute zuzenean.

T Linfozitoen Heltze Prozesua

T linfozitoak timoan heltzen eta bereizten dira. Kasu honetan ere, mintzean errezeptore proteiko espezifikoak garatzen dituzte; baina hauek bi kate proteiko eta gune aktibo bakarra dituzte. Errezeptore proteiko horiez gain, zelularen funtzioa erabakiko duten beste proteina batzuk ere hartzen dituzte: T4 eta T8.

T Linfozito Motak

Honako mota hauek daude:

  • Linfozito Zitotoxikoak (T8)

    Antigenoarekin elkartu eta zelulak lisi bidez suntsitzen dituzte. Mintzean T8 errezeptorea dute.

  • Linfozito Laguntzaileak (T4)

    Immunitate-sistemako zelulek (makrofagoak, B linfozitoak, etab.) aurkeztutako antigenoak ezagutzen dituzte, eta erantzun immunologikoa aktibatzen eta areagotzen parte hartzen dute. Mintzean T4 motako errezeptore proteikoak dituzte.

  • Linfozito Supresore edo Ezabatzaileak

    Erantzun immunologikoa geldiarazten dute, antigorputzen sintesia eta T linfozito zitotoxikoen jarduera inhibituz.

Erantzun Zelularraren Prozesua

Erantzun humorala bezalaxe, erantzun zelularra ere antigeno batek eragiten du, errezeptore espezifiko batekin elkartu eta zelula-klon jakin bat hautatzearen ondorioz. Prozesuak hiru fase ditu:

  1. Hautespen eta Aktibazio Fasea

    Linfozitoak zelulek daramatzaten determinatzaile antigenikoak ezagutzen dituenean hasten da. Makrofagoak, antigenoa fagozitatu ondoren, determinatzaile antigenikoa MHCren proteinei lotuta aurkezten du bere mintzean. Horrek T4 linfozito laguntzaileen klonaren hautaketa eragingo du. Bestalde, minbizi-zelulek, birus batek infektatutako zelulek edota gorputzari arrotz zaizkion zelulek determinatzaile antigenikoak izango dituzte mintzari itsatsita; eta horiek T8 linfozito zitotoxikoekin lotuko dira. Hautatutako T4 linfozito laguntzaileak interleuzinak sintetizatzen hasiko dira. Interleuzinak bitartekari kimikoak dira, eta linfozitoak aktibatuko dituzte.

  2. Ugalketa Fasea

    T4 linfozito laguntzaileak aktibatzean, hautatutako klona mitosi bidez ugaltzen hasiko da, bi zelula-mota sortuz: memoriako T4 linfozitoak, odolean eta linfan denbora luzez egongo direnak, eta interleuzinak sintetizatuko dituzten T4 linfozito efektoreak. Interleuzinek, era berean, hautatuta dauden T8 linfozito zitotoxikoen klona aktibatuko dute. Linfozito aktibatu horiek ere ugaltzen hasiko dira, memoriako T8 linfozitoak eta T8 linfozito efektoreak sortuz.

  3. Fase Efektorea (Litikoa)

    Fase honetan, T8 linfozito efektoreek zelula arrotzen lisia eragingo dute. Perforina entzimek hartzen dute parte, zelularen mintzean poroak eginez. T8 linfozitoek, antigenoaren eraginez eraldatutako zelulak ezagutu eta haiekin elkartu arren, ez dituzte apurtuko T4 linfozito laguntzaileek aktibatu arte.

Deskargatu

PDF Word HTML