Susmoaren Maisuak: Marx, Nietzsche, Freud eta Darwin
Karl Marx: Materialismo Historikoa
Marxen materialismo historikoaren arabera, giza historia ekonomiaren araberakoa da, eta gizartearen egitura ekonomiak determinatzen du. Horrek esan nahi du artea, politika, ideologiak, erlijioa, etab. azpiegitura ekonomikoaren ondorio direla, egitura ekonomikoaren araberakoak direla. Iraultza batek soilik alda dezake egitura ekonomiko hori. Hortaz, Marxen pentsamendua filosofia praktiko eta iraultzailea da.
Friedrich Nietzsche: Moralaren Kritika
Nietzschek zalantzan jarri zuen gizadiak azken bi mila urteetan egindako bidea, eta, nagusiki, kristautasunari egotzi zion errua. Nietzschek gizakia oker ibili izanaren zalantza agertu zuen, eta bereziki kritikoa izan zen gizarte modernoaren moralekin, dekadentetzat, biziaren kontrakotzat, jotzen baitzuen. Arrazoimenaren nagusitasuna ere ezbaian jarri zuen, eta, ondorioz, filosofiak Platonez geroztik egindako bidea gogor kritikatu zuen.
Gainera, aurrerago ikusiko denez, Nietzschek arbuiatu egin zuen marxismoa. Komunismoaren berdintasun nahia mespretxagarria iruditu zitzaion. Nietzscheren ustez, komunismoaren berdinzaletasuna zatarra da, filosofia herrikoia, dekadentzia eta artaldearen erresumina baino aintzat hartzen ez dituena.
Sigmund Freud: Bulkada Irrazionalak
Freud filosofoa izan zenik zalantzan jar daiteke, giza adimenaren egitura aztertu zuen medikua izan baitzen funtsean. Baina Freuden pentsamenduaren alderdi askok interes filosofiko handia dute, eta eragin handia izan dute XX. mendeko pentsamenduan. Bereziki, Freudek zalantzan jarri zuen giza jokabidearen arrazionaltasuna.
Freuden arabera, arrazoimenak ez du kontrolatzen gure jokabidea; ezkutuan dauden bulkada irrazionalak dira benetan hori determinatzen dutenak. Eros eta Thanatos (bizi-bulkada edo sexu-grina eta horri kontrajartzen zaion heriotz-bulkada) dira, Freuden iritziz, giza jokabidean eragin gehien duten faktoreak.
Charles Darwin: Ikuspegi Eboluzionista
Azkenik, zenbait autorek Darwinen eragina Susmoaren Hiru Maisuen parekoa izan zela proposatu dute. Darwinen lanak, Marxenak, Nietzscherenak eta Freudenak bezala, gizakiari buruzko ikuspegia guztiz aldatzea eragin baitzuen. Gizakiari buruzko ikuspegi materialista eta eboluzionista proposatu zuen. Ikuspegi horrek onartezin egin zuen ordura arteko ikuspegi nagusia: gizakia kreazioaren gailurra zelako ikuspegia, alegia.