Susmoaren filosofoak eta Darwin: Egungo pentsamenduaren sustraiak
XIX. eta XX. mendeetako pentsamenduaren sustraiak
XIX. eta XX. mendeetako filosofiak egungo pentsamenduaren sustraiak beregan dituela esan genezake; Marx, Nietzsche, Freud eta Darwin gabe ezingo litzateke garai honetako filosofia ulertu. Lehenengo hiru hauek “susmoaren filosofoak” bezala ere ezagunak dira; izan ere, hirurek zalantzan jarri zuten ordura arteko filosofiak emandako interpretazioa: gizakia subjektu autonomo, aske eta arrazionala delako pentsamendua ez dela erabat zuzena susmatuko dute.
Aurrekoa kontuan hartuz, bakoitzak pentsatuko du faktore irrazionalek sakonki baldintzatzen dutela giza arrazoimena eta askatasuna. Diagnostikatzen duten egoerari buelta eman behar zaiola iritziko dute guztiek:
1. Marx: Egitura ekonomikoa eta alienazioa
Marxen iritziz, gizakiaren lanak baldintzatzen ditu. Gizartearen egitura ekonomikoa eta produkzio-prozesuan duen kokapena izango da faktore eragilea. Klase menperatzaileen interesen aldekoa izango da ideologia, klase horren pribilegio-egoera mantendu eta gizakia alienatua mantentzeko. Hau gainditzeko, iraultzaren beharra ikusten du zapalkuntzaren kontzientzia hartzeko.
2. Nietzsche: Balioen transmutazioa
Nietzschek uste du filosofiaren historia gezur batean oinarritu dela: mendebaldeko kultura osoak bizitzaren aurkako balioetan du oinarria, bizitza arbuiatuz. Bizitzarekiko beldur horretatik, ilusiozko mundu aldaezin eta estetikoak asmatu dira, eta bilakaeran dagoen guztia itxura hutsa dela kondenatu du. Esklabuen moralak ere hor oinarritu dira. Hortaz, bizitzarekiko eta indartsuarekiko gorrototik balioen transmutazioa aldarrikatuko du.
3. Freud: Psikea eta inkontzientea
Freud-ek sinisten du gure psikean alderdi kontziente eta arrazionalaz gain badagoela alderdi inkontziente bat. Giza nortasunaren garapenaren abiapuntuan irrika-energia batzuk leudeke eta hauek asetzera jotzen dute. Beti ez da posible, hortaz, inkontzientean geratzen dira erreprimituta. Hau handiegia denean, nortasun-nahasketa bezala azaleratzen da, krisia sortuz bizitzetan. Borroka etengabea ematen da hortaz, gizakiak zoriontasuna nahi duelako baina gizarteak murrizketa gehiegi jartzen dizkio; ondorioz, lanean, drogetan… aurkituko ditu plazera emango dioten ordezkoak.
4. Darwin: Eboluzioaren teoria
Amaitzeko, Darwin-en ekarpena dugu. Bere eboluzioaren teoriaren arabera, ondorengoen artean bariazioak daude. Horietako batzuk abantailatsuak izan daitezke, ezaugarri abantailatsuak heredatuz eta pixkanaka ugariagoak bihurtuz, ezaugarri ez-abantailatsuak dituzten banakoak murriztera joko duten bitartean. Horrela, espezieak desagertu, eraldatu edota agertuko dira. Bizitzak hartu duen forma bat gehiago izango litzateke gizakia.