Sofistak eta Platonen Ideien Teoria
Sofistak
Sofistak agertu zirenean, egoera politikoa zeharo aldatuta zegoen Atenasen. Egoera berri horren atarian, grekoen kezka-guneak hiri barruko eztabaida politikoetara lerratu ziren; ondorioz, filosofiak bat egin zuen hirigintza, politika eta etika auziekin.
Sofistak Atenasera kolonietatik etorritako atzerritarrak ziren, gazteen heziketa ogibidez zutenak. Jakintsuak ziren eta bidaia askotan kultura maila handiz aberastuak.
Hasieran, zaletasun eta ikusmin handiak sortu zituzten sofistek, gazteen artean batez ere. Aristotelesek, ordea, jakintzaren trafikatzaileak zirela zioen.
Erlatibismo Eszeptikoa
Sofisten teoriarik ezagunena Erlatibismo Eszeptikoa da: ez dago egia absoluturik, egia erlatiboa da, norberaren araberakoa, eta, balego, ezingo genuke aurkitu. Beraz, egia ez da gure bizitzaren ardatza izango.
Pentsakera honek, noski, bere isla du euren eguneroko bizitzan. Gaztedia heztearen helburua ez da egia edo zuzentasuna ezagutzea praktikan jartzeko; helburua praktikoa izango da, hau da, hiritarrei irakastea euren eskubideak defendatzen jakin zezaten politikan aritzean. Horretarako sofismak irakasten zizkieten: sasiargumentuak ondorio batera iristea helburu zutenak. Hau zen hirigintzan arrakasta lortzeko bidea, eurek ezin baitzuten politikan parte hartu.
Doktrina Naturalista
Botere politikoari buruz, doktrina naturalista zuten: agintea indartsuenaren esku egon behar zuen.
Platonek azaldu zuen sofistek demokrazia garaian ezarritako joko politikoak erakundeen krisia eta baloreen gainbehera ekarri zituela.
Platonen Ideien Teoria
Ideien teoria sortzeko arrazoi ezberdinak izan zituen Platonek, baina horien artean badago bat ulergarri egingo zaiguna: alegia, ezagutzaren ezaugarriak zeintzuk diren aztertzea.
Ezagutzaren Arazoa
Mundu honetan dagoen ezagutza aldakorra da; jaio, hazi eta hil egiten diren gauzen ezagutza. Hori al da benetako jakintzaren eremua? Hori al da zientziaren eremua? Jakintzak, benetako ezagutzak, ezin du aldakorra izan, iraunkorra baizik, betierekoa, mugiezina. Beraz, jakintza benetakoa ez da mundu honetan aurkitzen, aldakorrak diren gauzen munduan. Beste mundu batean egon behar du, iraunkorra eta betierekoa den eremu batean. Hau da Platonek ateratako ondorioa, alegia, Ideien teoriak dioena:
Bi Munduen Teoria
Bi mundu daude:
- Mundu Sentigarria (Mundu fisikoa, aldakorra, hilkorra).
- Ideien Mundua edo Mundu Ulergarria (Adimenezkoa, iraunkorra, betierekoa).
Mundu ulergarria edo adimenezkoa izaki materiagabeko, absolutu, aldaezin, betiereko eta mugiezinek osatzen dute, hau da, Ideiek edo ereduek. Eremu hau benetako izakien mundua da, adimenaz jasotzen duguna, eta, beraz, zientziaren eremua.
Gure mundu fisikoa adimenezko munduko izakietatik eratorritako eremua da. Hemengo izakiak aldakorrak eta hilkorrak dira. Besteen itzalak, itxura besterik ez dira. Hots, sentipenezko munduaren errealitatea ideien mundutik eratorria da.
Ideien Hierarkia: Ongiaren Ideia
Mundu ulergarria mailakatua dago, hau da, ideien artean hierarkia bat dago. Ideia bakoitzari bere izana maila handiagoko ideia batetik datorkio. Ongia da ideien mundu honi izana ematen dion ideia gorena. Ongia bere baitan da, bere kabuz, ez du besteren beharrik izateko.
Ongiarekiko menpekotasun zuzena dute:
- Edertasunak (mundu fisikoan dauden gauza guztiei edertasuna ematen die).
- Zuzentasunak (arimaren hiru zatiak eta gizakien hiru bertuteak orekatzen ditu, gizarte harmoniotsu bat ahalbidetzeko).
Ongia gauza on eta eder guztien sorburua da.
Ezagutza eta Zientzia
Platonentzat zientziaren egiteko eta egia aurkitzeko objektuak iraunkorra eta egonkorra izan behar du. Horregatik, hilkorra eta aldakorra den sentipenezko mundua ezin da zientziaren objektu izan. Mundu honetan iritziak besterik ezin dira lortu, sasiezagutza, aldakorra, zentzuen bidez jasoa.
Benetako ezagutza, jakintza, ideien munduan dago, adimenezko munduan, zientziaren eremuan. Horretarako tresna arrazoimena, adimena dugu.
Are gehiago, jakintza beharrezkoa da lortzea bizitza publiko nahiz bizitza pribatuan onbidea hartzeko.