Sofistak: Giza Filosofia, Erlatibismoa eta Demokrazia

Filosofia eta etika4,53 KB

Sofistak: Filosofiaren Giza Norabidea

Filosofia presokratikoaren ondoren, filosofiak norabide berri bat hartu zuen, norabide antropologikoa: naturaren (physis) ardura alde batera utzita, gizakia eta gizartea bihurtu ziren filosofiaren ardatz nagusia. Aldaketa honen bultzatzaile eta protagonistak sofistak izan ziren.

Sofisten testuingurua eta eragina Atenasen

Kultura handiko filosofoak ziren eta K.a. V. mendean Atenasen elkartu ziren, non izugarrizko aldaketa kultural, sozial eta politikoak gertatzen ari ziren. Periklesen figura funtsezkoa izan zen Atenasko garapen kulturalean, bera izan baitzen gizarte demokratikoaren erreformak aurrera eraman zituena. Sofistek eragin handia izan zuten Periklesen.

Sofisten ezaugarriak eta hezkuntza-metodoak

Sofista gehienak atzerritarrak ziren; beraz, ezin zuten parte hartu Atenasko bizitza politikoan. Gazteen heziketaz arduratzen ziren eta lan horregatik kobratzen zuten. Heziketaren ikuspegi praktikoa zuten, eta ikasleei ***areté*** edo bertute politikoa irakasten zieten bizitza politiko eta publikoan arrakasta izan zezaten. Horretarako, **oratoria, erretorika eta dialektikan** hezten zituzten, hitz eta **diskurtsoen bidez ingurukoak zuritu eta konbentzitzeko**. Trebetasun hori ezinbestekoa zen **demokrazia** sistema politikoan, non herritar guztiek hitza hartzeko eskubidea zuten bizitza politikoan (isagoria). Protagorasek esaten zuen bezala, oso garrantzitsua zen: “argudio ahula, indartsua egin”. Sofistak **bidaiari handiak** ziren eta kultura ezberdinak ezagutu zituzten. Ideia berritzaileen eramaileak izanik, arazo moral eta politikoei ikuspegi kritikoa aplikatu zieten, Atenasko gizarte demokratikoaren oinarri eta funtsezko printzipio berriak aurkitu nahian.

Sofisten planteamendu filosofiko nagusiak

Honako hiru planteamendu berri aldarrikatu zituzten:

  1. Eszeptizismo Epistemologikoa

    Sofistentzat, **ezagutza zentzumenetan eta esperientzian oinarritzen** da. Beraz, zentzumenen bidez nabaritzen ditugun sentsazioak dira ezagutzaren jatorria. Baina sentsazioak, pertsona batetik bestera ez ezik, zirkunstantzien arabera pertsona berean ere alda daitezke. Ondorioz, **ez dago egia unibertsal eta objektiborik ezagutzeko modurik**, zeren eta egia bakoitzaren esperientziari eta sentsazioei lotuta dagoenez, ezin dugu oinarri horretatik ezagutza unibertsalik lortu. **EGIA SUBJEKTIBOA DA**, gizabanakoaren araberakoa.

  2. Erlatibismo Morala

    Moralari dagokionez, sofistentzat lege edo printzipio moral bat **ONA** da, pertsona, kultura edo garaiaren arabera. Esate baterako, niretzat txarra da prakak apurtzea, baina dendariarentzat ona izango da.

    Beraz, ezin baieztatu genezake **ekintzak edo legeak BEREZ onak edo txarrak, bidezkoak ala ezbidezkoak direnik**. Beraien eraginaren edo gizartean duten baliagarritasunaren arabera, onak ala txarrak izan daitezke.

    **Dena erlatiboa da, eta ez dago egia ez printzipio moral unibertsal eta objektiborik**.

  3. Legeen Konbentzionalismoa

    Sofistek beste tradizio, sineskera, ohitura eta kulturak ezagutzen zituzten, eta konturatu ziren **ez dagoela ezer sakraturik ez aldaezinik legeetan**, beraien jatorria zalantzan jarriz. Ez zuten onartzen legeek jainkotiar jatorria zutenik, **legeen konbentzionalismoaren teoria defendatuz**.

    **Horrez gain, argi bereizten dituzte gizarteko legeak** (nomos) **eta naturako** (physis) **legeak**. **Giza legeek** ez dute oinarri naturalik, herritarren **akordioaren** ondorioa dira eta **alda daitezke**. Beraz, **ez dago betiereko eta aldaezinezko legerik**, herritarren konbentzio edo akordioen emaitza baitira.

    Legeak onartzeko eta indarrean jartzeko **irizpidea baliagarritasuna da**. Esate baterako, Atenasko legeak baliagarriak dira Atenasko biztanleentzat, baina ez dute zertan izan behar Espartakoentzat. Behin onartuta, herritar guztiek bete behar dituzte.

Protagoras: Gizakiaren neurria

Planteamendu horiek ondo islatzen dira **Protagorasen** hurrengo esaldi ospetsuan: “**GIZAKIA GAUZA GUZTIEN NEURRIA DA**”; “Niretzat gauzak niri agertzen zaizkidan bezalakoak dira, eta zuretzat zuri agertzen zaizkizun bezalakoak”.

Nahiz eta erlatibismo eta subjektibismo erradikala adierazi, Protagorasen planteamendua gizabanakoari baino gehiago kultura edo gizarteari zuzenduta zegoen; hau da, kultura edo gizartea lirateke egia eta lege sozial eta moralen neurria.

Deskargatu

PDF Word HTML