Simone de Beauvoir-en Pentsamendu Feminista eta Etikoa: Analisi Sakona

Filosofia eta etika12,02 KB

Bestearen Filosofia: Nagusiaren eta Esklaboaren Dialektikaren Irakurketa Feminista

Gizon eta Emakumeen Arteko Simetriarik Eza

Gizon-emakumeen arteko ezberdintasuna gizarte ezagun guztietan dago errotuta. Desberdintasun hori honakoan agertzen da garbiro: emakumearentzat lehentasuna du emakume gisa azaltzeak, beste edozein ezaugarriren aurrean. Ez da gauza bera gertatzen gizon ezaugarriarekin. Gizon perspektiba gizaki guztien perspektiba orokor gisa hartu izan da, objektiboa da, ez du justifikaziorik behar. Konsiderazio ezberdin hori dela eta, Beauvoirrek dio gizonak eta emakumeak simetrikoki definitu ezin diren bi giza kategoria direla. Gizonak emakumea alteritate gisa ulertu du, `bestea´ da, bere burua hartzen baitu elementu positibotzat eta baita neutrotzat ere. Ondorioz, gizaki bati kategoria horietako zein esleitzen zaion, halako harremana izango du besteekin.

Nagusiaren eta Esklaboaren Dialektikaren Irakurketa Feminista

Beauvoir Hegelen filosofiaren kontzientziaren eraketaz baliatzen da. Subjektu orok bere buruaren kontzientzia hartzen du beste kontzientzia posibleak ukatuz. “Subjektuari, bere burua berretsi nahian hasten denean, ezinbestekoa zaio berea mugatzen eta ukatzen duen Bestea”. Eragiketa hori bi norabidekoa da: bestea subjektu bilakatzen da bere ikuspegia hartzen denean erreferentziatzat. Hauxe Beauvoirrek identifikatzen duen arazoa: ustez bi kontzientzien artekoa den gizon-emakume harremanean, norabide bikoiztasuna desagertu egiten da, emakumeak ez baitu iraulketa hori egiten, eta, hortaz, ez du bere burua subjektu gisa baieztatzen. Ondorioz, gizon-emakumeek elkarren beharra duten osotasun baten baitan, emakumea mendeko kontzientzia gisa, hau da, esklabo gisa agertzen da.

Gizon eta Emakumeen Arteko Harremanean, Hiru Dira Izaera Dialektikoaren Haustura Suposatzen Duten Uneak

  • Arriskua/Askatasuna: gizonek bere bizitza arriskuan jartzen dute ekintza arriskutsuetan.
  • Onarpena/Bestelakotasuna: emakumeek, zeinek ezin baitute ekintza horietan parte hartu, haien balioa aitortzen dute. Gizonek prestigioa lortzen dute batez ere emakumeen aurrean.
  • Azpiratzea/Babesa: gizonek emakumeak menderatzen dituzte daukaten izan ona erabiliz eta babesa ematen diete horri eusteko.

“Ugaltzearen morrontza” emakumearen garapen existentzialerako oztopo handia izaten zen, garai hartan ezin baitzuten amatasuna kontrolatu, ezta horren inguruko erabakirik hartu ere. Horrek guztiak emakumearen garapen askea oztopatzen zuen.

Morrontza Harremana Ezeztatzeko Zailtasunak

Beauvoirren arabera, gizarte garatuenetan emakumearen emantzipazioaren aldeko aldaketak izan badira ere, “morrontza” egoera ez da ezeztatu. Historian zehar, emakumeek gizonekiko izan duten morrontza harreman orokorra gainditzeko, ezinbestekoa da emakumeek beren emantzipazio osorako beharrezko dituzten aukerak izatea. Emakumeak bere burua subjektutzat baieztatzen duenean ahal izango dute gizon eta emakumeek elkar aitortu eta horrek ahalbidetuko ditu horien arteko berdintasunezko harremanak. Emakumearen emantzipazioa emakumeak askatasun osoz amatasunaren gainean erabakitzen duenean gertatuko da, zainketa lan guztiak bere gain hartu behar ez dituenean eta, autonomia ekonomikoari dagokionez, gizonak dituen baldintza berak dituenean.

Moral Anbiguo Baten Alde

Pour une morale de l’ambiguïté saiakera Beauvoirrek oso-osorik gai etikoei buruz idatzitakoa da. Saiakera horretan, Beauvoirrek agerian uzten du giza existentzia dimentsio moralean hartzen dela egiazki giza existentziatzat. Bigarren Mundu Gerrako gertakari tragikoak ikusita (gerora, etsipen hori Les mandarins literatur lanean islatuko da), bi gai nagusitan oinarritzen da. Bi horien gainean dago eraikia gizakiaren historia:

1. Giza Existentziaren Helburuak

Beauvoirrek erakutsi nahi du askatasuna dela gizakien ekintzak justifikatzeko gai den helburu bakarra eta giza existentziaren balio partikular ororen funtsa. Gizakiak, existitzeko, bere buruari helburuak jartzea beste modurik ez du. Baina, lortu ondoren, helburu horiek iraganari dagozkio eta berehala bihurtuko dira abiapuntu berri. Pertsonak lan egiten du, borroka egiten du, desio du, maite du, baina beti dago geroko baten zain. Horrexegatik, helburuak gainditu beharrekotzat baino ezin dira ulertu. Horra hor gure askatasunaren anbiguotasuna. Mugimendu horretatik abiatuta, munduak zentzua hartzen du eta justifikatuta geratzen da. Subjektuaren existentzia bera ere horrelaxe justifikatzen da. Haren balioa, izatez, ez dator kanpotik baizik eta bere ahaleginetik; izan ere, gizaki bakoitzak, jardunez, munduan bete behar duen lekua zein izango den erabakitzen du eta ezin du baztertu, bestalde, leku bat betetzea. Beauvoirrentzat, ekintzen bidez hautatzen dena besterik ez da gizakia. Horregatik da funtsezkoa askatasuna.

2. Subjektuen Arteko Harremanak

Gizaki guztiok gaude bata besteari lotuta, funtsezko moduan eta elkarren mende. Bizi proiektu oro, batez ere, besteekin egindako proiektu bat da. Horrenbestez, funtsezko galdera da ea norbanakoaren askatasunak besteen askatasunaren aurka egiten duen. Pour une morale de l’ambiguïté lanean bi printzipio aurkitzen ditugu, agindu moral gisa uler daitezkeenak:

  • Norberak aske izan nahi izatea.
  • Besteak aske izatea nahi izatea.

Gai etikoak, beraz, ez dira zorionaren ikuspegitik planteatu behar, askatasunaren ikuspegitik baizik. Bestela esanda, gizakia gai da bere existentzia justifikatzeko ekintzen konpromisoari esker. Baina, hain zuzen ere, horregatik behar du beste batzuk ere existitzea, bere ekintzak giza ekintza esanguratsu gisa aitor ditzaten. Era horretan, etikak ez du errezetarik ematen, metodoak baino ez ditu proposatzen. Beauvoirren pentsamenduan ez dago lekurik balio unibertsaletarako. Askatasunak ezartzen dituenez balioak, badirudi eman daitekeen argibide bakarra hauxe dela: helburuen eta bitartekoen arteko koherentzia. Oraingo ekintzek definitzen dute zer helburutara dauden bideratuta eta, beraz, ezin dute kontraesana egon helburuarekin. Horrela, bada, ikus dezakegu Beauvoirrek proposaturiko moralaren metodoa helburuen eta bitartekoen arteko koherentziarena dela: helburuak bitartekoak justifikatzen ditu. Horregatik, beharrezkoa da kasuz kasu ebaluatzea ea koherentziarik ba ote dagoen helburuen eta esanahien artean; hau da, gauzatutako egitateen eta saiatutako egitateen balioen artean, ekintzari ematen zaion esanahiaren eta haren edukiaren artean. Pentsa genezake, bere diskurtsoarekin, gizabanakoak konpromisoa eta erantzukizuna saihets ditzakeela. Halaber, gutako bakoitzaren konpromisoa eta erantzukizuna bermatuko bada, ezinbestekoa da besteen askatasuna bermatzea.

Totalitarismoa

Arendtek, totalitarismoaz hitz egitean (terminoa ez da berea), XX. mendeko nazismoa eta Sobietar Batasuneko garai estalinista ditu buruan. Beretzat, historian ez da inoiz horrelako basakeria antolaturik gertatu eta, hortaz, kategoria berriekin ulertu behar da. Hori azaltzea da Totalitarismaren jatorriak obraren helburua. Bi aintzindari identifikatzen ditu totalitarismoaren aurretik:

  • Lehenbizikoa XVIII. eta XIX. mendeetako europar antisemitismoa da. Frantzian, esaterako, antisemitismoa Estatuaren nortasuna indartzeko korronte moduan identifikatzen du, judutarrak, frantziarrak izan arren, `frantziar´ bizimoduaren aurkako bezala agertzen baitira askotan (antisemitismo politikoa).
  • Bigarrena, XIX. mende amaierako inperialismoa izan zen. Pentsalariaren ustez, kapitala inbertitzeko burgesiaren beharra arraza batzuk besteetatik gailentzen zituen ideologiarekin elkartu zen, beste herrialdeetan egindako sarraskiak (hilketa administratiboak) justifikatuz, talde konkretu batzuekiko deshumanizazioa gauzatuz.

Aurrekari horiek kontutan hartuta, Lehen Mundu Gerrak Europan utzitako egoera ekonomiko eskasak bidea erraztu zien mugimendu totalitaristei. Horiek ideologia gabeko masak etorkizun hobearen propagandarekin erakarri zituzten, askotan intelektualen laguntzaz. Behin boterea eskuratuta, lege naturalaren (nazismoa) edota historikoaren (estalinismo garaia) aitzakiarekin, estatuaren forma eta horren legeak aldatzen hasi ziren, boterea lider bakarraren inguruan bildu, masak alderdi politikoak ordezkatu, eskubide indibidualak abolitu, ekonomia zentralizatu eta hori guztia justifikatzen zituen propaganda, izu politika eta marko juridikoa antolatu arte.

Totalitarismoaren Helburua

Totalitarismoaren helburua boterea mantentzea da eta horretarako, lege natural edo historikoaren aitzakiapean, gizabanakoa suntsitzen joango diren legeak aprobatuko dituzte (kasu askotan, aitzakia berarekin gobernuak legeak ez betetzea edota legeak ez argitaratzea justifikatuko bada ere). Suntsipen hori hainbat esparrutan gertatuko da:

  • Pertsona juridikoaren heriotza: eskubideak izateko eskubidea ukatu.
  • Pertsona moralaren heriotza: gizartea atomizatua eta bortizkeria onartzen duen gizartea antolatu. Ongia aukeratzea ia ezinezkoa da.
  • Banakotasuna suntsitu: `heriotza-lantegiak`.

Feminitatea

Emakumeari emakume izateagatik legokiokeen ustezko esentzia da. Emakumeen portaera guztiak esentia bereizgarri horren jabetzaren ondorio izango lirateke. Betiereko femenino edo feminitate hori ideia platoniko moduko bat da, zeinetan emakumeek parte hartuko luketen: emakumea, emakumearena, hain zuzen. Historian zehar, emakumea gizonaren mendean geratu da, alteritatea eta objektu gisa, inoiz ez subjektua. Beauvoirrek uko egiten dio halako kategoriari gizakiok esentzia izatea onartzen ez duelako: existentzia hutsa gara, eta esentzialisten arabera emakume jaiotzetik eratortzen diren ezaugarri femeninoak gure gizarteetan emakumeei ezartzen zaizkien hezkuntza eta ohitureei egozten dizkie.

Natura

Bi izaera designatzen dituzte: a) gauzena eta animaliena; b) gizaki izateagatik kultura sortzen dugunona: nagusiki kultura gara, ez natura. Beauvoirrek baztertu egiten du naturan oinarritutako gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunari buruzko azalpena. Emakume jaiotzetik eratortzen diren ezaugarri femeninoak gure gizarte patriarkaletan emakumeei ezartzen zaizkien hezkuntza eta ohitureei egozten dizkie.

Eichmannen Kasua eta Introspekzioa

Pentsalariak Eichmannen defentsak erabilitako bi argudiori erreparatuko die:

Lehen Argudioa

Eichmannek estatu arrazoiak aginduta jokatu zuen. Horren arabera, norbanakoaren etika eta estatuaren etika ez daude maila berean eta, hortaz, estatuek salbuespen moduan hainbat erabaki har ditzakete norbanako bezala hartuko ez lituzketenak. Arendten ustez, baina, estatu totalitarioak salbuespen horiek eguneroko bilakatzen ditu.

Bigarren Argudioa

Eichmannek aginduak jarraituz jokatu zuen. Nolabait, Kanten inperatiboaren interpretazio interesatu baten bitartez, ardura guztia Hitlerri leporatu nahi izan zitzaion. Historian zehar adibide ugari daude non aginduak betetzen ez diren, legearen aurka doazelako; baina, Eichmannen kasuan, aginduak estatu totalitarioaren barruan zeuden. Hausnarketarik gabe ekiteko erosotasuna eman zion estatu totalitarioak.

Hausnarketa gabezi hori da, hain zuzen, Eichmann errudun bilakatzen duena. Horri garrantzirik ez ematea eta gaizkia hutsalkeria bilakatzea da bere krimen handiena. Izan ere, introspekzio ariketarik egiten ez badugu, zenbait egoeratan ez dugu gure ekintzen erantzukizuna ikusten, ekintza eta ondorioen arteko distantzia luzeegia delako.

Introspekzioa

Baina zer da introspekzioa? Introspekzioa nork bere buruarekin eduki dezakeen jarduna da. Arendten ustez, gizakiak ez du berezko naturarik. Bere maisuak diren Heidegger eta Jaspersek bezala, uste du gizakiak introspekzioaren bidez bizitza aktiboa sor dezakeela hiru mailatan: lehenengoan bizitza biologikoaz arduratuko da; bigarrenean, profesionalaz eta azkenik, pentsamendutik abiatuta burutzen dituen ekintzez. Lehenengo biak ezagutzaren barruan sailkatzen dira eta, gizatiarrak badira ere, are gizatiarragoa da azkena, pertsonaren beraren askatasuna eta existentzia zehazten dituelako, ekintza politikoa edo ideologia, alegia.

Deskargatu

PDF Word HTML