San Agustinen Filosofia: Askatasuna, Gaitza eta Historia
Askatasuna eta Gaitzaren Arazoa San Agustinen Filosofian
San Agustinentzat, giza askatasuna ez da ongiaren eta gaizkiaren artean erabakitzeko eskubidea izatea; hori horrela izango balitz, gizakiak beti ongia erabakiko luke, eta, ondorioz, ez luke ez Jainkoa ezta Eliza ere beharko ongia egiteko. Hori dela eta, bi askatasun mota daudela dio Agustinek: libertas eta liberum arbitrium. Lehenengoa bekatu originalaren aurrekoa da, eta ongia egiteko joera naturala du. Bigarrena, aldiz, jatorrizko bekatuaren ondorengoa da, eta pekatura jotzeko joera nabarmenki handitu zuen.
Bibliako lehen liburuak, Genesiak, Jainkoak gizakia bera maitatzeko sortu zuela eta betiko zorionerako eta onerako sortu zuela dio. Honetan Adan eta Evaren historia sartzen da; hauek inoiz sorturiko lehen gizakiak izan ziren, eta Jainkoak paradisuan jarri zituen zuhaitzetik fruiturik ez hartzeko aginduarekin. Hala ere, hauek desobeditu egin zuten deabruari kasu eginez, eta, zigortzeko, paradisutik bota eta sufritzera kondenatu zituen. Desobedientzia horri jatorrizko bekatua deritzo, eta horrek gizateria guztia zikindu egiten du. Jatorrizko bekatuak libertas-a galduarazi zuen, eta haren ordez, liberum arbitrium-a agertu zen. Horrela, gizakiak bekatua egiteko joera nagusitu zuen, eta ongia egiteko Jainkoaren laguntza ezinbesteko bihurtu zen.
Agustinentzat, gizakiaren borondatea libre da gaizkia egiteko, baina ez ongia egiteko, Jainkoaren graziarik gabe. Horrela, Agustinek bi ondorio argi ateratzen ditu: lehenik, gaizkiaren ardura gizakiarena dela, eta, bigarrenik, gizakiak ongia egiteko derrigorrezko baldintza Jainkoaren laguntza izatea dela.
Hiru Gaitz Motak Agustinen Filosofian
Agustinen filosofian hiru gaitz mota bereizten dira:
- Gaitz fisikoa: Hondamendi naturalak, istripuak, gaixotasunak eta abar dira. Gaitz fisikoak ongiaren bat lortzeko zeharbideak dira. "Gaitzak ongiaren bat lortzeko zeharbideak dira". Honi ongiaren gabezia deritzo.
- Gaitz ontologikoa: Agustinen ustez, izaki kontingentea ez da gaitz bat, inperfektua bada ere. Honi ongi erlatiboa deritzo.
- Gaitz morala: Hauek bekatuak dira, nahita egindako gaiztakeriak eta aukera ez egokiak. Gaitz hau ez da Jainkoaren erruz gertatzen, baizik eta gizakiaren erruz. Honi askatasunaren erabilera txarra deritzo.
Historiaren Filosofia: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Greziarrek denbora ziklikoa zela uste zuten, hau da, gertakariak errepikatzen zirela ziklo amaigabeetan. Agustinek, aldiz, denbora lineala dela defendatu zuen, historia helburu zehatz baterantz mugitzen den ibilbide bat dela esanez.
Bere pentsamenduaren oinarri teologikoan, Agustinek gogoeta sakon baten ondoren bi hiri bereizi zituen: Jainkoaren hiria eta lurreko hiria. Bi hiri hauek guztiz kontrajarriak dira, beren ezaugarrietan eta helburuetan. Jainkoaren hiriaren ezaugarriak dira ona, Jainkoa eta argia, eta lurreko hiriarenak, berriz, gaitza, mundua eta iluntasuna.
Agustinek dio bi hiri hauen artean etengabeko borroka dagoela, bi errealitate kontrajarri eta bateraezinak direlako. Zeruko hiritarrek Jainkoa guztiaren gainetik jartzen dute, eta haien bizitzako helburua Jainkoarekiko maitasun infinitua adieraztea da, baita norbere burua mespretxatzeraino ere. Lurreko hiritarrak, ordea, Jainkoa mespretxatzen dutenak dira, norbere burua Jainkoa baino gehiago maite dutenak.
Bi mundu hauen arteko borroka azken egunetako epaiketaraino irauten du, hau da, historian zehar borrokan ari diren bi hiri hauek azkenik bereizi egingo dira. Momentu horretan, erabakiak zerura joaten dira, eta erabaki gabekoak, infernura.
Agustinen ustez, Jainkoa eta Eliza ez datoz bat; izan ere, posible da Jainkoa maitatzea baina Eliza ez onartzea, hau da, honen printzipioekin bat ez etortzea. Agustinismo politikoan, Estatuaren eta Elizaren arteko harreman berezia azpimarratzen da: Estatua Elizaren menpe dago, eta Elizak beti Estatua gidatzen du. Hala ere, Estatuak Elizaren printzipioak onartu eta bere jardunean txertatzen ditu. Horrek erakusten du Eliza beti dela nagusi munduko botereen gainetik.
Platonen Eragina Agustinen Filosofian
Platonen eragina oso nabarmena izan zen Agustinen filosofian; esan daiteke Agustinek Platonen filosofia kristautu egin zuela. Lau arlotan ikus daiteke eragin hori:
- Dualismo antropologikoan: Biek bereizten dituzte gauza sentikor eta aldakorren mundua eta egia aldaezinen mundua. Platonek mundu ulergarria eta mundu sentigarria banatzen zituen, gauza material eta aldakorren mundua eta ideia aldaezin eta absolutuen mundua. Agustinek izaki sentigarriak kontingente deitzen ditu, eta tradizio kristauak, berriz, kreazio deitzen die. Platonen ideiak, ideia eredugarri bihurtzen dira Agustinen eskutik. Honentzat, ordea, ideiak Jainkoaren adimenean daude, ez beste mundu batean.
- Ezagutza teorian: Bi filosofoek ezagutza sentikorra (faltsua) eta benetako ezagutza (ulergarria eta arrazionala) bereizten dituzte. Gainera, biek erabiltzen dute argiaren metafora jakituriaren sinbolo gisa: Agustinentzat, argi jainkotiarra, ezagutzara eramaten zaituena, eta Platonentzat, mundu ulergarria argiztatzen duen eguzkia.
- Ontologian: Agustinek Platonen ongia Jainko bihurtzen du. Bi autoreen arteko desberdintasun nabarmena da Platonen arabera gizakia bere indarrez hel daitekeela ezagutzara; Agustinentzat, aldiz, Jainkoaren argitasuna beharrezkoa da ezagutza eskuratzeko. Baina komunean dutena zera da: ezagutzaren bidea barnera begiratzen hastea dela. Platonen arabera, ideiak barnean ditugu, eta ezagutzeko, birgogoratu egin behar ditugu, jaiotzean ahaztu egiten ditugulako. Agustinek, aldiz, barneratzea proposatzen du egia ezagutzeko, Jainkoak aurretik argitasunarekin eman digulako.
- Antropologian: Ongia eta Jainkoaren arteko paralelismoa handia da; funtzioak berdinak dira. Ongiak, goreneko ideiak, funtzio ontologikoa eta epistemologikoa betetzen ditu. Agustinen filosofian, Jainkoak betetzen ditu bi funtzio horiek. Gizakiari buruzko ikuskera agustindarrak dualismo platonikoaren eragina du: gizakia arimaz eta gorputz batez osaturik dago, baina arimak nagusitasuna du, eta gizakiari bere benetako identitatea ematen dio. Gorputza materiala, hilkorra, ustelgarria eta lurtarra da; arima, ordea, hilezkorra, espirituala eta arrazionala da bi autoreentzat.