San Agustin: Zoriontasuna, Ezagutza eta Historiaren Filosofia
Zoriontasuna eta Jainkoa San Agustinen
Zorionaren bila aritzea barne prozesu gatazkatsua bilakatu zen Agustinentzat. Gaztaroan, bere bizitzan bertan aurkitu zuen zoriona: zoriona gauza zehatzak dira, plazera. «Maitatzea eta maitatua izatea zen niretzat gauzarik gozoena, batez ere maitalearen gorputzaz gozatzerik izanez gero».
Manikeismora hurbildu zen garaian bi kezka nagusi sortu zitzaizkion: Jainkoa eta gaizkia, hain zuzen ere.
Baina, manikeismoarekin izan zuen esperientzia hori ez zen ona izan: «Egia! Egia! esaten zuten. Askotan esaten zidaten, baina ez nuen inoiz haiengan topatu». Bestalde, errealitatearen interpretazioan materiazkoa baino ez zuten onartzen: «Gorputz masa zena baino ez nuen ulertzen».
Aristoteles irakurri zuenean, Agustinek zalantzan jarri zituen sinesmen manikeoak. Arrazoiaren aukerak nahasi egin zuen, eta Akademia Berriaren eszeptizismoaren doktrinari atxiki zitzaion: «Akademikoak deitzen diren filosofoak izan ziren zuhurrenak; izan ere, printzipio hau zuten: gauza guztiak zalantzan jarri behar dira, eta ez dago gizakiak uler dezakeen egiarik».
Manikeismoa eta eszeptizismoa Anbrosiorekin Milanen topo egin zuenean eta, ondoren, kristautu zenean gainditu zituen, baina baita testu neoplatonikoen irakurketaren bidez ere. Platonismoaren eragina —Plotinoren bidez— erabakigarria izan zen San Agustinen barne prozesu horretan, eta beti onartu zuen Platonek egia ulertzen lagundu ziola: mundu adigarri platonikoa egia iraunkorraren mundua zela ohartu zen Agustin, eta horrela gainditu zuen materialismo manikeoa; gaizkia ongiaren gabezia dela ulertarazi zion, eta ez gaizkiaren printzipio batek sortutakoa, manikeoek uste zuten bezala; gizakien barne mundua aurkitu zuen.
Kristau bihurtzeak, kristauen artean, «zeure buruarengana itzultzea» esan nahi du, Jainkoa gizakiaren barnean baino ez dugu aurkituko. Ez bilatu kanpoan, itzuli zeure barnera. Barneko gizakian bizi da egia. Eta, zeure izaera aldakorra bada, bila ezazu zeure buruaz ere.
Benetako zoriontasuna: egia osoaz jabetzean datza, baina egia partikular guztiak traszenditzen dituen egia izan behar du, bestela ez litzateke propio egia bat izango. Agustinek bilatzen duen Egia, egia posible guztien neurria (Absolutua) da. Goi Neurri hori Jainkoa baino ezin daiteke izan, Jainko hori ezagutzeak eta edukitzeak zoriontasuna eskaintzen dio gizakiari. Jakintsuaz gainera, inor ez da zoriontsua, zeren inor ez baita zoriontsua egia ez badu irrikatzen. Egia aurkitu ez duena ezin da zoriontsu izan.
Ezagutza San Agustinen Pentsamenduan
Barnetasuna, Egia eta Oroimena
Aitorkizunak lanaren X. Liburuan, Agustinek dio oroimenean, barnetasunaren zati horretan —eta gizakiaren baitan berarengan— dagoela egia, eta egia hori Jainkoa bera dela.
Ezagutza eta Zoriontasuna
Agustinek aztertu zuen nola bilatzen duen gizakiak zoriona, bere oroimenean duen zorionaren beraren ideia ilun batean oinarrituta. Irrika hori gizakiaren barnean dagoen jainkotasuna —adieraztezina— besterik ez da. Agustinen ustez, Jainkoa bera da zoriona; baina Agustinek aurkitzen duen Jainkoa ez da platonikoa. «Izateaz harago» dagoen Jainko neoplatonikoaren aurka, Agustinek Jainko kristaua ekarri zuen berriro; eta, gainera, haren hitzetan, Jainko hori «nire gauzarik barne-barnekoena baino barnekoagoa» da.
Ezagutza Dualista eta Antropologia
Agustinek platonismotik antropologia dualista jaso zuen, Altzibiades elkarrizketa platonikoaren bidez: «Gizakia gorputz batez baliatzen den arima da». Haren ustez, arima maila handiagoko izatea da eta berea den zerbait ematen dio gorputzari, horrek ezagutza lortu ahal izan dezan.
Gorputza
Gorputza materiazko printzipio ustelkorra da.
Arima
Arima elementu materiagabea eta ustelezina da. Ariman banaketa hau egiten zuen:
- Behe mailako arrazoia: aldakorra dena eta zentzumenek hauteman dezaketena ezagutzea du xede.
- Goi mailako arrazoia: jakinduria, ulergarria dena, ideiak eta Jainkoa ezagutzea ditu xede.
Zentzumenen bidez hautematen dugunean, ez dugu ezagutza lortzen. Sentipenak aldakorrak dira, kontingenteak. Arimak bere baitatik ateratzen ditu objektuen irudikapenak, objektu horiek zentzumenetan eragiten dituzten aldaketei dagozkienak; jarduera horretan, zentzumenen munduari nolabait lotuta geratzen da arima.
Argialdiaren Doktrina
Arimak ezagut ditzake egia aldaezinak diren objektuak, eta hortaz, ezinbestekoak eta betierekoak direnak —esaterako, objektu matematikoak edo axiomak—; orduan lortzen da zentzu hertsian ezagutza deitzen duguna. Ezagutza ez dator sentipenetatik, horiek gerta litekeena besterik ez baitute ezagutzen; baina arimatik ere ez dator, ez baita betierekoa, aldaezina edo ezinbestekoa. Izan ere, betierekoa, aldaezina eta ezinbestekoa denari buruzkoa da egiazko ezagutza; alegia, benetan badenari buruzkoa. Egia horiek ideia platonikoekin bat egiten dute, eta Agustinen ustez, Jainkoaren gogoan baino ez daude. Nola ezagut ditzake gizakiak? Jainkoak esku hartu eta gizakiaren adimena argitzen duenean.
Arrazoia eta Fedea
Agustinen ustez, «egia bat bera da guztiontzat. Egia ez da nirea, zurea, ezta honena edo harena ere; bat bera da guztiontzat». Ez daude bi egia, filosofikoa eta erlijiosoa: filosofiaren eta erlijioaren bidez bila dezake gizakiak egia.
«Bi bide daude ezagutzara iristeko: aginpidea eta arrazoia.» Filosofiak eta erlijioak lortu behar duten egia Jainkoaren egia da: «Bizitza zoriontsua egiaz gozatzea da, zutaz gozatzea da, Jainkoa, zu baitzara egia».
Zer eginkizun dute arrazoiak eta fedeak Jainkoaren bilaketa prozesu horretan? Intellige ut credas, crede ut intelligas: ulertu sinesteko, sinetsi ulertzeko. Esaldi programatiko horrekin eginkizun zehatz bat ematen zaie arrazoiari eta fedeari. Bestalde, arrazoiak eta fedeak harremana dute; hala ere, ez da aurkaritzarik edo liskarrik sortzen, elkarren beharra baitute.
Arrazoiak nahitaez fedearen onarpenaren aurretik joan behar du, baina fedea zentzugabea ez dela argitzeko, ez besterik. Horren ondoren, fedea ahal den heinean ulertarazten saiatuko da arrazoia.
Baina, Agustinen iritziz, hasieran, egiaren bilaketan fedea dago, eta hori, historian zehar, agerkundean oinarritu izan da. Agerkundeak bere indar argitzailea ematen dio ezagutzaren ahalmenari. Arrazoia ez da nahikoa jakinduria lortzeko; ez da egiaz jabetzeko gauza.
Ezagutza Motak San Agustinen Arabera
Ezagutza Sentikorra
Objektuen sumaketa da. Objektuek gure zentzumenetan aldakuntzak sorrarazten dituzte, baina aldaketa horiek ez dira ariman gertatzen. Arima jabetu egiten da gorputzak jasan duen eraldaketaz, eta beragatik, gauzak, objektu fisikoak ezagutzen ditu.
Kanpoko munduko zerbaitek zentzumenak ukitzen dituenean, ekintza hori jasaten dute, baina arimari, bere zuhurtasunari esker, ez zaio gorputzaren aldaketa hori oharkabean pasatzen. Sentipen batzuek gorputzaren egoeraren berri ematen digute; beste batzuek, aldiz, gure inguruko objektuen berri. Sentipenetatik datozkigun objektuak agertu eta desagertu egiten zaizkigu; bata bestearen ondoren jarriz, elkar ezabatu egiten dira, ezin ditugu ongi eskuratu egiazko izaterik ez dutelako. Beraz, benetako egia lortezina da ezagutza sentikorraren bitartez; benetako egia arimak bere baitan aurkituko dituen objektu aldaezinen ezagutzan datza.
Arrazoizko Ezagutza
Ezagutza mota hau zentzumenezko ezagutza baino askoz garrantzitsuagoa da. Arrazoizko ezagutzaren barruan, bi maila bereizi zituen Agustinek:
- Zientzia-ezagutza. Behe-mailako ezagutza mota honek kanpoko errealitateari buruzko ezagutza ematen du. Sentipenen datuetatik abiatzen da arrazoimena, eta sentipen-datu horien bitartez, ezagutzen dituen objektu horiei buruzko judizioak egiten ditu, betiereko ereduekin alderatuz, hau da, jainkozko argitzapenetik datozkion ideiekin. Ezagutza-maila hau gizaki orori dagokiona da, eta gizakia beste izaki guztietatik bereizten du.
- Jakinduria-ezagutza. Arrazoizko goi-ezagutza mota honek betiereko egiak ezagutzera garamatza.
Betiereko egiak edo mundu fisikoko gauzen ideia eredugarriak Jainkoak gizakiaren baitan jarri ditu, eta ideia horiek diren bezala ezagutzeari edo ikusteari kontenplazioa ere deitzen zaio.
Argitzapena: Platonen ustez, mundu sentigarrian eguzkiak objektuak ikusgai bihurtzen dituen modu berean, egia aldagaitzak ezagut daitezke Ongiak argiztatzen dituelako, Ongia ikusgarritasun- eta ikusmen-printzipioa baita. Hiponako filosofoak, aldiz, egia aldagaitz horiek Jainkoak argitzen dituela dio.
Giza adimena argitzen duen argia Jainkoagandik dator. Eguzkiaren argiak gauza sentigarriak ikusgai bihurtzen dituen bezala, jainkozko argitzapenak ikusgai bihurtzen dizkio betiereko egiak (ideiak) adimenari. Giza adimena aldakorra da, eta egia aldagaitzak, gure adimena baino kategoria maila handiagoa dutenak, ezin ditu gizakiak bere ezagumen hutsez atzeman.
Jainkozko argitzapena behar dugu, beraz, gure adimena transzenditzen, gainditzen duena sumatzeko, ez baitago sorkaririk, intelektualena izan arren, bere kabuz argi daitekeenik. Betiereko egia aldagaitzak eta beharrezkoak ezin ditugu aldakorra, denborazkoa eta kontingentea den esperientziaren bitartez ezagutu; eta aldi berean, aldakorra, denborazkoa eta kontingentea den gure adimenak ezin ditu atzeman. Beraz, jainkozko argitzapenari esker soilik ezagut ditzake gizakiak Betiereko egiak.
Jainkozko argitzapen hori naturala eta arrunta da mundu sentikorraz ari garenean, baina naturala eta berezia betiereko egiaz ari garenean. Jainkoa da egia irakasten digun barne Maisua eta gu argitzen gaituen Argia. Ez dira nahikoa ezagumena eta ezagugaia; horiez gainera, argia behar da. San Agustinek, bada, Jainkoaren aztarna aurkitzen du gizakiaren barnean.
Barnerapena
Egia, hortaz, gizakiaren alderik sakonenean dago, haren kontzientzian.
Egia aurkitzen duen pentsamenduak bere buruaren nabaritasunetik hasi behar du; autokontzientzian zalantza gaineko, ukaezinezko abiapuntua aurkitzen baita. Gizakiak bere barnean hauxe aurkitzen du:
Alde batetik, bere buruaren izaera aldakorra eta ezegonkorra; gizakiaren ezagutza sentikorrak objektu ezegonkorrak eskaintzen ditu. Hala ere, ezagutzaren berezko joerak benetako objektu egonkor eta iraunkorrak bilatzen ditu.
Zentzumenek ez badigute egonkortasun hori eskaintzen, espirituaren barnean bilatu behar da.
Egia
Bestetik, gizakiak bere barnean egia aldagaitzak aurkitzen ditu: matematikako egietatik egia zalantzagabeko eta unibertsaletaraino. Egia horiek giza naturaren aldakortasuna gainezkatzen dute; beraz, haien oinarria ezin da aldakorra den giza izaera edo natura izan; jainkozko adimenean izan behar dute oinarria, ideiak, ereduak bezala, Jainkoagan daudelako. Eta gizakiak ezin ditu haiek ezagutu kanpoko laguntzarik gabe, izaki kontingentea delako, eta egiak, ordea, absolutuak. Orduan, Jainkoak gizakia argitzen du egia aldagaitzak, egia eredugarriak, absolutuak ezagutzeko. Egia horiek gizakiak bere barnean, bere kontzientzian, aurkitzen ditu, Jainkoak berak jarri dituelako gizakiaren barnean.
Historiaren Filosofia: Lurreko Hiria eta Jainkoaren Hiria
Inguru Historikoa
Mendebaldeko kulturan, historiaren filosofia Agustinekin hasten da, grekoen ikuspegi ziklikoari aurka eginez. Agustin Hiponakoak historia linealaren kontzeptua sortu zuen, historia beste modu batean ulertzeko. Historiaren interpretazio honetan, gertaera bakoitzak bere arrazoia du prozesu historikoan. Gertaera historiko bakoitzaren arrazoia historiaren helburuaren arabera ulertu behar da. Agustinek Jainkoaren hiria idazlanean azaltzen du historiaren filosofia; obra hau Erromaren gainbeheraren zergatiak argitzeko asmoarekin idatzi zuen. Alarikoren gudarosteak Erroman sartu ziren 410. urtean, eta hiria suntsitu eta Inperioa hautsi zuten. Gertaera horrek krisi handia piztu zuen Mendebaldean, eta gizaki ikasiak hunkitu zituen.
Erromaren Gainbehera eta Kristauen Erantzuna
Harrapakeriak larrimina areagotu zuen, eta ondoren, jakina, gogoeta egin zen gertatutakoaz. Jentilek (erromatar paganoek) kristauei leporatu zieten jazotakoaren erantzukizuna (Erromatar Inperioaren erorketa). Kristauek aldarrikatutako biolentziarik ezaren praktikaren erruz, Erroma soldadu gabe gelditu zen, eta bere burua babesteko gai ez zenez, barbaroek suntsitu egin zutela aurpegiratu zieten. Beraz, kristauen Jainkoa gertatutakoaren erantzulea zen, eta ez jentilen jainkoak, haiei esker Erromak aurrerabidea, ospea eta entzutea besterik ez baitzuen ezagutu.
Jainkoaren Hiria Obra
Hiponako pentsalariak Jainkoaren hiria idazlana jentilen erasoei aurre egiteko idatzi zuen; hots, Eliza kristaua babesteko, erromatar askok Inperioaren gainbehera leporatzen ziotelako Elizari. Beraz, Jainkoaren hirian ez dugu historiaren filosofia bakarrik ikusi behar, ezta historiaren teologia soilik ere. Zehatz esateko, historiaren eklesiologia bat da. Historia honetan, Erromatar Inperioaren gainbehera borroka epiko horren une bat izan zen. Inperioaren amaierak ez zuen munduaren amaiera adierazten, azken horretarantz zihoan etapa baten amaiera baizik. Existitu eta desagertu den inperio bat gehiago besterik ez zen izan. Hondamendiaren kausa ez zen izan erromatar asko kristau bihurtzea, erromatar guztiak kristau ez izatea baizik, Erroma paganoaren luxu- eta plazer-grinak Inperioa ahuldu baitzuen. Erromari geratzen zitzaion itxaropen bakarra kristautasuna zen. Agustin izan zen historia unibertsalaren zentzua sistematikoki aztertzen arduratu zen lehen pentsalaria. Historia-ekintza hutsetan gelditu gabe, ekintzak ulertzen eta haiei zentzua aurkitzen saiatu zen.
Bi Hirien Arteko Borroka
Jainkoaren hiria idazlanean, Erdi Aroko ideietan eragin handia izan zuen historiaren filosofia bikaina lantzen da, bereziki, kristaua. Jentilen aurrean, kristauen apologia gisa aurkezten da. Probidentzia, aukerarena, betierekotasuna, eta, batez ere, Jainkoaren ikertezinezko borondatearen ideiez baliatuz, mina eta gaitzaren zentzua azaltzen ditu historiaren baitan. Agustinen historia unibertsalaren filosofia honetan, gizadiaren kronika bi hiriren arteko borroka gisa agertzen da: onaren eta gaitzaren, Jainkoaren eta munduaren, argiaren eta ilunpeen hirien artekoa, alegia.
Bi Hirien Banaketa
Munduko gizakiak bi taldetan banatzen ditu Agustinek. Alde batetik, Jainkoa mespretxatuz, beren burua Jainkoa baino maiteago dutenak; bestetik, Jainkoa gauza guztien gainetik, norbere buruaren mespretxuraino maite dutenak. Lehenengoak lurreko hiritarrak dira; norbera goratzeko balioak onartuz, Jainkoa ukatzen diotenak. Bigarrenak, zeruko, Jainkoaren hiritarrak dira; nork bere autonomiari uko eginez Jainkoa aukeratzen dutenak. Azken hauek munduko balioak Jainkoarengana heltzeko bitarteko bezala erabiltzen dituzte, eta lehenengoek, berriz, munduko errealitateak helburu bihurtzen dituzte.
Denbora eta Gatazka
Bi hirien arteko borrokak denboraren amaiera arte iraungo du, Jainkoaren hiriaren behin betiko garaipena iritsi arte. Historia, bada, bi maitasunen arteko gatazka da: Jainkoarenganako maitasuna eta norberarenganakoa. Misterio handi bat da azken batean: Jainkoak gizakiari dion maitasuna besterik ez da, eta bekatuak desordenaturiko kreazioa berriztatzen du.
Interpretazioa eta Errealitatea
Zalantzarik gabe, zeruko hiriko kide bat hiri lurtarraren printzipioen arabera bizi daiteke, eta alderantziz. Adibidez, bataiatutako pertsona bat kristaua da, Elizaren kide da, baina bere bizitza, bere portaera zuzentzen duen printzipioa bere patua beste gauza guztien gainetik maitatzea bada, moralki, hiri lurtarreko kide da; edo jentil, sinesgabe batek justizia eta zuzentasuna hartzen baditu bizitzako jokabide-printzipiotzat, moralki, Jainkoaren hiriko kide da. Ez da zuzena lurreko hiria Estatuaren berdintzat jotzea, ezta hiri zerutarra Elizaren berdintzat hartzea ere. Dena dela, historikoki, zenbait unetan horrelako interpretazioak egin direla esan beharra dago, zeruko hiriari eta hiri lurtarrari buruzko ideiak antolamendu erreal batekin bateraezinak diren gogoeta moral eta espiritualak izan arren. Nolanahi ere, Estatua eta Eliza bi aukeren ordezkaritzat hartu ohi dira, bizitzan jokatzeko bi era gisa, bizitzeko bi modu, haragiaren eta espirituaren arabera.
Ondorioak eta Interpretazioa
Bukatzeko, bada, historiaren gaineko agustindar doktrina interpretazio politikoa edo teologikoa den auzia hainbatek plazaratu duen arren, kontuan hartu behar da San Agustinen iritziz, fedea eta arrazoia, politika eta erlijioa hertsiki lotuta daudela, eta, ondorioz, eztabaidaezinezko auzia dela.