San Agustin: Bi Hiriak, Historia eta Fedearen Garrantzia
San Agustin eta Lurreko eta Zeruko Hiriak
San Agustin neoplatonismoaren aitatzat dugun pentsalaria da, Platonen ideiak bere garaira egokitu zituelako. Filosofiaren historiari buruz gogoeta egin zuen, abiapuntutzat Erromatar Inperioaren erorketa hartuta, Alarikok 410. urtean Erroma arpilatu zuenean. Jentilek kristauei errua bota zieten arren, pentsalariak kristauak defendatu zituen.
Historiaren Kontzepzio Lineala
Grekoek historia ziklikoa zela uste zuten. San Agustinek, berriz, lineala zela defendatu zuen, hau da, hasiera, garapen eta amaiera bat zuela. Horrez gain, historia Jainkoak martxan jarri zuela zioen, kreazioaren testuan oinarriturik. Jainkoa historian zehar gizakiarekin harremanetan dagoela zeritzon, amaierara arte, hark epaituko gaituelako, salbazio edo kondenazioaren artean aukeratuz.
Bi Hirien Bereizketa
San Agustinek historian bi hiri bereizi zituen, bi maitasun motatan oinarrituta:
- Zeruko Hiria: Jainkoa maitatzea norbera mespretxatzera heldu arte.
- Lurreko Hiria: Norbera maitatzea Jainkoa mespretxatzera heldu arte.
Bi maitasunen arteko gatazka gertatzen da bakoitzaren historia pertsonalean, hirien artean norberaren lekua aukeratzeko. Honen inguruan, San Agustinek zioen azken eguneko epaiketan Jainkoaren hiriaren garaipena gertatuko zela.
Oharra: Aipatzekoa da Zeruko Hiria Elizarekin eta Lurreko Hiria Estatuarekin lotzeko joera dugula, baina San Agustinen arabera hori ez da zuzena.
Fedea eta Arrazoimena: Ezagutzaren Iturriak
San Agustin, Jainkoa ardatz zuen pentsalaria izanik, ez da filosofoa zentzu hertsian, arrazoian soilik ez zelako oinarritzen; fedea ere ezagutza iturritzat onartzen baitzuen.
Fedearen eta Arrazoimenaren Elkarlana
San Agustinen iritziz, fedean Jainkoaren errebelazioa onartzen da, eta kristaua hori arrazionalizatzen saiatzen da. Horregatik, bere ustetan, fedeak ez du arrazoia baztertu behar, ezta arrazoiak fedea ere. Harreman hori hurrengo esaldiaren bitartez azaldu zuen:
"Credo ut intelligam, intelligo ut credam"
Hau da: Sinisten dut ulertzeko, ulertzen dut sinisteko.
Ezagutza Kristauaren Prozesua eta Mugak
San Agustinek epistemologia kristaua lortzeko fedearen eta arrazoimenaren elkarlanaren beharra azpimarratu zuen. Prozesua bi fasetan gertatzen da:
- Arrazoiak fedea lortzera eramaten gaitu (perfekzioa).
- Fedeak arrazoiari argia eman eta arrazoimenak fedearen edukiak argitzen ditu (dogma).
Hala ere, badira bizitzan egia diren kontzeptu batzuk arrazoiaren bitartez azaldu ezin direnak (adibidez, maitasuna), oso zaila baita kontzeptu guztiak bi moduetan azaltzea.
Gaur egun, arrazoiaren autonomia eta mugapena onartzen ditugunez, San Agustinen azalpena ez zaigu guztiz asebetegarria iruditzen.