Primo de Riveraren Diktadura eta Bigarren Errepublika Espainian

Historia31,14 KB

Primo de Riveraren diktadura

1. Interbentzio militarra (1923)

Gobernu liberalen aurkako konspirazioak

1923ko udaberrian, bi mugimendu desberdin hasi ziren konspiratzen, gobernu liberala kentzea ezinbestekoa zela uste baitzuten:

  • Lehena, desagertutako Bartzelonako Defentsa Batzordeekin lotuta zegoen. Helburua, indar-kolpe baten bidez, Gorteak desegitea eta oligarkiari eginkizun politikoa kentzea zen, erdiko klaseei emateko.
  • Bigarrena, Madrilekin lotuta zegoen. Gobernu sendo bat ezarri nahi zuten, armadaren arazo orokorrak eta ordena publikokoak konpontzeko prest zegoena, eta Konstituzioa eta monarkia mantenduko zituena.

Primo de Riveraren izendapena

Miguel Primo de Rivera bigarren talde horrekin harremanetan jarri zen, Madrilera joan zenean, gobernuak deituta.

  • Eskuratutako agintea: Botere osoa eskatu zuen Bartzelonan terrorismoaren aurka borrokatzeko.
  • Ondorengo rola: Bi taldeen arteko lokailu izan zen, aginte osoa lortu ez zuenez. Aurrerago, altxamenduaren buruzagi bihurtu zen.

2. Estatu-kolpearen faktoreak

Estatu-kolpea

  • Noiz: Bartzelonan, 1923ko irailaren 13an.
  • Nola: Egun batetik bestera eta odol tantarik isuri gabe.
  • Gobernuaren eta erregearen jarrera: Gobernuak zalantzak izan zituen; erreakzionatzeko gai ez zela ikusita, erregearengana jo zuen. Alfontso XIII.ak, hasierako uneak igarotakoan, matxinatutako jeneralaren alde egin zuen.
  • Ondorioa: Espainiak monarkia parlamentario izateari utzi eta erregimen autoritario bihurtu zen. Cánovasen erregimena desagertu egin zen.
  • Helburua: Ez zuen behin betiko erregimenik ezarri nahi; bere helburua sendotze-parentesi iragankor bat ezartzea zen.

3. Gizartearen babesa

Gizartearen erantzuna

  • Masa neutroak: Pozik onartu zuten, ordena berrezartzea baino ez zutelako nahi.
  • Alderdiak: Estatu-kolpeak zalantzak eta susmo txarrak eragin zituen alderdi politikoen artean.

Bi indarren laguntza

  • Burgesia: Argi eta garbi jarri zen diktaduraren alde, eta jarraibidea Kataluniako burgesiak ezarri zuen. Langile-klasea eta antzinako alderdietako politikak geldiarazi nahi zituen; horietako gehienak Espainia atzeratuaren eta lur-jabeen aldekoak baitziren.
  • Langile-mugimendua: Diktadura ezarri ahal izan zen kontzientzia politiko irmorik ez zegoelako eta protestarik izan ez zelako.

Langile-mugimenduaren jarrerak

  • Anarkosindikalistak eta komunistak: Biziraupena defendatzeko prestatu ziren.
  • Sozialistak eta UGT: Itxarote-jarrera batetik onarpenera eta lankidetzara igaro ziren, Primo de Riveraren ia zazpi urteko gobernuan.

4. Direktorio Militarra (1923-1925)

Etapa honetako politika

1923tik 1925era, "aurrekoari amaiera emateko" politika erabili zuen.

Irailaren 15eko Errege Dekretua

Direktorio bat antolatu behar zela zioen. Bertako presidentea Primo de Rivera zen, eta honek gobernuaren ahalmen, ekimen eta ardura guztiak zituen.

  • Praktikan: Ministro bakarra zegoen, Primo de Rivera, direktorio batek aholkatuta, eta erregeak dekretuak sinatu baino ez zituen egiten.
  • Administrazioa: Administrazio osoaren funtzionamendua armadaren esku geratu zen.

Beste neurri batzuk

  1. Konstituzio-bermeak eten.
  2. Probintzietako gobernadore zibilak kargutik kendu.
  3. Gorteak desegin.
  4. Konstituzioa ezabatu gabe, "etenda" utzi zuten.
  5. Alderdi politikoak suntsitu.
  6. Udaletan eta probintzietako diputazioetan kontu hartzeko dekretua.
  7. Bateraezintasunen dekretua argitaratu zuen; horren bidez, inoiz ministro edo goi-funtzionario izandakoek ezin zuten parterik hartu Estatuarekin kontratua egiten zuten konpainietako administrazio-kontseiluetan.

Udal-erregimenerako egitura berriak

  1. Gobernu-ordezkariak.
  2. Udal Estatutua.

5. Diktadurako erakundeak

Batasun Patriotikoa

Gobernuak udalak kontrolatzeko sortutako alderdia Batasun Patriotikoa izan zen.

  • Izaera: Ez zen alderdi politikoa, hori sarritan azpimarratu zuen diktadurak; baina argi dago erakunde horrek gobernuko alderdi bakarraren antz handia zuela.
  • Partaideak: Asmo oneko espainiar guztiak bildu nahi zituen.

6. Marokoko arazoaren konponbidea

Primo de Riverak arazo garrantzitsu bat konpondu behar izan zuen: Marokoko arazoa. Diktaduraren arrakastarik handiena arazo hori konpontzea izan zen.

  • Hartutako erabakiak: Legioko buruzagiarekin (Franco) eta Sanjurjo jeneralarekin hitz egin ondoren, gatazkarekin amaitzeko baliabide guztiak jartzea erabaki zuen.
  • Emaitza: Armada indartsu eta zaharberritua prestatu zuten, eta Frantziako armadarekin batera, Alhucemaseko badian lehorreratu ziren 1925eko irailean. Estrategia militarren historia osoan itsasoko, aireko eta lurreko indarrak bildu zituen lehen operazioa izan zen. Zenbait urtetako borroka gogorren ostean, Abd el-Krimek Frantziako agintarien esku jarri zuen bere burua.

Ondorioak

  1. Arrakasta horrek herritarrekin adiskidetu zuen, horiek hainbeste gerrarekin nekatuta baitzeuden.
  2. Armadarekin ere adiskidetu zuen, haren ohorea salbatu zuelako.
  3. Marokon inbertitzen zuten enpresaburuekin adiskidetu zen.
  4. Ogasunarekin ere adiskidetu zen.

7. Direktorio Zibila (1925-1930)

Politika arloan

1925ean Direktorio Zibila eratu zen, eta aspaldiko lagunek, politikari berriek eta oligarkia tradizionaleko ordezkari batek osatu zuten. Gobernuak etenda mantendu zuen Konstituzioa, eta legeak dekretu bidez egin zituen.

Ekonomia arloan

  • Joera: Espainiako ekonomia hazi egin zen, Europako ekonomia ere hazi egin zelako.
  • Eredu ekonomikoa: Erregimenak ez zuen eredu ekonomiko edo ekintza-eskema berririk eratu; eskema tradizionalak erabili zituen.
  • Jarduerak: Industrializazioa sustatu, nekazaritza hobetu eta kanpo-merkataritza handitu zuen.
  • Oinarria: Oinarri praktikoa herri-lanen eta zerbitzu publikoen garapen handia izan zen.
  • Harremanak bideratzeko egitura: Alderdi Sozialistaren laguntzarekin, kapitalaren eta lanaren arteko harremanetarako korporazio-egitura bat sortu zuen.
  • Zerga-sistema: Zerga-erreforma garrantzitsu bat egiten saiatu zen, eta horrek errentaren gaineko zerga sortu zuen lehenengoz.

8. Oposizioa eta diktaduraren gainbehera

1. Katalanismoa

Arazo garrantzitsuenetariko bat izan zen.

  • Arrazoiak: Katalanaren jazarpena, gobernuak Kataluniako Abokatuen Elkargoko batzordearen hautapenean esku hartzea, eta esfera eklesiastikoan esku hartzea, liturgian katalana erabiltzearen inguruan.

2. Langile-mugimendua

Ez zuen geldiarazten jakin. PSOE, 1928tik aurrera, benetako erregimen parlamentariorik ez zegoenez, irtenbide bakarra errepublika zela pentsatzen hasi zen. Alderdi Komunistak eta CNTko anarkistek ere gauza bera proposatu zuten.

3. Intelektualak

Hasiera-hasieratik egon ziren erregimenaren aurka, eta erregimenak eraso egin zien.

  • Arrazoiak: Unamuno Salamancako Unibertsitateko errektore kargutik kendu eta gero erbesteratu zutela; Madrileko Ateneoa itxi zutela, errepublikanismorako joera omen zuelako; eta Unibertsitatea Erreformatzeko Proiektuarekin, unibertsitate-balioa zuten tituluak eman zizkietela Deustuko jesuitei eta El Escorialeko agustindarrei.
  • Istiluen ondorioa: Unibertsitateko ikasleek 1928-1929an sortutako istiluak zapaldu eta unibertsitatea itxi egin zuten.

4. Militarren haserrea

  • Arrazoiak: Primo de Rivera Marokoko militarren aldekoa eta penintsulako militarren karrera babesten zuten konbentzionalismoen aurkakoa zela. Gainera, Artilleriako kidego itxiaren aurkako eraso zuzenek familia militarraren barruko harmonia hautsi eta erregimena erortzea eragin zuten.

Primo de Riveraren diktaduraren amaiera

1929ko azken hilabeteetan, protestak ugaritu eta gertakariak azkartu egin ziren. 1930eko urtarrilean, Alfontso XIII.ak Primo de Riveraren dimisioa onartu zuen, eta Dámaso Berenguer militar zaharrari gobernu berria eratzeko agindua eman zion.

Donostiako Ituna eta monarkiaren amaiera

1930eko abuztuan, hainbat indar elkartu ziren:

  • Erregionalistak
  • Konstituzionalistak
  • Errepublikazale historikoak
  • Alderdi Sozialista

Erabakitako ekintzak

  1. Iraultzailea: Jacako 1930eko pronuntziamendu militarra eragin zuena. Pronuntziamenduak huts egin zuen.
  2. Politikoa: Prentsako kanpaina handi baten eta mitinen bitartez, monarkiaren izen ona hondatzea lortu zuena.

1930eko abenduan, buruzagi nagusiek sinatutako manifestu baten zabalkunde masiboa egin zen, eta bertan herritarrei monarkia agintetik kentzeko deia egiten zitzaien.

Gobernuaren helburua eta prozedura

Gobernuaren helburua apurka-apurkako hauteskunde-prozesu bat antolatzea eta Gorte Konstituziogileak eratzea zen. Horretarako, lehenengo udal-hauteskundeak egin behar ziren, diktadurako udalak ordezkatzeko, eta gero Gorteetarako hauteskundeak.

Emaitzak

  • 1931ko apirilaren 12an: Udal-hauteskundeak egin ziren, eta monarkiari buruzko plebiszitu bihurtu ziren. Hautatutako zinegotzi monarkikoak errepublikanoak baino gehiago izan arren, Alfontso XIII.aren etorkizuna erabakita zegoen.
  • 1931ko apirilaren 13an: Hauteskundeetako emaitzak jakin ondoren, milaka pertsona kalera atera ziren errepublikaren alde egiteko.

Bigarren Errepublika

0. Erregimen-aldaketa

  • Nola?: Errepublikanoek hirietan izandako arrakastak monarkia erortzea eragin zuen. Erregimen-aldaketa odola isuri gabe egin zen.
  • Noiz?: 1931ko apirilaren 14an, Madrilen, Bartzelonan eta Espainiako beste hiri batzuetan Errepublika aldarrikatu ondoren.
  • Erregearen jarrera: Udal-hauteskundeak monarkiaren aurkako adierazpen nazionala izan zirela ikusita, Romanones kondeak Espainiatik joateko gomendioa eman zion erregeari, eta gobernu-aldaketa negoziatu zuen batzorde iraultzailearekin. Sanjurjo jeneralak (Guardia Zibileko burua) monarkiaren alde borrokatuko ez zirela jakinarazi zuenean, Alfontso XIII.a erbestera joan zen.

1. Behin-behineko gobernua eta haren lanak

  • Presidentea: Niceto Alcalá Zamora.
  • Ministroak: Gobernuak errepublikanoen eta sozialisten arteko koalizioko joera guztien ordezkariak zituen.

Lehenengo arazoa: Katalunia

Lehenengo arazo serioa Bartzelonan sortu zen, Francesc Macià buruzagi katalanistak Kataluniako Errepublika edo Estat Català aldarrikatu zuenean, errepublika iberiarren federazio baten barruan.

  • Gobernuaren erantzuna: Behin-behineko gobernu berriko ordezkariek Esquerra Republicana de Catalunya alderdiko buruzagiari bere jarrera aldatu behar zuela ulertarazi zioten. Esan zioten Errepublikak Kataluniaren berezitasuna onartuko zuela, estatutu baten bitartez.

Zenbait talderen jarrera

  • Espainiar askorena: Espainiar asko aldaketaren alde zeudenez, itxaropenez hartu zuten Berrezarkuntzako Espainia zaharra betiko lurperatu omen zuen erregimena.
  • Anarkismoa: Anarkistek ongietorria eman zioten Errepublikari, burgestzat hartu arren, eta erregimen libertarioa ezartzeko borroka egiteko prestatu ziren.

2. Elizaren erreakzioa

  • Apezpikuena: Apezpikuek fededunei gobernari berriak errespetatu behar zirela gogorarazi zieten. Vatikanoak Madrilen zuen nuntzioak, apezpikuak monarkiaren aldekoak zirela jakinik, Errepublikari laguntzeko aholkua eman zion Espainiako Elizari.

Toledoko apezpikuaren pastoralaren ondorioak

Lasaitasunak gutxi iraun zuen. Gobernuaren antiklerikalismoak herriarena sustatu zuen, eta agintari errepublikanoek horren adierazpenak kontrolatzen saiatu ziren. Behin-behineko gobernuak lehen hilabetea bete orduko, Toledoko apezpikuaren pastoralaren eraginez:

  1. Probokatzaile anonimoek edo aspaldiko antiklerikalek ehun eliza inguru erre zituzten. Inork ere erreibindikatu ez zuen komentu-erretze horrek arrazoibideak eman zizkien errepublikaren etsaiei.
  2. Segura kardinala Espainiatik botatzeak errepublikaren aurkako arrazoibide berriak eman zizkien katolikoei.

3. Gorte Konstituziogileak

  • Hauteskundeetan parte-hartzea: Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak ekainaren 28an izan ziren, eta % 70,14ko parte-hartzea egon zen.
  • Emaitzak: Errepublikanoen eta sozialisten arteko batasunak gehiengo itzela lortu zuen probintziarik gehienetan. Gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, abertzaleek eta tradizionalistek irabazi zuten.

4. Konstituzio errepublikanoa (1931)

  • Ganberako presidentea: Julián Besteiro sozialista hautatu zuten.

Elizaren eta gobernuaren arteko harremanak

Elizaren eta estatuaren arteko harremanak erabaki behar izan ziren, eta horrek lehen gobernu-krisia eragin zuen.

  • Hartutako neurriak: Estatuaren segurtasuna arriskuan jartzen zuten erlijio-ordenak desegitea, kleroaren aurrekontuari amaiera ematea, eta botere zibila eta elizarena banatzea.
  • Eskuineko diputatuen erantzuna: Horren aurka protesta egiteko, eskuineko diputatuek Kongresua utzi zuten. Aldi berean, Alcalá Zamorak eta Maurak gobernuko karguak utzi eta dimititu egin zuten. Hutsune hori Manuel Azañak bete zuen.

Konstituzioa

1931ko abenduaren 9an onetsi zen.

  • Estatu mota: Estatu demokratiko eta laikoa.
  • Gorteak: Ganbera bakarra zuten, gobernuaren kontrola arduratzat zuena. Presidenteak sei urteko agintaldian ganbera bitan desegiteko ahalmena zuen.
  • Sufragioa: Sufragio unibertsala, emakumeek ere botoa eman zezaketen.
  • Jabetza: Jabetza-eskubidea interes publikoaren mende zegoen, eta horrek baliozko desjabetzeak justifikatzen zituen.
  • Zentralismoa: Konstituzio berriak estatu zentral indartsua eratu zuen, beharrezko berrikuntza demokratikoak aplikatzeko gai zena; baina eskualdeetako arazoak autonomia-estatutuak promulgatuta ebazteko bidea ematen zuen.
  • Errepublikako presidentea: Alcalá Zamora.
  • Gobernuburua: Manuel Azaña.

Biurteko Erreformista (1931-1933)

1. Biurtekoaren erreforma handiak

Konstituzio berria onetsi baino lehen, egiturazko erreforma batzuk egin ziren Espainiako gizartea eta politika modernizatzeko. Ondorioz, eliteen pribilegio historikoak mugatu eta murriztu ziren, eta erdiko klaseen eta langile-mugimenduaren itxaropen orokorra piztu zen.

2. Hezkuntza-erreforma

Espainiako atzerakuntza hezkuntza-sistema on baten bitartez gainditu ahal zela ikusi zuten.

  • Neurriak: Erlijiozko metodoen eta irakasleen ordez, irakaskuntza aurrerakoiaren aldekoak sartu ziren; Jesusen Lagundia desegin zen; erlijio-kongregazioei irakaskuntza debekatu zitzaien; eta misio pedagogikoak jarri ziren martxan alfabetizazioa eta kulturaren hedapena bultzatzeko (liburutegiak, gramofonoak, erakusketak, antzerkiak...).
  • Emaitzak: Errepublikak gogo handia izan arren, denbora eta diru ezaren eraginez, ezin izan zen Elizak irakaskuntzan zeukan monopolioa ezabatu. Hala ere, lehen hezkuntzako hamar mila eskola inguruk agerian jarri zuten gobernuak hezkuntza hobetzearen alde egindako apustua. Irakasleei soldata igo zieten, eta ikasketa-planen erreformarekin hobeto trebatu nahi izan ziren.

3. Erreforma militarra

Gobernu errepublikanoak armada modernizatzeko lan zailari ere ekin zion.

  • Armadaren egoera: Agintari gehiegi zituen (22.000 ofizial inguru), soldaduek heziketa urria zuten, eta materiala zaharkituta eta gaitasun teknikoa galduta zeukan.
  • Azañaren legea: Ofizial kopuru handiari aldez aurreko erretiroa eskaintzea izan zen, soldata osoarekin.
  • Emaitzak: Erdiek erretiroa hartzea erabaki zuten, eta ofizial kopuruak beherakada itzela izan zuen. Bigarren helburua, armada errepublikaren alde jartzea, ez zen lortu.

Beste neurri batzuk

  1. Jurisdikzio (aginte) militarraren handitasuna murriztea, jurisdikzio zibilaren mesedetan.
  2. Zaragozako Akademia Nagusia ixtea.
  3. Afrikako jeneralen nagusitasuna mugatu eta Artilleria eta Ingeniaritzako armei protagonismoa eman zitzaien.
  4. Errepublika ez zen Guardia Zibila desegiten ausartu, baina haren hegemoniari amaiera ematen saiatu zen ordena publikoari loturiko gaietan. Nahiago izan zuen Oldarreko Guardia sortu, indar leial bat, batez ere hiri-polizia modura entrenatuta zegoena.

Ondorioa: Azañaren erreformak armadako sektore handiak haserretu zituen; izan ere, militarren agintea eta izen ona murrizteko ahalegina ikusi zuten erreforma horietan.

4. Nekazaritza-erreforma

Errepublikaren itxaropen nagusia nekazaritza-erreforma izan zen. Askoren iritziz, Azañaren erregimenak amaiera emango zien, azkenik, Espainiako landaren gaitz guztiei.

  • Sektorearen arazoak: Extremaduran eta Andaluzian latifundio handiak, nekazari gosetuak eta zapaldutako errentariak.

Premiazko legea

Finka handiak desjabetzeko eta lurrik gabeko nekazarien artean banatzeko legea onestea zen helburua, jabetzaren banaketa bidezkoagoa lortzeko eta errendimenduei arreta handiagoa jartzeko. Latifundistak eta eskuineko eta erdiko alderdiak proiektuaren aurka zeuden, eta legea ez zen onartu Kongresuan.

1932ko abuztuko gertaera

Sanjurjo jeneralak Errepublikaren aurka egindako altxamendu monarkikoak huts egin zuen. Horrek Manuel Azaña indartu zuen, eta oposizioa hausteko eta Nekazaritza Berrikuntzarako Oinarrien Legea onartzeko aprobetxatu zuen. Legeak desjabetzeko baimena ematen zuen, kalte-ordaina emanez.

  • Emaitza: Hala eta guztiz ere, ezin izan zion erantzunik eman ehunka milaka nekazariren eskariari.
  • Arrazoiak: Burokrazia, desjabetze-kostu handiak eta jabeen aurkaritzaren eragina.

5. Lan-legeak

  • Ministro arduraduna: Francisco Largo Caballero.
  • Nekazari-guneetako eskaerak: Zortzi orduko lanaldia ezartzea, lurrak errentatzeko kontratuak luzatzea, eta lurrak derrigorrez laboratzea jornalariak langabezian zeuden lekuetan.
  • Erabilitako tresna: Lanean esku hartzeko tresnarik eraginkorrena eta eztabaidatuena enpresaburuen eta langileen epaimahai mistoena izan zen.
  • Lorpenak: Lanaren arloko eskumen handiak zituzten, eta nekazaritza-soldaten gorakada nabaria eragin zuten. UGTk Largo Caballeroengan jarritako konfiantzari esker, sektore-gatazka maila murriztu zen anarkisten eta komunisten erradikalismoaren aurrean.

6. Autonomia-estatutuak

Espainia estatu "integrala" zen, eta probintzia mugakide bati edo batzuei autonomia emateko aukera zegoen, baldin eta bertako hautesleek eta udalek hori nahi eta erabakitzen bazuten, bi hereneko gehiengoarekin, betiere Parlamentuaren ondorengo onespenarekin.

  • Kataluniako Estatutuaren onarpena: 1932an, Azañak Kataluniako Estatutua onestea eragin zuen. Gobernu autonomoa izango zuen, eta honek ahalmena izango zuen ogasunean, ekonomian, hezkuntzan, kulturan, garraioan eta komunikabideetan. Errepublikako gobernuak bere gain hartzen zituen kanpo-harremanak, ordena publikoa eta armada. Hizkuntza ofizialak katalana eta gaztelania ziren, eta lehen lehendakaria Macià izan zen, gero Companys.
  • Euskal Herriko egoera: Euskal Herrian biztanleak banatuta zeuden autonomiaren arloan. Abertzaletasunaren barruan baino ez zegoen benetako espiritu autonomista. Abertzaleek eta tradizionalistek 1931n proiektu bat sortu zuten, Lizarrako Estatutua, Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako udalerri gehienek onetsita; baina gainerako indar politikoek eta Espainiako Gobernuak ukatu egin zuten, konfesionala zelako.

7. Koiuntura ekonomikoa

Europako beste herrialde batzuekiko atzerapen handiaren ondorioz, Espainiak beranduago nabaritu zuen 1929ko krisiaren eragina, Europako herrialdeekin zituen harremanak mineralen eta nekazaritza-produktuen esportaziora mugatzen zirelako. Depresio ekonomikoak gehienbat erdiko klaseetan izan zuen eragina.

1929ko krisiaren ondorioak

  1. Esportazioen beherakada itzela.
  2. Erosketen murrizketa oso handia.
  3. Espainiako mekanizazio-erritmoa geldiaraztea.
  4. Langabezia gero eta handiagoa.
  5. Emigranteak multzo handitan itzuli ziren Espainiara.

Gobernu errepublikanoak garatutako programa

  1. Zor publikoaren jaulkipenean jarduketa zorrotza mantendu.
  2. Primo de Riveraren errepide-planarekin jarraitu.
  3. Diktadurak nazioartean hartutako konpromiso ekonomikoei erantzun egokia ematen saiatu.
  4. Errentaren gaineko zerga sartu zuen zerga-erreforma egin.
  5. Espainiako Bankuaren erreformak estatuak diru-politika hobeto kontrolatzea eragin zuen.

8. Gizarte-gatazkak

Errepublikak estatuaren oinarriak aldatu nahi zituen administrazioaren, politikaren eta gizarte-partaidetzaren arloan. Horrenbestez, bere arazorik larriena baldintza iraultzaileak aintzat hartu behar izatea izan zen, horrek joera erreformista hutsa gainditzea eragin baitzion. Ondorioz, gatazka-giroa handitzen joan zen, eta horrek agerian jarri zituen proletarioen haserrea eta ugazaben setakeria (burugogorkeria), azken horiek ez baitzuten erreformarik egin nahi.

Sindikatu anarkisten jarrera

Zuzeneko ekintzaren eta gizarte-iraultzaren aldekoak izanik, sindikatu anarkistek hasiera-hasieratik ulertu zuten euren helburuak ezin izango zirela beste errepublika burges baten barruan lortu. Grebak eta lur-okupazio asko antolatu zituzten, eta horrek poliziak neurri gogorrak hartzera behartzen zuen, Azañaren gobernuaren izen ona eta agintea ahulduz.

Casas Viejasko gertaera

Ordena publikoko indarrekiko gatazka larrienetako bat 1933ko urtarrilean gertatu zen, Cádizeko Casas Viejas herrian. Jornalari anarkistek Guardia Zibilaren kuartela inguratu zuten. Oldarreko Guardiak esku hartu eta altxamendua zapaldu egin zuen, hamalau nekazari fusilatu ondoren.

  • Ondorioak: Hilketak iritzi publikoa harrituta utzi zuen. Eskuinak gertatutakoaren errua Azañari egotzi zion. Ezker proletarioak gero eta susmo handiagoak zituen errepublika horren aurka. CNT sindikatu anarkista bertako talderik erradikalenaren (FAI) esku gelditu zen. UGT sozialistak, berriz, moderatuak baztertu eta Largo Caballeroren teoria iraultzaileen alde egin zuen.

9. Eskuinaren erreakzioa

Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa (CEDA)

Inork ezin zuen geldiarazi gobernu errepublikano-sozialistaren higadura. Eskuineko katolikoek errepublikaren antiklerikalismoa ustiatu zuten gizarte-masa mugimendu indartsu bat antolatzeko. Indarrak batu zituzten Azañaren gobernuaren norabidea aldatzeko, mobilizazio katolikoan oinarrituz. Horrela, Eskuin Autonomoen Espainiako Konfederazioa (CEDA) sortu zuten.

  • Helburua: Konstituzio errepublikanoa erreformatzea, batez ere erlijioaren eta irakaskuntzaren arloan.
  • Buruzagia: José María Gil-Robles.
  • Partaideak: CEDA talde heterogeneoa zen, eta, bertan, benetako kristau-demokratekin batera eskuin muturreko pertsonak zeuden, faxismoak gero eta gehiago erakartzen zituenak.

10. Eskuin muturra

  • Renovación Española: Gil-Roblesengandik banandutako ultramonarkikoek sortu zuten, eta Espainiako arazoa legezko bideetatik kanpo baino ezin zela konpondu uste zuten.
  • Komunio Tradizionalista: Karlismoa ere berrantolatu egin zen, eta Victor Pradera bezalako ideologoekin eskuin muturreko mugimendu nazionalista bihurtu zen.
  • Alfontsoren aldeko monarkikoak.

Faxismo espainola

Talderik entzutetsuena Falange Española izan zen.

  • Sortzailea: José Antonio Primo de Rivera.
  • Pentsamendua: Liberalismoaren eta marxismoaren aurkakoa zen. Errepublika demokratikoaren aurkakoa eta nazionalismo espainol irmoaren aldekoa zen.
  • Oinarri soziala: Berehala erakarri zituen unibertsitateko eskuineko ikasleak.

CEDAren Biurteko Beltza (1933-1935)

Sozialistak gero eta deserosoago zeuden politika liberala sustatzen, hori oso urrun baitzegoen euren ideal marxistatik. Baita ere, ezin zuten babestu, gobernuko kide izanik, nekazarien altxamenduak geldiarazi nahi zituen errepresiozko legeria. Gobernu-koalizioaren barruko banaketak adiskideezinak zirela agerian geratu zenean, Errepublikako presidenteak, konstituzio-agintea erabilita, kargutik kendu zuen Azaña eta hauteskunde berriak deitu zituen azarorako.

1. 1933ko hauteskundeak: hauteskunde-iraulketa

Hauteskundeak krisi ekonomikoa gorengo muturrera heldu zen giroan egin ziren, gizarte-asaldura, Azañaren erreformismoarekiko sinesmen eza eta ezkerraren zatiketa nagusi zirela.

  • Parte-hartzea: Anarkistak abstenitu egin ziren eta katolikoen parte-hartzea handia izan zen. Emakumeek ere parte hartu zuten lehenengoz.
  • Emaitzak: Eskuinak zalantzarik gabeko garaipena lortu zuen, Alejandro Lerrouxen Alderdi Errepublikano Erradikalarekin partekatuta. Diputatu kopururik handiena CEDAk eduki arren, Alcalá Zamora presidenteak Lerrouxi egin zion gobernuan sartzeko deia, parlamentua eskuinera gehiago ez okertzeko eta ezkerrekoen erreakzioa ekiditeko.

2. Eskuinaren errepublika

Lehen erabakia Azañaren gobernuek sortutako erreformak eten edo ezabatzea izan zen.

  • Ondorioak: Ugazabek soldatak murriztu zituzten eta langileek aurreko urteetan lorturiko hobekuntzak galdu zituzten. Elizari irakaskuntza-jarduera garatzea eta diru publikoa kobratzea bermatu zioten. Militarrek protagonismoa berreskuratu zuten. Ez zen autonomia-estatuturik aipatu, eta Madrilen eta Kataluniaren arteko harremanek larritasun handiko uneak izan zituzten.

Erantzuna

  • Sindikatuena: Erantzun bortitza izan zuen kalean. PSOEko eta UGTko buruzagiek muturreko jarrerak hartu zituzten. CNT sindikatuak greba orokorrerako deia egin zuen Zaragozan; gero, UGTrekin konplizitatean, landa-inguruan mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten.
  • Katalunian: Gatazka bereziki nabarmena izan zen. Esquerra Republicana alderdiak Kataluniako Parlamentuan legeria orokorra aldatzeko lege bat onetsi zuen, nekazari errentarien aldekoagoa izateko. Cambóren Ligaren eta CEDAren laguntzarekin, lur-jabeek Madrilen lege horren inkonstituzionaltasun-adierazpena lortu zuten.
  • Euskal Herrian: Gatazka ardoaren kontsumoa desgrabatu nahi izatearen eraginez heldu zen. Hori Estatuko Ogasunaren esku-hartze gisa eta indarreko kontzertu ekonomikoaren aurkako eraso gisa hartu zen. Euskal Herriko udalek azken foru-hondarra defendatu zuten, eta protestaldiak egin zituzten. Protestaldi horietan zinegotziak espetxeratu eta udaletxeak hustu zituzten. Sozialistek, Indalecio Prietok zirikatuta, eta EAJk, Errepublikarekin haserre (autonomia-estatutua lortu ez zuelako), Zumarragako biltzar istilutsua antolatu zuten.

3. Erradikalizatze soziopolitikoa: 1934ko urria

Alemaniako nazismoaren gorakadak eta Austriako sozial-kristauen errepresio-politikak beldurra areagotu zuten Espainian. PSOEren zuzendaritzak, Gil-Roblesek errepublika suntsitu nahi zuelakoan, boterea indarrez hartzeko erabakia hartuta zeukan. CEDAk mehatxu egin zuen: ez zuen gehiago sustatuko bere partaidetzarik gabeko gobernurik. Lerrouxek, Alcalá Zamoraren aginduz, hiru ministro sartu zituen bere kabinetean.

Erantzuna

  • PSOE eta UGTrena: Buruzagiek ez zuten gehiago itxaron, baldintza hori errepublikaren aurkako erasotzat hartu baitzuten. Greba orokor iraultzailerako agindua eman zuten Espainia osoan, eta greba horrek altxamendu-izaera hartu zuen Asturiasen, Katalunian eta Euskal Herrian.
  • Katalunian: Kataluniako Generalitateak, Lluís Companys buru zuela, Espainiako Gobernuarekiko harremanak hautsi eta Kataluniako Estatua aldarrikatu zuen, Espainiako Errepublika Federalaren barruan.
  • Militarren erantzuna: Batet jeneralak, agintari errepublikanoekiko leialtasuna erakutsiz, gerra-egoera aldarrikatu eta borroka egin zuen Bartzelonako kale batzuetan.
  • Ondorioak: Generalitatea errenditu egin zen. Ehunka atxiloketa agindu zituzten. Kataluniako hamar orduko altxamenduan 46 pertsona hil ziren. Kataluniak bere autonomia-estatutua galdu zuen.

4. Asturiasko Iraultza

Greba orokorra hasi zenetik, espainiar guztiak Asturiasera begira zeuden, langileak batuta eta borrokarako prest zeuden leku bakarra baitzen.

  • Langileen ekintzak: Guardia Zibilaren kuartel eta etxeei eraso egin zieten, meatze-arroa hartu zuten, arma-lantegiak okupatu zituzten, Oviedo hartu zuten eta herri batzuetan langile-komunak eraiki zituzten.
  • Gobernuaren erantzuna: Franco jeneralari egin zion dei, matxinada zapaltzeko operazio militarren arduradunei Madriletik aholkularitza teknikoa emateko.
  • Amaiera: Marokoko armadako tropak Asturiasen lehorreratu ziren eta bederatzi egunetan mendean hartu zuten Asturiasko altxamendua.
  • Ondorioak: Biktimen balantzea tragikoa izan zen: mila hildako bertakoen artean eta beste hirurehun indar publikoaren barruan. 30.000 pertsona espetxeratu zituzten. Ezkerreko alderdien jarduerak mugatu eta aurretiazko zentsura ezarri zen. Matxinatuen basakeriek eskuina haserretu zuten, eta gobernuaren zapalkuntzak antzeko efektua eragin zuen ezkerrean. Espainiako gizartea elkar ulertzetik gero eta urrutiago geratu zen.

5. Ezkerraren txanda: Fronte Popularra

1935eko giroan, CEDA zirikatzen hasi zen, epela zelakoan, eta José Calvo Sotelo, erbestera joan ondoren itzulita, Bloke Nazional monarkikoaren buruzagitza hartzera, programa totalitarioan oinarrituz. Largo Caballerok jarrera gero eta erradikalagoetara eraman zuen UGT, komunistengandik gero eta hurbilago. Europako faxismoak indartzen ari ziren, batik bat Hitlerren gobernua eta Berlingo politikak demokraten artean beldurra hedatu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML