Primo de Riveraren Diktadura (1923-1931)

Historia6,28 KB

Manuel Primo de Riveraren Diktadura (1923-1930)

Estatu kolpearen kausak

Espainiak arazo politikoak, ekonomikoak eta sozialak zituen. Horri Annualeko porrota gehitu behar zaio. Bertan hildako asko egon ziren eta diru galera handiak ekarri zituen. Beranduago, Frantziaren laguntzaz, lur horiek berreskuratu zituen. Faktore hauek 1923ko estatu kolpea eragin zuten. Primo de Rivera Afrikan zegoen jeneraletako bat zen.

Bartzelonako kapitain-jeneralak, Miguel Primo de Riverak, 1923ko irailaren 13an, egunkarietan bere pronuntziamenduaren berri eman zuen, Espainiako politika kritikatuz. Haren ustez, arazoen eragile nagusiak politikariak ziren.

Espainiaren erantzuna estatu kolpearen aurrean

Hasiera batean, iritzi publikoak estatu kolpea onartu zuen, konponbidea ekarriko zuelakoan. Egunkariek ez zuten diktadura gaizki ikusten, diktadura erregenerazionista zela esaten zuten. Erregeak ez zuen ezer esan, estatu kolpearen bidea zein zen analizatu zuen. Aurka egiten zuten bakarrak anarkistak ziren. Sozialistak banandurik zeudenez, oso motel egin zuten aurka. Azkenean, Errestaurazioko azken gobernuko García Prietok dimititu egin zuen.

Alfontso XIII.ak ikusi zuenean Primo de Riveraren estatu kolpeak indarra hartzen zuela, Riverari agindu zion gobernu berria osatzeko.

Diktaduraren azpietapak

  • Direktorio Militarra (1923-1925 abendua): Militarrek osatutako agintea zen. Garai honetan ordena publikoaren arazoa konpondu nahi zuten. Nazionalismoak erreprimitu zituzten eta jauntxokeriarekin amaitzeko ahaleginak egin zituzten. Marokoko arazoa ia konpondu zen.
  • Direktorio Zibila (1925-1930): Estatuko organo militarrak ordezkatu eta zibilak zeuden. 1927ra arte diktaduraren garai gorena izan zen, baina 1928tik aurrera gainbehera ezagutu zuen, mundu osoan zabaldu zen krisiaren ondorioz.

Diktadura ezartzea

Errestaurazioa bertan behera utzi zuen eta 1876ko Konstituzioa indargabetu zuen. Eskubideak eta askatasun publikoak bertan behera utzi zituen eta zentsura ezarri zuen.

Egoera konpontzeko hartutako neurriak

  1. Ordena Publikoa: Arazo politiko-sozialak eta terrorismoaren gehiegikeriak konpontzeko, Primo de Riverak gerra egoera deklaratu zuen. Senatua eta Kongresua desegin zituen, alderdi politikoak debekatu, eskubide konstituzionalak bertan behera utzi zituen (greba eta manifestazioak debekatu, zentsura gogorra prentsan), eta komunistak (PCE), anarkistak (CNT) eta nazionalistak jazarriak izan ziren.
  2. Nazionalismoaren aurkako jarrera: Batez ere Kataluniaren aurka. Estatu kolpea eman zuenean, Ligak Primo babestu zuen, Kataluniako ekonomiaren onurarako egonkortasuna ekarriko zuelakoan. Baina diktadore andaluziarra espainiar nazionalista sutsua zen eta separatismoak gorroto zituen. Publikoan katalanez eta euskaraz hitz egitea debekatu zuen, eta alderdi nazionalisten mitinak, bilerak eta banderak debekatu zituen. Kataluniako Ligak babesteari utzi zion, eta ezkerreko alderdi nazionalistak indartu ziren (gerora ERC izango zena), Maçiak gidatutako inbasio ahalegina 1926an gertatu zelarik. Euskal Herrian, Eli Gallastegi erbestera joan behar izan zuen.
  3. Marokoko Gerra: Hasiera batean, Primo Maroko uztearen aldekoa zen, ezer gutxi irabazteko eta asko galtzeko zelako. Baina iritzi publikoak eta Afrikan zeuden militarrek gerran jarraitzeko konbentzitu zuten. Frantsesekin bat eginda, armada indartsu bat osatu eta 1925ean Alhucemasen lehorreratu zen. Horrela, 1926an Abd-al-Krim errenditu zen. Garaipen honek ospe handia eman zion Primori Espainian.
  4. Ekonomia (Interbentzionismoa): Estatuaren interbentzionismo edo parte hartze handia egon zen. Estatuak produkzio sektore guztiak kontrolatu zituen, enpresa monopolistak sortu zituen (adibidez, Telefónica, CAMPSA, Iberia), eta protekzionismo oso gogorra ezarri zuen. Lan publikoak bultzatu zituen: lan hidraulikoak (urtegiekin energia sortu) eta bide-sarea (trenbideak, errepideak) hobetu zituen, eta horrek langabeziaren jaitsiera ekarri zuen. Langileek hobekuntza izan zuten eta horregatik Primo babesten zuten. Emaitza ekonomiko onak izan ziren, nazioarteko koiuntura ekonomiko onari eta gobernuaren politika interbentzionistari esker. Baina epe luzera, estatuak gastu gehiegi zituen, eta 1929an mundu mailako krisi bortitza Espainian ere hasi zen.

Erregimena instituzionalizatzeko ahaleginak

Primo de Riverak Mussolini eta haren faxismoa miresten zituen. Diktadura egoera konpontzeko behin-behineko konponbidea izan arren, diktadurak irauteko pausoak eman zituen:

  • Unión Patriótica alderdia sortu zuen (1924an). Alderdi bakarra izan arren, jarraitzaile gutxi zituen, baina diktaduraren propagandaren tresna zen.
  • Kontsultarako Batzar Nazionala: Ekonomikoki boteretsuak ziren taldeek osatzen zuten. Diktaduraren aholkulari lanak egiteaz gain, konstituzioa ez zen praktikan jarri.
  • Korporatibismoa: Italian bezala, langileen eta jabeen arteko batzorde parekideak sortu zituen, beraien arteko liskarrak hitz eginez konpontzeko. Horrela, sozialistek (UGTko burua, Largo Caballero) diktadurarekin kolaboratu zuten.

Diktadura amaitzeko kausak

  1. Primok armadaren eta erregearen babesa galdu zuen.
  2. Krisi ekonomikoa.
  3. Gero eta jende gehiago diktaduraren aurka (oposizioa ugarituz).
  4. Gaixo zegoen, eta handik gutxira hil egin zen.

Ondorioz, 1930eko urtarrilean, Primo de Riverak dimititu egin eta erbestera alde egin zuen. Horrela, diktadura amaitu zen, Diktablandari bide emanez.

"Diktablanda" (1930-1931)

Errestaurazio sistemara itzuli nahi zen, baina hori diktadura baten ondoren ezinezkoa zen. Berenguer izan zen Primoren ondorengoa. Giro antimonarkikoa nagusitu zen, eta errepublikanoak indartu egin ziren. Donostiako Ituna (1930eko abuztuan) sinatu zen, non errepublikanoak eta katalanistak bildu ziren, erregearen aurka egiteko helburuarekin. Jacako altxamendua ere gertatu zen.

Udal hauteskundeak 1931ko apirilaren 12an egin ziren, eta bi egunera emaitzak eman ziren. Emaitzetan alderdi errepublikanoak irabazi zuen, eta II. Errepublika aldarrikatu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML