Platonen Ideien Teoria eta Dialektika: Ezagutzaren Bideak

Filosofia eta etika2,98 KB

Dialektika eta Ezagutzaren Teoria Platonen arabera

Platonen Ideien Teoriak azaltzen duenez, errealitate maila bi daude: mundu sentigarria eta mundu adigarria. Bada, ezagutza motak ere bi dira, dualismo epistemiologikoa: dóxa edo iritzia eta epistemé edo zientzia.

Dóxa (Iritzia): Mundu Sentigarriaren Ezagutza

Iritzia mundu sentigarriko gauzei buruzko zentzumenen bidezko ezagutza da, sortzen eta bilakatzen denaren, hau da, aldaketen munduaren ezagutza. Ematen duen irudia, hortaz, nahasgarria da. Itxuretan gelditzen da.

Epistemé (Zientzia): Ideien Munduaren Ezagutza

Zientzia Ideien Munduari buruzkoa baino ezin da izan, betikoa eta aldaezina denari buruzkoa. Zentzumenak alde batera utzi eta arrazoimenaz baliatzen dena da.

Ezagutzaren lau mailak

Ezagutza, hala ere, zentzumenetatik hasten da eta mailaz maila igotzen da, lau maila desberdin igaro behar dituelarik:

  • Irudimena
  • Fisika (edo sinesmena)
  • Matematika
  • Dialektika

Lehen bi mailak mundu sentikorrari lotutakoak dira eta, beraz, ez dira zientzia, iritzia baino. Mundu ulergarriari lotuta dauden azken biak dira zientzia izatera heltzen direnak. Mailaz igotzeko heziera behar da. Gizaki gehienak ezin dira lehen bi maila horietatik igaro eta gutxi batzuk baino ez dira azken mailara iristen. Dialektikaren bidez Ideien Mundua eta bere gailurra, Ongiaren Ideia, ezagutzen dira. Ongia ezagutu duena ideia faltsuetatik libre dago eta filosofoa da. Prest dago hiria gobernatzeko.

Platonen Ideien Teoria: Dualismo Ontologikoa

Ideien Teoriaren helburua balore absolutuak aurkitzean datza, polisaren legitimazio absolutua aurkitzea. Teoriak dio existitzen dena bi mundutan banatzen dela:

  • Mundu Sentigarria: Zentzumenen bidez hautematen da, errealitate materiala, aldakorra eta mugimenduan dagoena. Izaki naturalek eta hauen irudiek osatzen dute.
  • Mundu Adigarria: Arrazoimenaren bidez hautematen da, iraunkorra eta geldia. Errealitate matematikoek eta Ideien Munduak osatzen dute.

Platonek lehentasuna ematen dio azken errealitate honi, eta mundu sentigarria bigarren mailako errealitatetzat hartzen du.

Ideien izaera eta Ongiaren gailurra

Platonentzat Ideiak ez dira adimen-kontzeptu soil bat, baizik eta existentzia erreala duten zerbait dira. Ideiak arrazoimenarekin bakarrik atzematen dira. Ideiak aldaezinak, betierekoak, baldintzagabeak eta absolutuak dira. Ideien mundua mundu erreala da eta hierarkikoa da; gorenean Ongia dago. Ongia ezagutzen duena filosofoa da, polisaren agintaria.

Platonek inoiz ez du era zuzen eta argian azaltzen mundu sentigarriaren eta mundu adigarriaren arteko lotura zein den. Horretarako, metaforak erabiltzen ditu beti: gauza sentigarriak existitzen dira, Ideiak haien ereduak direlako, hau da, Ideietan parte hartzen dutelako.

Deskargatu

PDF Word HTML