Platonen Hezkuntza Teoria eta Politika: Analisi Sakona
Testu honetan Platonen hezkuntzaren teoria eta honek politikarekin duen harremana adierazten da. Izan ere, Platonek dio Polisak-hiri estatuak hiritarren hezkuntza antolatu, garatu eta ordaindu behar duela, hortik gizarte klaseak bereizi, eta azkenean, onenak, agintari izan daitezen. Platonen ikuspuntu pedagogikoak zioen ikasleek jolasen bidez euren gaitasunak garatu behar dituztela. Egingo dituzten ariketak gaitasun horiek bultzatzeko izango dira, eta maila baxutik hasi eta gorako progresioa egon behar duela:
- Gorputz heziketa, lehenik.
- Gauza ikusgarriei buruz, bigarrenik.
- Zenbakiei buruz gero.
- Areak eta azalerei buruz.
- Hiru dimentsiotako gorputzei buruz (esferak, kuboak...).
- Zeruko astroei buruz (planetak, izarrak…).
Ikasketa hauek egiterakoan, batzuek eskulanetarako eta kalkulurako duten balioa erakutsiko dute, eta horiek ekoizleak, langileak eta merkatariak bihurtuko dira. Beste batzuk, indartsuenak eta ausartenak, hiria defendatzeko helburuaz, soldadu bihurtuko dira. Azkenik, hainbat ikasketa egin eta gero (50 urtera arte), gizarte eremu guztietan praktikak egin eta gero (Administrazioan, soldadutzan, gobernu antolaketan...) onenak direla frogatu dutenei, Dialektika erakutsi behar zaie, eta honen bitartez Ongia ikustera bideratu. Hau belaunaldi bakoitzean gutxi batzuk lortuko dute, neskak edo mutilak, berdin-berdin, eta orduan, bi gauza egin beharko dituzte: hurrengo belaunaldiari erakutsi, eta hiria gobernatu, ongia hori aplikatuz.
Teoria honekin ikus daitekeena zera da, Platoni ez zaiola demokrazia gustatzen. Familia aberatsekoa da, esklabista, eta senideak ditu Atenasko 30 tiranoen gobernuan. Demokrazia berriro ezartzen denean, ihes egin behar izan zuen, eta ikuspuntu kontraesankorra izan zuen; izan ere, tiranoek korrupzio handia zutela konturatu zen, eta demokratek bestalde, askatasunak murrizteaz gain, Sokrates, bere irakasle kuttuna erailtzeko agindu eman zuten. Orduan, Platonek gobernu ideala nolakoa izango zen teorizatu zuen. Berak dio sistema politiko ideala Monarkia dela, zentzu etimologikoan (Bat-onenaren agintea). Hori lortu ezean, aristokraten gobernua planteatzen du, jakintsuak diren gutxi batzurena. Baina errealitatean, gobernuetan korrupzioa garatzen da (timokrazia edo oligarkia) eta hauek gainditzeko iraultza egitea ezinbestekoa izanik ere, herriak gobernua hartzen duenean (demokrazia) kaos-era bideratzen da. Hau gainditzeko Tirano batek kolpea ematen du, eta askatasunak kentzen. Tirano hau zapaltzailea izan daiteke, baina ongia atzemango balu bihurtu ahal da monarka. Orduan zikloa berriro hasiko litzateke.
Platonen filosofia osoaren helburua helburu politikoa da. Eta horren mende jartzen du gaien egituraketa guztia, hau da, (dualismo ontologikoa), mundua nolakoa den, (dualismo gnoseologikoa) nola ezagutu daitekeen (dualismo antropologikoa) gizakia nolakoa den, dena idea etiko nagusi baten menpe jartzen du, hain zuzen ere, Ongiaren Idela. Hemen Sokratesen eragina ikus daiteke, hau izan baitzen, egia, bertutea eta jakituria ongi moralarekin lotu zuena. Horrela, ongia idea unibertsal lez atzematen da, eta denak, hori egitea besterik ezin dute onartu. Ongiaren bidea da landu daitekeen bakarra eta gaizkia ez da existitzen, ezjakintasuna baizik. Sokratesek zioen, baita ere, komunitate politikoaren helbura biztanleen zoriona zela, eta hau lortzeko agintariak giza izaerari buruzko ulermena lortu behar zutela. Berak horretan laguntzen zuen Maieutikaren metodoaren bidezko Dialogo dialektikoekin. Platonek ideia eta metodo hau hartu zuen, bere erara egokituaz.
Garai horretan, Greziako Hiri Estatuetan, hiritarrek eztabaida handiak izaten zituzten asanbladatan, eta filosofoek - Sofistak, gehienak, erakusten zieten ondo hitz egiten, eztabaidak irabazteko, baina egiari buruzko erlatibismoan. Sokrates hauen garaikidea zen, baina bere asmoa ez zen eztabaidak irabazteko soilik irakastea, egiara heltzeko baizik, bestela edozein demagogo irabazten baitzituen debateak. Nahiz eta sistemarekin kritikoa izan, Sokratesek onartzen zuen demokraziaren balioa, denak ongia hori bilatuz gero. Baina Platonek demokraziaren kontra egin zuen, gobernu aristokratikoaren alde.