Platonen Filosofia: Ongiaren Ideia eta Dualismoa

Filosofia eta etika2,9 KB

Platonen Filosofia: Ongiaren Ideia eta Arima

Ongiaren Kontzeptua eta Ideien Hierarkia

Ongiaren ideia ideien hierarkian gorena da. Hierarkia horretan, azpitik, justizia eta estetika ideiak daude. Hauek moraltasunarekin erlazionatuta daude eta oso garrantzitsuak dira Platonentzat.

Ideien munduko ideiak perfektuak, aldaezinak eta absolutuak dira, eta mundu fisikoko gauzen eredu gisa balio dute; beraz, hiru ideia horiek ezaugarri horiek dituzte. Ongiaren ezagutza dialektikaren azken urratsa da, heziketaren helburua (paideia).

Denek ez dute ezagutza maila horretara iristeko aukerarik. Horretarako, bi baldintza bete behar dira:

  • Erakutsitakoak bereganatzeko gaitasuna: Irakasleak determinatuko du ikasleak aurrera jarraitu dezakeen ala ez.
  • Ezagutza maitatzea: Eros platonikoa izatea.

Ongiaren ezagutzara iristen denak zuzen jokatzen du. Platonek uste du ongiaren ezagutzara iristen direnak agintariak izan behar direla. Aldi berean, irakasleak ere izan behar dute, maila horretara iritsi diren bakarrak baitira eta, beraz, beste batzuk bertara iristarazi ditzaketen bakarrak. Ongiaren ezagutza duena zoriontsu da.

Dualismo Antropologikoa: Gorputza eta Arima

Platonek gizakiaren antropologiaren inguruan ikuspegi dualista du, bi zatiz osatuta dagoela uste baitu: gorputza eta arima.

  • Gorputza: Mundu fisikoari dagokion atala da; aldakorra, inperfektua eta hilkorra.
  • Arima: Ideien munduari dagokiona; hilezkorra eta perfektua.

Bere ustez, arimaren eta gorputzaren arteko harremana batasun akzidentala da: arima gorputz batean erori da eta gorputz hori arimarentzat kartzela bat da.

Arimaren Hiru Zatiak eta Hegodun Gurdia

Arima bakarra izan arren, hiru zatitan banatzen da, hegodun gurdiaren alegoriaren bidez azaldua:

  1. Arrazoi-arima (buruan): Jakinduria du helburu. Bere bertutea zuhurtzia da, egia eta ongia bilatzeko. Zati nagusia eta hilezkorra den bakarra da.
  2. Suminezko arima (bihotzean): Sentimenduei lotua. Bere bertutea sendotasuna da, sentimenduak orekatzeko. Gurdian, zaldi txuriak irudikatzen du.
  3. Irrikazko arima (sabelean): Plazerei eta nahiei lotua. Bere bertutea neurritasuna da, nahiak kontrolatzeko. Gurdian, zaldi beltzak irudikatzen du.

Arima harmonian egoteko, arrazoiak beste biak gainjarri eta gidatu behar ditu. Arrazoi-arimak beste biak menderatzea lortzen badu, gorputza hiltzean arima ideien mundura itzuliko da. Ez bada zuzentasunera iritsi, mundu fisikoan geldituko da eta beste gorputz batean eroriko da, egin dituen ekintzen arabera.

Deskargatu

PDF Word HTML