Platonen Filosofia: Oinarrizko Kontzeptuak eta Terminoak

Filosofia eta etika3,17 KB

Platonen Filosofiaren Gako-Hitzak

Mundu Sentigarria (Gauza Materialak)

Platonen ontologia dualista da, errealitatea bitan banatzen duena: mundu sentigarriaz aparte beste mundu mota bat existitzen da. Mundu sentigarria errealitate materiala da, izaki sentikorrek osatua: materiadunak, inperfektuak eta hilkorrak dira.

Ideiak (Ideien Mundua)

Ideiak mundu fisikotik kanpo dauden errealitate materiagabeak, aldaezinak, absolutuak eta unibertsalak dira. Ideiak izaki ulergarriak dira: ez ditugu begiez ikusten, baizik eta adimenaz (arimaz, gogoaz) atzematen ditugu. Beraz, errealitate idealak edo ulergarriak dira ideiok.

Ongiaren Ideia

Ideia guztien gainetik, denak arautuz, Ongiaren ideia aurkitzen dugu. Ongiak mundu ulergarrian ulergarritasuna, ontasuna eta zerizana ematen ditu. Guztiaren Ongia ezagutzea da ezagutza gorena (Noesis).

Arima (Gogoa)

Arima arrazoimenaren eta biziaren emaile da, eta gorputzaren gidaria. Gizakiaren benetako “Ni”-a arima da. Gizakia, beraz, gorputz batean espetxeratuta dagoen arima hilezkor eta eternoa besterik ez da.

Arimaren Hiru Zatiak

Arimak hiru zati desberdin ditu, bakoitzak zeregin eta bertute espezifikoak dituena:

  • Arrazoimen arima: Gizakia zuzentzen duena da. Dagokion bertutea Jakituria da.
  • Arima haserrekorra: Arimaren joera nobleenak kokatzen dira hemen. Arrazoimenak dioena gauzatzeko behar den borondatea adierazten du. Bertuteak Ausardia eta Kemena dira.
  • Arima grinatsua: Bizirik irauteko sena, sexuzko apetitua, plazera eta mina dagozkio. Dagokion bertutea Neurritasuna da.

Platonen ustez, arima zati bakoitzari dagokion bertutea agertzen denean (jakituria, ausardia eta neurritasuna), pertsona justua da.

Iritzia (Ustea / Doxa)

Jakintza maila hau zentzumenen bidez lortzen dugun ezagutza da. Jakingaiak mundu sentigarriko errealitateak eta gertaerak dira. Ezagutza-egoera honetan daude mundu sentigarriko interesak eta baloreak bizitzako helburu bakartzat hartzen dituztenak.

Platonen ustez, Doxa (iritzia) politiko demagogoei eta filosofo sofistei dagokien ezagutza maila da.

Zientzia (Epistemea)

Jakintza maila honen jakingaiak ideiak dira. Epistemea mundu ulergarriari dagokion ezagutza da, eta arrazoimenaren bitartez lortzen da.

Ezagutza-egoera horretara heltzen direnek ideiak bere baitan ezagutzen dituzte. Platonek uste du Ongiaren ideia eta etikako ideiak (Justizia) ezagutzea dela jakituriarik gorena, filosofo-gobernariari dagokiona.

Dialektika

Heziera platonikoaren jakintza garrantzitsuena da. Dialektika da Platonek filosofia ulertzeko duen modua. Erabat arrazionala den metodoa da, ez da enpirikoa; hau da, ez du esperientzia sentikorra ezertarako erabiltzen.

Dialektikaren helburua ideiak atzematea eta definitzea da. Dialektikaren bidez ideia gorenak —Ongia bere baitan, Justizia bere baitan— intuitzera (Noesis) heltzen den ikaslea filosofoa da. Eta bera da hiriaren gobernua hartu dezakeen bakarra.

Deskargatu

PDF Word HTML