Platonen Filosofia: Ideiak, Ezagutza, Gizakia eta Estatua

Filosofia eta etika5,11 KB

Ideien Teoria eta Ezagutzaren Kontzeptua

Ideien Teoria: Bi Munduen Dualismoa

Platonek Ideien Teorian, bi munduren existentzia proposatzen du: mundu hautemangarria eta ideien mundua. Mundu hautemangarria gure zentzumenekin hautematen dugun errealitate fisikoa da; aldagarria eta hilkorra da, eta horregatik ez da benetako errealitatea. Bestalde, ideien mundua hilezkorra eta iraunkorra da, zentzumenetatik haratago dago, eta bertan daude gauzen betiko ideiak edo esentziak. Adibidez, Platonen arabera, etxe guztiek "etxearen ideia" partekatzen dute; ideia hori da benetakoa, eta etxe fisikoak haren itzalak edo kopiak baino ez dira. Ideiek dira gauzen benetako izaera, eta guztien gainetik Ongia dago, ideia nagusia, Justizia eta Edertasun bezalako kontzeptuak oinarritzen dituena. Ideien eta objektuen arteko harremanari dagokionez, Platonek imitazioa eta partaidetza aipatzen ditu: objektu fisikoek ideiak imitatzen dituzte edo haiekin esentzia partekatzen dute.

Ezagutzaren Teoria: Doxa eta Noesis

Platonen ezagutzaren teoria dualismoan oinarritzen da, hau da, bi errealitate maila bereizten ditu: hautemangarria eta adigarria. Bi eremu hauek kontuan hartuta, bi ezagutza mota daude, eta hauek ulertzeko prozesu dialektikoa beharrezkoa da. Platonek ezagutza bi motatan banatzen du:

  • Doxa (iritzia): Hautemangarria da eta irudi eta objektu fisikoen bidez jasotzen dugu. Hau ez da benetako ezagutza, mundu fisikoa aldakorra eta akastuna delako. Doxa bi zatitan banatzen da:
    • Eikasia: Irudiak hautematen dituena.
    • Pistisa: Objektu fisikoei buruzko iritziak sortzen dituena.
  • Noesis (egiazko ezagutza): Intelektualki eskuratzen den egiazko ezagutza da, eta ideien munduari eta unibertsaltasunari buruzkoa da. Hau ere bi ataletan banatzen da:
    • Dianoia: Objektu matematikoen bidezko ezagutza.
    • Epistemea edo dialektika: Ideien arteko erlazioak eta haien unibertsaltasuna ezagutzen dituena.

Gainera, Platonek dio arimak ideien mundua aurrez ezagutu duela, eta ikastea ez dela berria ikastea, baizik eta gogoratzea (erreminiszentzia).

Gizakia eta Estatuaren Antolaketa

Platonen Antropologia: Gorputza eta Arima

Platonen antropologian, gizakia bi atalek osatzen dute: gorputza eta arima. Hau da dualismoaren ideia, eta Platonentzat arima da benetan gorputzari bizia ematen dion elementua eta, aldi berean, jakinduria unibertsala eta perfektua lortzeko bitartekoa. Gorputza, ordea, arimarentzat oztopo bat da, haren “kartzela” bezala, gorputzaren desioek arima nahas dezaketelako eta bere helburutik aldendu dezaketelako. Platonek arima hiru zatitan banatzen du:

  1. Zati arrazionala: Hilezkorra eta jainkotiarra den atala, jakinduria eta arrazoiaren bidez gorputza gidatzen duena (buruan dagoena).
  2. Zati haserrekorra: Hilkorra eta animaliek ere duten zatia; bere bertutea kemena da, minari aurre egiteko indarra ematen duena (bularrean dagoena).
  3. Zati grinatsua: Hau ere hilkorra, eta helburua gorputzaren plazerak neurtzea da, kontrol eta neurritasuna mantenduz (sabeleko aldean kokatzen da).

Arimaren egoera ideala hiru atal hauen arteko harmonia da. Platonek Fedro lanean gurdi baten irudiarekin azaldu zuen: gidariak, hau da, zati arrazionalak, bi zaldien (haserrekorra eta grinatsua) kontrola mantendu behar du bizitza orekatua eta zuzena izateko, justiziara iritsiz.

Estatu Ideala eta Gobernu Formen Gainbehera

Platonen bizitzan politikak garrantzi handia izan zuen, filosofiak eta etikak estatua zuzendu dezaketela sinesten baitzuen. Platonentzat, gizakia gizarteko izakia da, eta Estatua gizabanakoaren bertuteen oinarrian egon behar da. Haren ustez, filosofia eta politika ezinbestekoak dira justizia eta bertutearen bidez Estatu perfektua sortzeko. Atenasko krisi politikoak eta Sokratesen heriotzak bere ikuspegi hori sendotu zuten, eta Estatu perfektua sortzeko saiakeran hiru aldiz joan zen Sirakusara, nahiz eta porrot egin.

Errepublika lanean, Platonen Estatu perfektua hiru estamentuz osatzen da:

  • Gobernariak: Jakinduria da haien bertutea.
  • Zaindariak: Kemena da haien bertutea.
  • Ekoizleak: Neurritasuna da haien bertutea.

Gobernariek eta zaindariek ez dute jabetza pribaturik izan behar, interes pribatuak eta publikoak ez nahasteko. Estatua aristokratikoa da, hau da, bertutetsuenek eta adimentsuenek gobernatu behar dute.

Platonen ustez, aristokraziaren gainbehera gobernu forma desberdinen degradazioaren bidez gertatzen da:

  1. Aristokrazia
  2. Timokrazia
  3. Oligarkia
  4. Demokrazia
  5. Tirania (demokraziak sortua, gehiegizko askatasunaren ondorioz)

Deskargatu

PDF Word HTML