Platonen Errepublika: Ongia, Hiria eta Askatasuna

Filosofia eta etika3,93 KB

Testu hau Platonen Errepublika liburutik hartuta dago, non bertan hainbat gai landu zituen. Konkretuki, testu honetan gai nagusia ongia da.

Platon filosofo greziarra izan zen, K.a. V. mendean jaioa. Sokratesen ikaslea eta Aristotelesen maisua izan zen. Garai hartan, aldaketa sozial eta politiko sakonak eman ziren. Platonen ideia nagusietako batzuk ideien teoria, dualismoa, haitzuloaren mitoa eta arimaren teoria izan ziren. Baina, benetan posible al da horrelako hiri ideal bat sortzea?

Adiskidantzaren, Bertutearen eta Hiri Idealaren Aldeko Argudioak

Platonen hiria antolatzearen alde gaude; izan ere, bakoitzak funtzio bat betetzen du gizartean, eta horrek lan banaketa orekatu bat sortzen du. Denek dute beren eginkizuna, eta horrek gizarteko talde sozialen arteko ezberdintasunak gutxitzen ditu. Hobbes filosofoa aipatu dezakegu: berak pentsamendu bera zuen, hau da, beharrezkoa zela agintari batek gizartea kontrolatzea. Platonek ere antzera pentsatzen du; gatazkak saihesteko, ongia ezagutzen duten filosofoak agintean jarri behar direla dio, haiek gidatu behar dutelako gizartea justizia eta harmoniaz. Elkarlana eta ongizatea lortzea dira helburu nagusiak, norberaren interesak gaindituz.

Hiri Idealaren Aurkako Argudioak

Platonek dioen moduan, bakoitzari funtzio jakin bat esleitzen bazaio, benetan hiritarrek askatasunik al dute? Hiritarrak funtzio bat betetzeko programatutako robotak izan litezke, eta, horren ondorioz, norberaren askatasuna murriztuta geratzen da. Hannah Arendtek adierazten duen bezala, Platonen hiri idealak gizarte klasista sortuko luke, non hiritarrek askatasun falta jasango luketen. Kanten iritziz, aldiz, hiritarren pentsamendua libre utzi behar da. Horrekin batera, Nietzscheren metafora —gamelu, lehoi eta haurrarena— aipatu daiteke.

Ba al dago benetako askatasunik Platonen hiri idealean?

Aristotelesek eta Arendtek uste zuten askatasunez pentsatzeko eta erabakitzeko gaitasuna ezinbestekoa dela, eta Platonen hiriak kontrol estu bat ezarriko lukeela, giza eskubideak urratuz. Hori onartuko genuke?

Hausnarketa Platonen Hiri Idealari Buruz

Nire ikuspuntutik, Platonen planteamenduak gizakien aniztasuna eta askatasuna murrizteko arriskua dakar. Harmonia eta justizia lortzea helburu den arren, ezin da ahaztu pertsonen askatasuna.

Ongiaren Aldeko Argudioak

Gizarteak ongia zein den jakin badu, egoera desberdinetan ez genuke modu egoistan jokatuko, eta zigorraren beharra murriztuko litzateke. Hezkuntza egokiak, Sokratesen arabera, pertsonak ongi jokatzeko moduak irakasten dizkie, eta horrek agintari edo zaindaririk gabe zentzuz aritzeko aukera emango lioke. Horrela, denok ondo jokatzeko aukera izango genuke, zigorrik gabe, eta gizartea garaile aterako litzateke.

Ongiaren Aurkako Argudioak

Sofistek diote ez dagoela balio moral absoluturik, eta horrek esan nahi du ongiaren definizioa aldatu egiten dela egoeraren arabera. Horregatik, zaila da adostea zer den ongia, ikuspegiak eta egoerak asko aldatzen direlako. Aristotelesek uste du ezagutzeak ez duela beti zuzen jokatzera eramaten, eta ongia beti erdibidean dagoela, neurritasunean. Nietzschek aldarrikatzen du ongia pertsonala dela, eta Kantek dio ongi jokatu behar dela norberaren kontzientziaren arabera, kanpoko agindurik gabe. Hala ere, gizartean elkarbizitza ordenatua izateko, ongia denon artean adostu behar da.

Hausnarketa Ongiari Buruz

Nire ustez, ongia ezagutzeak lagundu dezake gizartea hobeto antolatzen, baina, sofisten esanetan, ongiaren definizioa aldatu egiten da egoera bakoitzean. Horrek zaila egiten du denontzat egokia den eredu bat adostea. Hala ere, Sokratesek esaten duen bezala, hezkuntza egokiak lagundu lezake jendeak zentzuz jokatzen, zigorra behar izan gabe. Baina Aristotelesek dio ezagutza ez dela beti nahikoa zuzen jokatzeko, aukera pertsonala ere behar delako. Beraz, ongia guztion artean adostu behar bada ere, ez da erraza, denok ikuspegi ezberdinak ditugulako.

Deskargatu

PDF Word HTML