Platon eta Nietzsche: Gizakiaren eta Moralaren Ikuspegiak

Filosofia eta etika4,19 KB

Nietzschek proposamen antropologiko eta etiko bat egin zigun, hiru ataletan banatuta: botere-nahia, supergizakia eta betiereko itzulera. Proposamen hau Mendebaldeko kulturan arrazionalismoak eta metafisikak sortutako gainbehera gainditzeko egin zuen. Horretarako, esklaboen moralarekin hautsi eta bizitzari baietz esan behar zitzaion (supergizakia), arrazoiari horrenbesteko garrantzia eman gabe eta gorputzean, zentzumenetan... gehiago zentratuz (bitalismoa). Platonek, aldiz, gizakiari buruzko ikuskera dualista bat erakutsi zigun, beti ere arrazoia eta haren ahalmena goraipatuz. Oraingoan, bi filosofo hauen jarrerak sakonago konparatuko ditugu; izan ere, ikus dezakegunez, funtsean oso ezberdinak edo ia kontrakoak dira.

Platon eta Nietzsche: Gizakiaren Ikuskerak

Esan bezala, Platonek gizakiaren ikuspegi dualista zuen; hau da, gizakia bi zatitan banatu zuen: alde batetik arima eta bestetik gorputza. Gehien goraipatu zuena arima izan zen, gorputza haren kartzela zela esan baitzuen. Izan ere, Platonen ustez, arima mugimenduaren printzipioa zen, gure arrazoiaren kokalekua, eta gorputza inperfektua eta hutseginkorra zen, arima oztopatzen zuena eta premiak, beldurrak... sorrarazten zizkiona. Platonek pasioak, borondatea, indarra... hemen kokatzen zituen.

Nietzscheren jarrera erabat bestelakoa izan zen: hark ez zuen gizakiaren dualismoan sinesten, ez zuen banaketarik egin. Beraz, esan genezake ez zutela "gorputz" delakoaren kontzeptu bera. Bestalde, esan beharra dago Nietzschek, Platonek ez bezala, gorputzari eman beharreko garrantzia goraipatu zuela, eta horri lotuta dauden grinak, indar fisikoak... hau da, Antzinako Grezian sen dionisiakoa bezala ezagutzen zena. Haren ustez, bizitzari baietz esan behar zitzaion, jaunen moralean gertatzen zen bezala. Beraz, gorputzari, askatasunari (bizitzaren alderdi irrazionalari)... garrantzia handiagoa eman behar zitzaion, horrela gainbeheratik ateratzeko; hau da, balio berriak ezarri behar ziren, eta hori supergizakiek egin zezaketen. Platon, ordea, irritsak eta pasioak baztertu behar zirelakoan zegoen, hau da, gorputzari lotutako ezaugarriak, arrazoia bere bidetik desbideratzen baitzuten. Ikus dezakegunez, jarrera guztiz kontrakoa zuten.

Supergizakia eta Ideien Mundua: Helburu Moralak

Nietzschek, beraz, egin zuen proposamen moralaren oinarriari "supergizaki" deitu zion, eta horri ezarri zizkion ezaugarriak Platonek gizaki on bati ezarri zizkionen nahiko ezberdinak direla ikus dezakegu. Nietzscheren supergizakia bizitza honetatik kanpo beste helbururik ez duen gizakia da. Haren ustez, momentua baloratu beharra zegoen, ez etorkizuna; izan ere, momentu bakoitzak balio absolutua du, eta betiko galmena ezin da gertatu. Platonen kasuan, aldiz, bizitza honetan arimak zuen helburua gorputzetik ihes egin eta Ideien Mundura itzultzea zen.

Bestalde, supergizakia bere buruaren legegile litzateke. Platonen proposamenean, ordea, arrazoimena gidari den gobernu bat proposatzen zaigu. Bestalde, supergizakiak bizitzaren aldeko dena lehenesten du, lurra maite du, eta baita zentzumeneko mundua eta gorputza ere. Esan bezala, Platonen ikuspegitik gorputzetik ihes egin beharra zuen arimak, eta lehenesten zuen Ideien Mundura iristea zuen helburu. Hortaz, guztiz ezberdinak diren jarreren aurrean gaude.

Ondorioak eta Erdipuntua

Amaitzeko, ondorio gisa, aitortu beharra dago, aipatu bezala, jarrera oso ezberdinak izan zituztela bi filosofoek. Hala ere, nahiko arrunta iruditu dakiguke bien garaien artean hainbeste urteko ezberdintasuna dagoela kontuan hartuta; izan ere, Platon K.a. 428/427. urtean jaio zen eta Nietzsche 1844. urtekoa da. Esan bezala, Platonek arrazoia baloratu zuen, eta Nietzschek bizitzan momentua bizitzea, gorputza baloratuz, damutu gabe, une bakoitzak balio absolutua duelako.

Horren muturreko aukerak izanik, bien arteko erdipuntu bat bilatzea izan beharko litzateke, agian, hartu beharko genukeen jokaera. Hau da, momentuaz gozatu beharko genuke, eta gure pasioak kontuan hartuz (ez denak beti, noski), baina beti ere burua erabiliz jokatuz, eta ez kanpoko munduekin itsutuz eta bizitzaz gozatzen jakin gabe.

Deskargatu

PDF Word HTML