Platon, Aristoteles eta Sofistak: Antzinako Filosofia

Filosofia eta etika4,85 KB

Platonen Ideien Teoria

Platonen ustez, balio absolutuak existitzen dira, eta hau justifikatzeko izatearen teoria azaltzen du. Teoria honetan bi mundu bereizten dira: mundu fisikoa (zentzumenez hautematen dena) eta ideien mundua. Mundu fisikoa aldakorra da, hau da, beti aldatzen ari da; zientziaren definizioak, aldiz, aldaezinak dira. Beraz, definizioak ez dira mundu fisikokoak, ideien mundukoak baizik.

Mundu Sentikorra eta Ideien Mundua

Mundu sentikorreko gauza bakoitzak baditu berezko ezaugarriak eta baita batetik bestera desberdintzeko gaitasuna ere. Adibidez, badakigu zer den zaldi bat eta zer den lore bat, eta badakigu bereizten. Izakiak, nahiz eta hilkorrak izan, dagozkien eredu materiagabea dute; hau da, bakoitzak sorrarazten duen ideia ez da desagertzen, betierekoa eta ezabaezina da. Azkenean, lore bat edo zaldi bat zer den betierekoa eta aldaezina da.

Ideien Ezaugarriak eta Hierarkia

Zerbaiten definizioa ematen dugunean, komunean dituzten ezaugarriak aditzera ematen ditugu ideiak erabiliz. Platonentzat, ideiak eredu aldaezinak, betierekoak eta perfektuak dira; hau da, benetako errealitatea. Berdina gertatzen da betebeharrarekin, adiskidetasunarekin edota edertasunarekin; ondorioz, zuzena zer den erabakitzean ideiari erreparatu behar zaio, argudio teknikoari beharrean.

Ideien ereduan, mundu sentikorra ideien munduaren kopia bat da. Demiurgo jainkoak, mundua egin zuenean, lehenik materia sortu zuen eta gero ideiak, sortutako materiei zentzua emateko. Garrantzitsua da ongiaren ideia, puntu gorenean dagoelako. Ideiak arrazoiaren ezagugaiak dira, zerbait irizteko erreferentzia-puntuak (eredutasuna) eta objektu naturalen zergatikoak.

Dualismo Antropologikoa

Platonek gizakiaren izaerari buruzko teoria bat garatu zuen, non gizakiak bi osagai dituen: gorputza eta arima. Lotura akzidental eta behin-behineko batek batzen ditu. Gorputza materiala da, sentipenen mundukoa, hilkorra, kopia eta inperfektua. Platonen ikuspegian, gorputza arimaren kartzela da eta esklabizatu egin dezake.

Arimaren Hiru Zatiak

Arima zati ez-materiala eta formala da, gizakiaren benetako izaera. Arimaren helburua purifikazioa lortzea eta ideien mundura bueltatzea da. Hiru arima mota daude:

  • Arrazionala: Izpirituala eta hilezkorra. Burmuinean kokatzen da; bere lana pentsatzea, ezagutzea eta egiaren kontemplazioa da.
  • Suminezkoa: Borondatea, adorea eta indarraren jatorria. Bihotzean dago eta arima arrazionalari jaramon egin behar dio.
  • Irritsezkoa: Biziraupen-senarekin eta behe-mailako sentimenduekin (sexu-irrikak, janaria...) lotuta dago. Sabelean kokatzen da eta bere funtzioa pasioak kontrolatzea da.

Sofistak: Eszeptizismoa eta Erlatibismoa

Eszeptizismo Epistemologikoa

Sofistak erlatibismo etiko, politiko, erlijioso eta epistemologikoaren aldekoak ziren. Eszeptizismoak defendatzen du "egia" edota "benetako jakintza" ez dela existitzen. Gizakiak "handia edo txikia" eta "beroa edo hotza" bereizten ditu, baina kontzeptu horiek berak asmatutakoak dira. Sofistentzat ez dago inolako jakintza absoluturik; ezagutzea ez da posible.

Erlatibismoa eta Legeen Konbentzionaltasuna

Sofisten ustetan, gizarte bakoitzaren arau politikoek eta legeek ez daukate balio absoluturik; guztiz erlatiboak dira. Ez dago "berez" justua edo zuzena denik. Gizakiok asmatutako legeak aldatzeko modukoak dira (konbentzionaltasuna), eta ez dute balio unibertsalik.

Aristotelesen Teoria Politikoa

Gizakia animalia politikoa da eta ondo antolaturiko gizarte batean bizi behar du perfekzioa garatzeko. Aristotelesek bi gobernu mota bereizten ditu:

  • Zuzenak: Guztien ongia bilatzen dutenak (monarkia, aristokrazia eta errepublika).
  • Okerrak: Gobernuan daudenen interesak soilik babesten dituztenak (tirania, oligarkia eta demagogia).

Aristotelesen errepublika oligarkiaren eta demokraziaren arteko tarteko erregimena da. Bere ustez, irizpide nagusia ez da zenbatek gobernatzen duten, baizik eta nork eta nola. Politikariek gutxieneko ondasun bat izan behar dute, baina Platonek ez bezala, Aristotelesek jabetza pribatua onartzen zuen.

Justizia eta Bertutea Polisean

Hiritar guztiek parte har dezakete polisean, merezimenduaren arabera. Aristotelesentzat, zuzen jokatzeko bertute etikoa eta ohitura onak beharrezkoak dira. Justiziak bi alderdi ditu: legezkortasuna (legeak betetzea) eta merezimendua (tratu bera merezi dutenaren arabera). Bertutea da hiria iraunarazten duen bakarra, eta legeak ez du izan behar ez oligarkikoa, ez demokratikoa.

Deskargatu

PDF Word HTML