Platon eta Aristoteles: Giza Arimaren Ikuspegiak
Antropologia: Platon vs. Aristoteles
Bi filosofoek gizakiari buruzko ikuspuntu dualista dute, hau da, gizakia bai arimaz bai gorputzaz osatuta dagoela defendatzen dute. Hala ere, ikuspuntu desberdinak dituzte arimari buruz.
Bien ustez, arima gorputzari bizitza ematen dion printzipioa da, baina modu desberdinean bereizi zituzten arimaren zatiak.
Platonen Arima Motak Funtzioen Arabera
- Arima arrazionala: Gorputza gidatzea da bere funtzioa, eta gobernarietan nagusitzen da. Bere bertutea jakinduria da.
- Arima suminkorra: Desio nobleei dagokie, zaindarietan nagusia da eta bere bertutea kemena da.
- Arima grinatsua: Plazerrak neurtzea du helburu, eta herri xehean nagusitzen da; bere bertutea neurritasuna da.
Aristotelesen Arima Motak Funtzioen Arabera
- Landare arima: Landareetan dago eta elikatze, hazte eta ugaltze funtzioak biltzen ditu.
- Sentimen arima: Animalietan dago eta landareek betetzen dituzten funtzioez gain, hautemate, desio eta lokomozio funtzioak biltzen ditu.
- Arima arrazionala: Gizakietan dago eta aurreko biak betetzen dituzten funtzioez gain, hausnartze, eztabaidatze eta aukeratze funtzioak betetzen ditu.
Antzekotasunak: Arima Arrazionala
Platon eta Aristotelesen arteko berdintasun bat biek arima arrazionala bereizten dutela da, eta garrantzi berezia ematen diote, arrazoimena gizakiak bakarrik berezkoa duen funtzioa dela ikusten baitute. Arrazoimena erabiliz lortzen da bizitza bertutetsua edo zoriontsua eramatea, eta beste bi arimak, hori lortzeko beharrezkoak izan arren, ez dute horrenbesteko garrantzirik.
Desberdintasunak: Arima eta Gorputza
Desberdintasunari dagokionez, Platonek justizia lortzeko hiru arimak orekan egon behar direla dio, baina Aristotelesek maila askoz baxuago batean jartzen ditu beste bi arimak.
Platonen Dualismoa: Arima Hilezkorra
Honetaz gain, Platonek arima perfektu, aldaezin eta hilezkorra proposatu zuen. Gorputza, berriz, begi-bistakoa da hilkorra dela. Gizakia aurkakoak diren bi substantziez osatuta dago, eta gorputza hiltzean arimak bizirik jarraitzen du. Honela, arima bezalako errealitate goren batek beste mundu baten existentzia eskatzen du; beraz, ideien munduarekin erlazionatu zuen, gorputza, berriz, mundu hautemangarriarekin.
Aristotelesen Monismoa: Arima eta Gorputzaren Batasuna
Aristotelesek arima eta gorputza bat direla dio, eta bata hiltzean bestea ere desagertzen dela, bien arteko batasuna ezin baita hautsi. Beraz, arimaren berezko mundua ezagutzen duguna da; filosofo honek ez du bi munduren arteko bereizketarik egiten.
Ondorioak eta Iritzi Pertsonala
Nire ustez, Platonek egiten duen giza arimaren zatiketa egokia da; izan ere, beharrezkoa da gure hiru ezaugarri nagusien arteko oreka aurkitzea bizitza zoriontsu bat lortzeko. Hala ere, Aristotelesek arima eta gorputzaren batasunarekiko duen ideiarekin bat nator, zaila iruditzen baitzait mundu honetako gizakiengan aurkitzen den arima beste mundu batekoa dela pentsatzea.