Ortega y Gasset, Wittgenstein: Bizitza, Historia, Ideiak eta Hizkuntza

Filosofia eta etika4,25 KB

Bizi Arrazoia, Historia Arrazoia: Bizitza eta Historia (Ortega y Gasset)

Bizi arrazoia eta historia arrazoia. Bizitza eta historia.

Bizi-arrazoia historikoa da. Bizitza jarduera da, zirkunstantziarekin aurrez aurre arrazoitzean datza. Horixe da bizi-arrazoimenaz baliatzea. Gizaki orok bizi-egitasmo bat prestatzen du zirkunstantziari begira eta hura betetzen ahalegintzen da. Proiektu hauek burutu ondoren, beste bati ekiten dio, aurrekoa kontuan hartuz, hutsegiteak saihesteko.

Gure bizitzako esperientziak, sarritan, kontraesankorrak dira, eta bizi-arrazoimenaren eskutik ikertu behar ditugu.

Ortegaren arabera, orainaldi bakoitzak hiru bizi-dimentsio ditu: hogeitaka urtekoen bizipenak (gazteak), berrogeitaka urtekoenak (helduak) eta hirurogeitaka urtekoenak (adinekoak).

Garai berean bizi diren pertsona guztiak garaikideak dira, ez ordea, adinkideak. Adinkideek arazoak eta ideiak partekatzen dituzte.

Adinkide guztiek belaunaldi bat osatzen dute; Ortegaren ustez, belaunaldi bakoitzak hamabost urte irauten du.

Garaikide guztiak adinkideak izango balira, ezinezkoa litzateke edozein aldaketa.

Ortega ahalegintzen da historiari dagokion arrazoia aurkitzen, gertakarien deskripzioaz soilik arduratzen den arrazoi fisikoaren aurka.

Ideiak eta Sinesteak (Ortega y Gasset)

Ortegaren ustez, gizaki bat ulertu nahi badugu, haren ideiak aztertu behar ditugu; ideiak gizakiak munduan nora jo behar duen jakiteko baliatzen dituen koordenadak dira.
Ortegak bi ideia mota bereizten ditu: alde batetik, sinesteak, eta, bestetik, burutapen-ideiak edo hitzaren berariazko zentzuzko ideiak.
Sinesteak gure ondoan berez aurkitzen ditugun usteak dira, geure burua munduan kokatzeko modua automatikoki luzatzen digutenak. Oso barneratuta ditugu, haien baitan bizi garelako. Sineskerek gu *gauzkate*. Hauek jaso ditugu, gu existitu aurretik bertan bazeudelako. Era berean, sineskerak komunak dira gizatalde bateko kideentzat.

Burutapen-ideiak gizakiak berariaz eraikitzen dituen pentsakizunak dira, eta horietaz ohartzen denean, eztabaidatzea irits daiteke, haien barnean ez baita murgilduta sentitzen. Zalantza beti egongo da ideien baitan; horregatik, berreraiki egin behar dira sineskera bihurtu arte. Sinesteak ez ditugu berreraiki behar, hain errotuta ditugunez…

Wittgenstein: Hizkuntzaren Mugak eta Erabilerak

Wittgensteinen pentsamendua aztertzean, bi filosofia guztiz desberdinak aurkitzen ditugu. Lehenengoa, Tractatus Logico-Philosophicus idazlanean oinarritzen da; bigarrena, Ikerketa Filosofikoak lanean.

Wittgenstein I: Tractatus eta Hizkuntzaren Mugak

Tractatus-en arabera, filosofia ez da zientzia bat. Proposizio filosofikoak zentzugabeak direnez, filosofiak hizkuntzaren mugak argitu behar ditu, garbi gera dadin zer esan daitekeen zentzuz eta zer ez. Hizkuntzaren analisi logikoa erabiliz, proposizio zientifikoen zentzu logikoa argitzen da.

Wittgensteinek isiltasun-esparru bat zabaltzen du alde mistikoaren aurrean. Horrenbestez, gauzak argi daude, beren zentzuaren barnean, eta ezin ditugu nahasi:

  1. Zientziaren hizkuntza da zentzua duen eta mintza daitekeen bakarra.
  2. Badago isilpeko beste arlo mistiko bat hizkuntzatik haratago, eta hor daude gizakiaren benetazko arazoak.
  3. Tartean filosofia dago, hizkuntzaren jarduera kritika modura.

Wittgenstein II: Ikerketa Filosofikoak eta Hizkuntza-jokoak

Ikerketa Filosofikoak lanean, Wittgensteinek dio hitz edo perpaus bat ulertzea ez dela erreferenteak ezagutzea, erabiltzen jakitea baizik. Hizkuntza erreminta-kutxa batekin adierazten du: kutxaren barnean, funtzio ezberdineko erremintak daude.

Filosofiaren zeregina jokoen funtzionalitatea aztertzean datza, hizkuntzaren erabilera nahasi eta okerrek sortzen dituzten arazo faltsuak ezabatzeko. Filosofiaren funtzioa bikoitza da:

  1. Funtzio deskriptiboa: gertakariak ulertzea eta deskribatzea.
  2. Funtzio terapeutikoa: sasiarazo filosofikoen existentziak sortzen duen hizkuntzaren erabilera okerra identifikatzea.

Analisiaren metodoa honetan datza: joko guztietan gertatzen diren termino linguistikoen erabilerak aurkitzea, terminoaren benetazko esanahia ezagutzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML