Oinordetza eta Dohaintzen Zerga: Oinarri Likidagarria (19. Art.)
Oinarri Likidagarria
19. artikulua
19.1 art. Etxebizitzaren eskurapena
Gertatzen baldin bada eskualdaketa egin aurreko bi urteetan eskuratzailea eskualdatzailearekin batera bizi izan dela eta etxebizitzaren jabetza osoa, usufruktua, jabetza soila edo lurrazal-eskubidea kosturik gabe eskuratzen dela inter vivos edo mortis causa, eskurapenek %95eko murrizpena izango dute zergaren oinarri zergagarrian, 220.000 €-ko mugarekin.
Bete beharreko baldintzak:
- Eskualdatzailearekin gutxienez aurreko bi urteak bizitzea.
- Eskualdaketa inter vivos edo mortis causa egitea.
- Eskurapena dohain egitea eta etxebizitzaren jabetza, usufruktua, jabetza soila edo lurrazal-eskubidea eskuratzea.
19.2 art. Mortis causa eskurapenak eta ahaidetasun mailak
Aurreko epigrafean xedatutakoaren kalterik gabe, mortis causa eskurapenetan oinarri likidagarria kalkulatzen da oinarri zergagarriari 20. artikuluko lehen zenbakian jasotako ahaidetasun mailak kontuan hartuta dagokion murrizpena aplikatuta.
Oinarri zergagarrian aplikatzen diren murrizpenak (etxebizitzatik aparte):
- 220.000 € lehen taldean sartutakoentzat.
- 16.150 € bigarren taldean sartutakoentzat.
- 8.075 € hirugarren taldean sartutakoentzat.
Honetaz gain, minusbaliotasun fisiko, psikiko edo entzumenezkoa duten pertsonek eta mendetasun egoeran daudenek egindako eskurapenetan 80.000 €-ko murrizpena aplikatuko da kausatzailearekiko, kausatzailearekin duen ahaidetasun mailagatik bidezkoa izan daitekeena eragotzi gabe.
Ondorio hauetarako, ulertuko da pertsona minusbaliatua edo mendetasun egoeran dagoena murrizpenerako eskubidea duela PFEZ-ko kenkaria aplikatzeko eskubidea zerga horren araudiaren arabera baliatzen duenean.
19.3 art. Dohaintza edo antzeko titulu bidezko eskurapenak
Dohaintza edo antzeko titulu bidez egindako eskurapenetan, oinarri zergagarriari artikulu honen lehen epigrafean adierazitako zenbatekoa murriztuko zaio, hala badagokio.
19.4 art. Bizi aseguruak direla eta jasotako zenbatekoak
Bizi aseguruak direla eta, jasotako zenbatekoen eskurapenetan oinarri likidagarria lortzeko murrizpen hauek aplikatzen dira oinarri zergagarrian:
A) Ahaidetasunaren araberako murrizpenak:
- 220.000 € lehen taldean sartutakoentzat.
- 16.150 €-ko murrizpena eta gainerako zenbatekoaren %25ekoa bigarren taldeko ahaidetasun maila denean.
- 8.075 €-ko murrizpena hirugarren taldeko ahaidetasun maila baldin bada.
Aseguru kolektiboetan edo enpresek euren enplegatuen alde kontratatutako aseguruetan, aurreko murrizpenak aseguratuaren eta onuradunaren arteko ahaidetasunaren arabera aplikatuko dira. Murrizpen honetaz gozatu ahal izateko, polizan aurreikusitako ezbeharra gertatu baino gutxienez bi urte lehenago hitzartuta egon behar du aseguruak, hura modu kolektiboan hitzartu ez bada behintzat.
B) Terrorismo edo giza laguntzako misioengatiko murrizpena:
%100eko murrizpena egingo da jasotako zenbatekoak terrorismo-egintzak nahiz nazioarteko giza edo bake-laguntzako misio publikoetan emandako zerbitzuak direla medio hitzartu diren bizitza-aseguruen ondorioa direnean.
10.2 f) Pentsioen oinarri zergagarria zehaztea
Pentsioen oinarri zergagarria zehazteko, kapitalizatu egingo dira zergaren sortzapen datan indarrean dagoen diruaren legezko interesaren arabera, eta ateratzen den kapitaletik hartu egingo da usufruktuak baloratzeko ezarritako erregelen arabera. Pentsiodunaren adinari dagokion zatia, pentsioa bizi artekoa baldin bada edota pentsioaren iraupenari dagokion aldi baterakoa baldin bada. Pentsioaren zenbatekoa diru-unitatean zenbatzen ez denean, oinarri zergagarria zehazteko lanbide arteko gutxieneko soldataren urteko zenbatekoa kapitalizatuko da.
15.6 artikulua: Pentsioen ordezko ondasun-lagapenak
15.6 artikuluarekin osatu behar da: bizi arteko edo behin-behineko pentsioen ordezko ondasun-lagapenetan, lagapenaren ondorioetarako finkatutako oinarri zergagarria pentsioarena baino %20 eta 12.020,24 € handiagoa denean, bi oinarriak bat datozen balioarekin egingo da ondasun-emailearen likidazioa. Eta beste likidazio bat egingo zaio sortutako desberdintasunagatik, musu-truke lortutako ondare-gehikuntza gisa.
19.5 art. Familia enpresen edo negozio profesionalen eskurapenak
19.5 artikuluan dio: hildakoaren ezkontideak edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotakoaren arabera osatutako izatezko bikoteak direnean, izatezko bikote-kideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek, edota hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek mortis causa eskuratzen badituzte aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren 27. artikuluan araututako hobaria aplikagarria zaien enpresa indibidual bat, negozio profesional bat edo entitateko partaidetzak edo haien gaineko usufruktu-eskubideak, eskurapen horiek %75eko murrizpena izango dute zergaren oinarri zergagarrian. Beti ere, eskuratutakoari kausatzailea hil ondorengo 10 urteetan eusten badiote, salbu eta epe horretan eskuratzailea hiltzen bada. Atal honetako lehen paragrafoan aipatutako eskurapenari eusteko baldintzak betetzen ez badira, murrizpenaren ondorioz, ordaindu ez den zergaren zatia eta berandutza-korrituak ordaindu beharko dira.
Baldintzak:
- Mortis causa eskurapen bat egitea.
- Enpresa indibidual bat eskuratzea edo negozio profesional bat edo erakunde batean partaidetzak edo haien gaineko usufruktu-eskubideak. Azken finean, familiako enpresak babestu nahi dira.
- Enpresa, negozio edo partaidetzari aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren 27. artikuluan ezarritako hobaria aplikatzea.
- Mortis causa eskurapena egitea, ezkontideak, bikotekideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek, eta azkenik hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek. Murrizpena %75ekoa izango da.
- Pertsona hil ondoren 10 urtez jardun beharko da jardueran, salbu eta eskuratzailea epe horretan hiltzen bada.