Oinarrizko Ekonomia eta Enpresa Terminoak
Holding
Holdinga beste enpresen akzioen jabe den elkartea da. Beste enpresa edo enpresen jarduerak ekonomikoki kontrolatzeko, enpresaren akzio guztiak edo gehienak erosi behar ditu. Partaidetzak lortzen diren enpresak sektore berekoak edo askotakoak izan daitezke; holdingek, enpresetako partaidetzen bitartez lortzen duten kontrolari esker, inbertsio kopuru txikiago baten bidez, hainbat konpainiaren kontrol bateratua lor dezakete.
Deslokalizazioa
Eskulana merkeagoa den tokira industria aldatzeari deritzo. Prestakuntza gutxiko eskulan ugari behar duten industrien kasuan gertatu ohi da, baina gaur egun beste sektore batzuetara ere hedatu da, soldata merkeagoak bilatzearen ondorioz.
Goi Teknologiako Industria
Intentsitate teknologiko handia, produktuen bereizketa handia eta eskari handia duen industria mota da. Sektore hauetan oinarritzen da: ordenagailuak, tresna optikoak, material elektronikoa, eta abar. Parke teknologiko edo zientifikoetan ezartzen da.
Industria
Lehengaiak landuz eta transformatuz, ondasun materialak eta kontsumo-gaiak ekoiztea helburu duten ekonomia jardueren multzoa da. Ekonomian, industriak bigarren sektorea osatzen du. Historian zehar, Industria Iraultza izan zen XVIII. eta XIX. mendeetan zehar industria gehien garatu zen aldia.
Tertziarizazioa
Ekonomiaren hirugarren sektoreak beste bi sektoreekin alderatuta pisua irabaztea da, sektore nagusi bihurtu arte, okupatutako biztanleria aktiboari zein BPGari egindako ekarpenari dagokionez.
Garapen Iraunkorra
Garapen mota bat da, oraingo beharrei erantzuten diena, ondorengo belaunaldien garapena oztopatu gabe. Baliabide naturalen kudeaketa arduratsu baten eta ingurumena babestearen bidez garapen sozioekonomikoa lortzea helburu duen jardunbidea da. Gaur egungo premiak asetu nahi dira, baina datozen belaunaldiek beren premiak asetzeko aukera izan dezaten arriskuan jarri gabe.
Garraio Azpiegitura
Pertsonen edota ondasunen lekualdatzea ahalbidetzen duen sarea osatzen dute. Garraio-sistemaren oinarri materiala osatzen dute, eraikin edo egitura finkoak baitira: autobideak, errepideak, portuak, aireportuak, eta abar. Hauek ondorengo hiru alderdi hauek kontuan hartuta diseinatzen dira: geometria, erresistentzia eta gaitasuna.
Enpresa
Enpresa edo konpainia erakunde ekonomiko eta sozial bat da, gizarteari ondasunak eta zerbitzuak eskaintzen dizkiona, ahalik eta modu eraginkorrenean, ekoizpen-faktoreak (kapitala eta lana, alegia) bateratuz. Enpresak izan daitezke, esaterako, baserriak, okindegiak, hegazkin-konpainiak eta bankuak.
Plataforma Logistikoa
Gune espezializatua da, azpiegitura eta beharrezko zerbitzuak dituena, banaketa eta garraioari lotutako jarduerak errazteko. Bai nazio mailan, bai nazioarteko mailan. Horietan, eragile desberdinek beren ekintzak koordinatzen dituzte. Publikoak, pribatuak edo mistoak izan daitezke.
Lehorreko Portua
Lehorreko portua salgaien terminal intermodal bat da, herrialde baten barruan, itsasotik urruti kokatua, baina itsas portu batekin zuzenean lotuta dagoena. Aduana-zerbitzuak ere izan ditzake. Adibidez: Madril-Coslada.
Frankizia
Merkataritzan, frankizia frankiziatzaile eta frankiziatu baten arteko akordio bat da, zeinaren arabera frankiziatzaileak merkataritza-jarduera bat burutzeko marka, jakintza eta beste aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak ematen dituen, frankiziatuak ordaindu beharreko ordainsari baten truke. Adibidez: Telepizza.