Nietzscheren Kritika Kristautasunari: Jainkoaren Heriotza eta Supergizakia
KRITIKA KRISTAUTASUNARI: JAINKOAREN HERIOTZA ETA SUPERGIZAKIA
Kristautasunaren aurkako kritika
Nietzscheren aburuz, erlijioa beldurretik sortzen da, gizakiak bizitzan dituen larrimin- eta ezintasun-sentimenduetatik. Naturaz gaindiko izaki transzedenteak aldarrikatzean, metafisikak egiten duen hutsegite berera jotzen du. Ondorioz, Nietzschek tradizio judu-kristauaren, budismoaren eta, oro har, erlijio-arau ororen aurka egiten du.
Mendebaldearen historian, kristautasunak antzinatasun klasikoaren balio dionisiakoak baztertzen ditu, mundu ideal baten asmakizunaren bidez, eta mundu erreal bakarra arbuilatzen du. Hilezkortasuna onartuz gero, bizialdi hau igarobide iragankor bihurtzen da.
Nietzscherentzat, kristautasuna platonismo herrikoia da, filosofia eta moral arrunta, ahul eta esklaboentzat. Gainera, erlijioak balio dekadenteak soilik proposatzen ditu, artaldearen balioak, esklaboenak: umiltasuna, mendekotasuna, obedientzia, sakrifizioa… denak bizi-irrikaren aurkakoak.
Nietzschek Antikristoa idazlanean amorruz aldarrikatzen zaio kristautasunari, eta kritika ezin gogorragoak egiten dizkio. Haren esanetan, erlijioa herri xehearen matxinada da jabeen aurka, eta, beraz, xehearen balioak dira erlijioan nagusi.
Grinen eta gorputzaren arbuilada
Nietzschek kristautasunari leporatzen dio grinak, bulkadak, senak, balio estetikoak eta, oro har, gorputzak gogoko duen oro arbuilatu izana. Ondorioz, bere garaiko gertakizun garrantzitsuenak, Jainkoaren heriotzak, ateak zabaltzen dizkio gizakiaren erabateko garapenari, haren indar sortzaileen askapenari.
Kristauen Jainkoa bazterrean gelditzen da, bere agindu, debeku eta abarrarekin. Eta horretan, gizakiak ez du berriro haraindiko mundura begiratuko, gezurrezko mundura jo, eta honako mundu honi erreparatuko dio.
Jainkoaren heriotza
Kristautasunaren ideia guztien oinarrian Jainkoa dago, eta bizitzaren aurkakoa da hori. Ondorioz, indarra, askatasuna eta espirituaren independentzia sendotzeko, Nietzschek ateismoa aldarrikatzen du. Sinesmena ahultasunaren eta koldarkeriaren adierazle da, bizitzaren aurkako jokaera, hitz gutxitan esateko.
Jainkoaren ideiaren sorrera ametsezkoa da guztiz. Are gehiago, gizakiak berak bete lezake Jainkoak utzitako lekua, balio-sortzaile eta legegile den aldetik.
Hortaz, Nietzscheren iritziz, Jainkoa desagertzean, desagertu egiten dira hari atxikitako balio kristauak ere.
Izan ere, kristautasunaren aginduak eta debekuak desagerturik, Jainkoarenganako fedearen gainbeherak gizakiaren jatorrizko indar sortzaileak askatuko ditu, eta jada gizadiak ez dio haraindiko munduari erreparatuko, honako honi baizik.
Gertakizun historiko gisa
Nietzscheren iritzian, Jainkoaren heriotza gertakizun historikoa da, une zehatz batean gertatzen ez bada ere. Azken batean, gizon-emakume guztiek eragin duten heriotza da.
Horretaz ohartzen den lehena, hau da, Jainkoaren heriotzak utzitako hutsuneaz jabetzen den lehena, atal honetan aipatzen den gizaki zoroa da. Zirrara hunkigarri batek jota, bere onetik aterata, oihuka hasten da, ezin sinetsirik gertatu dena. Honela ematen du Nietzschek iragarpenaren berri liburu honetan.