Nietzscheren Filosofia: Supergizakia eta Balioen Aldarazketa

Filosofia eta etika5,28 KB

Botere Nahia (Bizi Nahia) eta Supergizakia

Jainkoaren heriotzak nihilismora eraman du gizakia, eta baliorik gabe, ezerezean utzi du. Nihilismoa gainditzeko eta bizitzari beste zentzu bat emango dioten balio berriak sortzeko, balio zaharrak aldatu egin behar dira. Sormen lan hori botere nahiari dagokio, eta horrek beste gizaki eredu bat sortuko du: supergizakia.

Nietzscheren filosofiaren helburua supergizakia da, eta Zaratustra profetaren bitartez aldarrikatu du. Zaratustrak zioenez, ongiaren eta gaizkiaren arteko tentsioak sortzen ditu ekintza onak eta txarrak, eta gizakia tentsio horren biktima baino ez da, eta ez erantzulea. Hortaz, supergizakiak bere barneko indarrak (desioak) plazaratzen jakingo du, ondorioez kezkatu gabe.

Supergizakiaren hiru eraldaketak

  • Gamelua

    Zama-animalia da eta Jainkoaren esanetara makurtzen den gizakia irudikatzen du; beste munduaren zama daraman kristaua da.

  • Lehoia

    Gameluak gehiago esan nahi badu, lehoi bilakatuko da. Bere jabearen aurka borrokatzeko prest dago, balio tradizionalei uko eginez. Ukapenaren sinboloa da eta supergizakia heltzeko baldintzak sortzen ditu, indarrean dauden balioen aurkako borrokan askatasuna lortzen baitu.

  • Haurra

    Lehoiak haur bilakatuko du. Bizitza beldurrik gabe onartzen du, bere berezko zentzuan. Haurrarentzat bizitza jolasa da, eta bere senaren arabera jokatzen du, ondorioez edo aurreiritziez kezkatu gabe. Soilik haurra izan daiteke supergizakia.

Supergizakiak errealitateari zentzu berria emango dio, Dioniso haragiztatuz. Lurrera itzuliko da, beste mundu bateko ametsez ahaztuz eta Jainkoak utzitako lekua lurrak hartuko du. Moralari dagokionez, gizaki berriak erabateko autonomia izango du eta balio propioak sortuko ditu, berak ezarriko baitu ongia eta gaizkia besteen aurreiritziei kasurik egin gabe. Gainera, gizaki gorenaren askatasunak guztiaren gainetik jarriko du eta bizitzaren bilakaera aldarrikatuko du, ihesbiderik bilatu gabe. Horretaz gain, ez du berdintasunean sinetsiko; bilakaeran sinesten duenez, hierarkiak eta gizakien arteko desberdintasunak onartzen ditu.

Etengabeko Itzuleraren Ideia

Zaratustra ere etengabeko itzuleraren ideiaren profeta izan zen, eta intuizio horrek bizitzaren aldeko apustua adierazten du Nietzscheren ustez. Etengabeko itzuleraren ideiak denboraren arazoaren aurrean kokatzen gaitu, jaiotzen den oro hiltzen denez, bizitzak eta botere nahiak muga hori topatzen dute.

Ideiaren esanahia eta ondorioak

  • Etengabeko itzuleraren ideiaren arabera, denboraren zikloak infinituraino errepikatzen dira, eta hortaz, pertsona bakoitzak bizitza bera biziko du behin eta berriz. Horrela, orainaldiak betiko dimentsioa hartzen du.

  • Ideia hau metafora edo sinbolo bat da. Bizitzaren aurrean zintzotasunez eta betetasunez bizitzera bultzatu gaitu, gure baitan dauden indarrak goratzen saiatuz, eta beste bizitzetan ihesbiderik bilatu gabe. Izan ere, ideia honek bi ondorio nagusi ditu:

    1. Bakoitzaren bizitza infinituraino errepikatzen denez, gaizki hartutako erabakiak eta ekintza ez zintzoak behin eta berriz errepikatzera behartuta gaude.
    2. Baina zintzotasunez eta betetasunez biziz gero, bizitza bera gustu handiz biziko genuke.

    Bestetik, orainaldiak soilik axola duenez, ez dugu iraganaren edo etorkizunaren zama eraman beharrik, eta horrela bizipoztasunez hartuko dugu bizitza.

Supergizakiarekin duen harremana

Dena den, ideia horrek supergizakiaren etorkizunarekin kontraesanak sor ditzake. Izan ere, supergizakia botere nahiaz baliatuz gizakia garatuz etorriko da, baina bizitza zikloa bada, badirudi ez dagoela supergizakia bilakatzeko aukerarik. Ez dugu ahaztu behar supergizakia bizitzarekiko konpromiso etengabearen adierazpena dela, eta beraz, zintzotasunez eta betetasunez bizitzea lortu dezakegu.

Jainkoaren Heriotza

Gay zientzia lanean Nietzschek gertaera garrantzitsu bat azpimarratu zuen: “Jainkoa hil egin da”. Jainkoaren heriotza aldarrikatuz, erabateko kritika egin nahi dio Mendebaldeko kulturaren oinarrietako erlijioari, moralari eta metafisikari. Gizakiari erruduntasun sentimenduaren eta beste munduaren ideiaren zama kendu nahi zaio. Horrela, gizakiak mundu honetan jarriko du arreta eta betetasunez bizitzeari ekingo dio.

Jainkoaren heriotzaren ondorioak

  • Jainko monoteista hiltzean, dogmatismoa (elizaren arauak) desagertzen denez, “politeismoko” jainkoen susperraldia gertatzen da: norbera bere jainkoa, bere buruaren jabe izango da, bere balio propioekin biziz.

  • Bizitzak zentzu bakarra duela baztertzean, nihilismoak errealitatearen eta bizitzaren ikuskera desberdinak izateko aukera ematen du. Modu horretan, perspektibismoak interpretazio aniztasuna onartzen du eta gizakiari askatasuna lortzeko aukera ematen dio.

  • Jainkoaren heriotzari esker, gainera, gizakiaren energia sortzaileak azaleratzen dira, hau da, supergizakiak lor ditzakeen balioen aldarazketa. Horrela, Jainkoaren tokia bizitzak eta balio berrien sortzaile den supergizakiak hartuko dute. Balioen aldarazketak aniztasuna eta etengabeko bilakaera aldarrikatuko ditu, bizitzaren aldeko baiespen gisa.

Deskargatu

PDF Word HTML