Nietzscheren Filosofia: Botere-Nahia eta Etengabeko Bilakaera

Filosofia eta etika2,87 KB

Aurrerago esan denez, Nietzscheren arabera, mundua etengabe aldatzen ari den zerbait da. Munduan ez dago ordenarik; ez dago gauzen etengabeko fluxua edo aldaketa mugatzen, aratzen edo kontrolatzen duen neurri edo arrazoirik. Izateen fluxu amaigabea baino ez da errealitatea, eta gizakia ere fluxu horren zati da; gizakia ere etengabe aldatzen ari da. Azken finean, errealitatea, bizia, botere-nahia baino ez da. Hau da, izatearen funtsa botere-nahia da, eta botere nahia etengabeko bilakaera da, etengabeko sorkuntza eta suntsipena.

Munduaren Izaera Aldakorra

Nolabait esatearren, mundua etengabeko norgehiagokan dauden indarren borrokalekua da, beste indar guztiak gainditzen edo menperatzen saiatzen diren indarren borrokaleku. Beraz, munduak ez du xede edo helbururik, baina, aldi berean, edozer posibilitate gauza daiteke etengabeko bilakaera horretan. Hau da, mundua, funtsean, askatasuna da, edozer izateko indarra edo gaitasuna.

Gizakia eta Botere-Nahia

Gizakia ere botere-nahiaren emaitza da, indarren arteko borroka horren emaitza bat, eta, ondorioz, gizakia ere indarra eta gaitasuna da. Beste era batera esanda, gizakia librea da, eta hobetzeko borondatea eta nahia dira giza biziaren funtsa. Botere-nahiaren arabera biziko bada, gizakia hobetzen saiatuko da etengabe, eta horrek gizabanakoen arteko desberdintasunak sortzen ditu.

Berdintasunaren Ukapena

Hau da, Nietzsche berdintasunaren kontrakoa da, gizaki guztiak berdinak direlako ustearen kontrakoa da erabat. Aitzitik, Nietzscheren ustez, zenbat eta sendoagoa botere-nahia, orduan eta handiagoa izango da gizabanakoen arteko desberdintasuna, eta, alderantziz, berdintasuna botere-nahia ahuldu izanaren ondorio da. Zenbat eta ahulagoa izan gizakia, orduan eta handiagoa izango da besteen berdina izateko bere nahia, gizaki guztien arteko desberdintasunak desagertarazteko bere gogoa.

Botere-Nahia Izaki Guztietan

Aipatu berri denez, botere-nahia ez da gizakien bereizgarria, izate edo bizidun guztiek dute hobetzeko edo nagusitzeko bulkada hori, beren baitako indarra kanporatzeko joera hori. Beraz, gizakia ez da salbuespena; bizidun guztiek bezala, gizakiak bere baitan duen indarra kanporatzeko beharra du. Biziak botere-nahia erakusteko beharra du, batzuetan nork bere buruaren mugak gaindituz, beste batzuetan gainerakoak menperatuz.

Ezagumena eta Botere-Nahia

Ezagumena botere-nahiaren beste baliabideetako bat da; jakin-mina eta kuriositatea botere-nahiaren menpeko dira. Ondorioz, gizakiek errealitatea menperatu eta beren zerbitzura jarri nahi izaten dute jakinduriaren bidez. Ezagumenaren helburua ez da egia absolutura heltzea, natura menderatzea baizik. Alabaina, errealitatea, gizakia bezala, etengabe aldatzen ari da. Beraz, egia, zerbait izatekotan, etengabe aldatzen ari den zerbait litzateke: munduan ez du lekurik egonkortasunak edo iraunkortasunak.

Deskargatu

PDF Word HTML