Nietzscheren Filosofia: Bizitza, Morala eta Erlijioa
Moralaren Dekadentzia
Testuak adierazten du morala dekadentzian oinarritua dagoela, norbanakoaren eta bizitzaren ukapenean gauzatzen baita. Honen adibideak dira gorputzaren aurretik arimaren garrantzia azpimarratzea, sexualitatea lohiarekin identifikatzea eta egoismoan eta nork bere burua garatzeko grinaren gaizkiaren printzipioak topatzea. Elizgizonak izan dira moral dekadente honen isla, eta hauek indar asko bereganatu duten arren, Nietzscheren ondorioa da moral hau bizitza zigortzeko asmatua izan dela.
Bizitzaren Kontzeptua
Bizitza: pasio eta desioen zurrunbilo gisa definitua Nietzscheren filosofian, testu deszifraezina adimenaren kategoriarentzat, eta etengabeko eraldaketan eta aniztasunean mugitzen den indarra da. Bizitza botere nahimena da, eta honek gizakia bere ahalbideetan sinesteaz gain, ezer finkotzat eta absolutotzat ez hartzearen apustua ere inplikatuko du.
Teologoen Eginkizuna
Teologoak: elizgizonak dira, gizakiaren maisuak eta gidariak izan direnak milurteetan, hain zuzen. Nietzscheren ustez, bizitza odolgabe laga dute, Jainkoa, egiazko mundua, arima eta espirituala den guztia lehenetsi baitute benetako dena arbuiatuz, hala nola, sexualitatea, gorputzaren zainketa, benetako hazkuntza pertsonalera eramango gaituzten faktoreak.
Jainkoaren Ideia
Testu honetan, Nietzschek Jainkoaren ideiak gure kulturan eduki duen garrantziaz hitz egiten digu. Bere ustez, Jainkoa milurteetan zehar elikatu den gezurra da, Jainkoa bizitzaren kontrako balio pozoitsuak legitimatu dituen izaki gorena baita. Haraindikoa errealitate sentikorra debaluatzeko asmatua izan da, eta arima hilezinaren kontzeptua ere asmatua izan da gorputzaren ukapena egiteko. Beraz, Jainkoaren kontzeptuak bizitza odolgabetu du, eta balio dekadente eta antinaturalak sustatu ditu.
Arimaren Izaera
Arima tradizio filosofikoan hilezintzat eta arrazionaltzat definitu da. Bizitzaren printzipiorik garrantzitsuena, hor baitaude ahalmen gorenak —pentsamendua, kontzeptuak—. Nietzscheren ustez, ordea, gizakiaren ezaugarri apolinear honek ez du gaitasunik bizitzaren benetako zerizana ezagutzeko. Metafisika, erlijioa bezala, bizitzaren beldurretik sortu da, eta arima bezalako kontzeptuak asmatu behar izan ditu gorputza eta plazerra mespretxatzeko.