Nietzsche: Nihilismoa eta Balioen Transmutazioa
Nihilismoa eta balioen transmutazioa
1. Nihilismoa
Nihilismoa Jainkoaren heriotzaren ondorioa da. Balioak bertan behera gelditu dira, itota. Mantsotasuna bizi-eredutzat hartzen duen heinean, bizitzari berari eraso egiten dio. Ondorioz, bizitza tinkoa ukatuz, nihilismoaren lehen aztarnak ezartzen dira moraltasun tradizionalaren eskutik.
Gizakia mundura jaurtikia izan delako ustea, eta, beraz, nondik datorren eta nora doan ez jakitea, nihilismorantz bultzatzen duen beste alderdi bat da. Metafisikaren mundua ezerezean gelditu denez gero, aterperik gabe gelditu da gizadia. Mundu transzendentea izan da gizakiaren bizitzari zentzua eman diona, eta orain, mundu horrek utzitako hutsuneak itxaropena edukitzea galarazten dio gizakiari.
Gizabanakoa uneoro ari da gauzak eta gertakizunak balioesten, batzuk bizibidearen gidari jarriz eta beste batzuk errefusatuz. Hala, balioespen-ereduak guztiz eraldatzen diren honetan, gizakia amildu dela dirudi.
Nihilismoa estu lotuta dago botere-nahiarekin; izan ere, azken hau itzaltzen den moduan, nihilismoa areagotu egiten baita. Gizakiak baiezkoa eman behar dio bizitzari gogo biziz eta adore handiz. Prozesu horretan, lau urrats edo egoeratatik igarotzen da:
- Metafisikaren, erlijioaren eta moralaren hondamendiaz ohartzen denean.
- Mundu berriaren balioak bereganatzen ditu, eta balio zaharrekin ezin bateratu daitezkeela ohartzen da.
- Bere burua arbuiatzen du, eta erruki eta gorroto dio. Bere burua suntsitu nahi du: hondamendiaren fasea dator.
- Fase horretan, sinesbide berria nagusitzen da: betiereko itzulera, hain zuzen.
“Jainkoa hil da” aldarrikatzen denez gero, gizakiari dena zilegi zaio. Garaileak, setatsuak eta indartsuak dira balioen egileak. Ez dute inongo balio-eskalarik proposatzen; norberari bere jokabideak eragindakoak, inoren mende ez dagoenean hautatutakoak izan daitezke.
2. Balioen transmutazioa
Indarrean egon diren balioak (morroien moralak jasotzen dituenak) kaltegarriak dira, bizitzaren aurkakoak direlako; horren ordez, jaunen morala ezarri behar da, bizitzaren aldeko balioez osaturiko morala.
A. Morroien morala eta jaunen morala
Nietzschek genealogiaren metodoa erabiltzen du, sorrera psikologikoaren ikerkuntzan oinarritzen den metodoa. Filologia eta psikologia batzen ditu, balio moralak sortzen eta bilakatzen diren egoerak eta baldintzak argitzeko.
Genealogiaren lehen emaitza bi moralen aurkikuntza da: jaunen morala eta morroien morala. “Ongia” eta “gaizkia” kontzeptuen sorrera ikertzen du:
- ONA = Nobleua, botereduna, zoriontsua, jainkoek bedeinkatua.
- Bizitzarekiko maitasunetik eta bizitzeko pozetik sortutako morala da onar daitekeen bakarra.
- Hortaz, ona hitzak indartsua, menperatzailea, harroa eta beldurgarria esan nahi du; gaiztoa, aldiz, arrunta, umila, gezurtia eta mendekoa da.
Jaunen moralaren ikuspegitik, onak gizabanakoa hobera darama, bizitzaren jatorrizko bertuteak betez. Ona gudaria da, baita soldaduari dagozkion ezaugarri guztiak ere. Makala, berriz, bestearen lepotik bizi dena da.
Morroien morala bekaizkeria eta ezintasunetik sortzen da. Ona behartsua da, tolerantea, umila, laguntzeko eta lanerako prest dagoena; errukiorra, pazientea, Jainkoaren bildotsa… Morroien moralak berdintasuna bilatzen du desberdintasunean, eta zorrotz kritikatzen du apartekoa, ohiz kanpokoa dena.
Erlijio-gizonen aurrean, jaunen moralaz jabe izan ziren Napoleon, Zesar eta Federico II.a. Morroien morala berdintasunean oinarritzen da; jaunen morala, berriz, hierarkian eta mailaketan. Gizaki indartsuak bere izatez sortzen ditu balioak. Mendekoak edo esanekoak, bestearen beldur izanik, aurre egin nahi dio indartsuari.
Biek izan dezakete bizitzeko nahikoa leku, baldin eta taldeak (artaldeak) jokaera eta balio propioak taldearen barnean mantentzea erabakitzen badu. Horixe gertatu da kristautasunarekin eta haren eraginez sortutako talde demokratiko eta sozialistekin. Dena dela, moralitateak debekuen bidez ezkutuan mantendu du gogorkeria. Kanpora atera ezin daitekeen gogorkeria bere buruaren aurka bideratzen du bihozgabeak, eta jokaera aszetikoa sortzen du kontzientzia moralaren bidez.
B. Moral berria
Ongia eta gaizkia bereizteko, balioak sortzeko alegia, ezinbestean pentsatu behar da nolakoa den bizitza eta zein den bizitzaren bereizgarritasuna. Botere-nahia da balioen sortzaile garrantzitsuena. Botere-nahiak izatearen mugikortasuna adierazten du. Izateak, existitzen den orok, gehiago eta hobea izateko joera du.
Gizabidean ere bizitza da, azken batean, balioak sortzen eta arautzen dituena. Bizitza osasuntsua, indartsua eta erabatekoa da jaunen moralaren eragilea. Morroiaren eragingarriak, ordea, indartsua itotzea, ahularen bizimodua bizigarri bihurtzea eta espiritu sendoak bere buruan duen uste sendoa galaraztea dira.