Nietzsche: Kristautasuna, Jainkoaren Heriotza eta Supergizakia
Kristautasunak gure bizitza betiereko bizitzaren froga bat dela ulertzen du. Gure ekintzek ondorioak izango dituzte heriotzaren ondoren, eta hortaz, zintzo jokatu behar dugu. Zintzo jokatze hori botere-nahimena, sentimenduak, senak eta bulkadak ukatzean datza. Horrek eragiten duen sufrimenduak merezi du ondorengo bizitzaren truke. Hortaz, kristautasunak bizitza hau kondenatu egiten du. Nork bere buruan pentsatzea ere bekatu gisa ikusten da, eta beste guztiak aurretik jarri behar dira.
Kristautasunak gizakiari bere burua ukatzeko agintzen dio, existitzen ez diren kontzeptu metafisikoen truke. Gizakia alienaturik gelditzen da, ez den zerbait bihurtu nahian. Honen metafora gisa, Nietzschek dio gizakia gamelu bat izan dela, gure kulturaren zama bere konkorrean jasan duen gizakia.
Jainkoaren Heriotza eta Gizakiaren Eraldaketa
Horregatik aldarrikatzen du Jainkoaren Heriotza. Jainkoa gure pentsamendutik kentzean, ondorengo bizitza eta antzeko guztiak ere desagertzen dira, eta eskuartean gelditzen zaigun gauza bakarra gure bizitza da, jaiotzetik heriotzara. Geure burua garen horretan ulertzera behartuta gaude. Ez dago besterik. Une honetan, guregan ez pentsatzea erlatibizatu egin behar da. Nietzschek lehoiaren metafora erabiltzen du hemen: aurreko guztiak suntsitu behar dira, nihilismoa gainditzeko.
Eta azkenik, haurraren etapa dator. Benetan gure bizitza bakarrik badugu eta gure erabakiak horren arabera hartu behar baditugu, senak eta sentimenduak baztertzeak ez du zentzurik. Gure balio propioak sortu behar ditugu, gure ekintzak etengabe errepikatzea nahi dugula pentsatuz. Hau da Nietzscheren Supergizakia, bizitzari baietz esaten diona.
Erlijio-alienazioa Marxen arabera
Alienazio kontzeptuaren bidez, bere baitatik zerbait galtzen duen gizakiaren egoera adierazten dugu: norberaren burua inorentzea, norberaren buruarekiko arrotz bihurtzea.
Marxen ustez, gizakia beste izaki guztiengandik bereizten duena lanaren bitartez errealitatea modu sortzailean eraldatzeko gaitasuna da. Erlijioak, ordea, gizakiari gaitasun hori lapurtzen dio.
Historian zehar, ordea, produkzio-indar horiek ez dira inoiz egon gizarte osoaren eskuetan, gizarte horietako klase batean baizik. Produkzio-indarren jabetza horrek produkzio-harremanak sortzen ditu, bi klase sortuz: zapaltzaileak (indarren jabeak) eta zapalduak (jabetzarik ez dutenak). Zapaltzaileek zapalduak menperatzen dituzte eta beren esanetara jartzen dituzte.
Hori guztia litzateke gizarte baten azpiegitura. Honen gainean eraikitzen ditu gizarte bakoitzak bere gainegitura: erlijioa, balioak, sistema politikoak eta legeak. Hauek guztiek gizarte horren produkzio-harremanak justifikatzeko sortutako elementuak dira. Hau da, ideiak ez dira sortzen gizakiaren arrazoimenak gidatutako aurrerapenarengatik.
Beraz, bai Nietzsche bai Marx ateoak dira, eta erlijioaren aurka gogor jotzen dute.