Nerbio Bulkada eta Sinapsia: Funtzionamendua eta Garrantzia

Biologia3,13 KB

Nerbio Bulkada eta Sinapsia

Neuronetan potentzial elektrikoa dago, hau da: karga elektrikoa ez dago berdin banatuta zelulen barnealdean eta kanpoaldean. Alde honi geldialdiko potentziala esaten zaio. Mintzaren barnealdean karga negatiboa handiagoa da (-70 mV).

Mintza estimuluren baten bitartez aktibatutakoan, estimulatutako gunean polaritatea alderantzikatu egiten da, mintza despolarizatu eta zelulen barnealdeak karga positiboa hartzen du (+40mV). Estimuluak eragindako potentzial aldaketa hori ekintza potentziala edo nerbio bulkada da.

Mintzeko puntu batean sortutako ekintza potentzialak estimulatu egiten du puntu horren ingurua eta hura despolarizatzea eta berriz polarizatzea eragiten du. Horrela, bulkada uhin baten modura hedatzen da zelula osoan zehar mutur batera iritsi arte; han, beste neurona batera hedatuko da sinapsi izeneko lotura espezifikoetan zehar.

Abiadura Bizkortzeko Mekanismoak Ornodunetan

Ornodunek abiadura bizkortzeko mekanismoak garatu dituzte:

  • Axoia mielinazko zorro batez inguratzea (isolatzailea).
  • Ranvier-en nodoetan zorroa eten egiten da, eta horri esker bulkada nodotik nodora jauzika transmititzen da (jauzikako transmisioa).

Sinapsia: Neuronen Arteko Lotura

Neurona batetik bestera nerbio bulkada hedatzeko gune oso espezializatuak dira. Neurona horien artean ez dago kontaktu fisikorik, eta bien arteko tarteari arraildura sinaptikoa esaten zaio eta 2 nm ingurukoa izaten da.

Sinapsiaren Osagaiak

Beraz, sinapsiaren osagaiak hauek dira:

  • Sinapsi aurreko neuronaren axoiaren muturra.
  • Arraildura sinaptikoa.
  • Sinapsi osteko neuronaren dendritak edo gorputza.

Axoiek, normalean, adar batzuk izaten dituzte muturrean, eta adar horietako bakoitzaren bukaeran dilatazio edo botoi sinaptiko bat dago. Botoi sinaptikoetan mitokondria eta besikula ugari izaten dira; azken horiek neurotransmisore izeneko substantzia kimiko batzuk izaten dituzte barruan: azetilikolina, serotonina, adrenalina, noradrenalina...

Sinapsi osteko neuronaren mintzean neurotransmisore bakoitzaren errezeptore espezifiko batzuk daude.

Neurotransmisoreen Funtzionamendua

Axoiaren muturrera iritsitako ekintza potentzialak zenbait aldaketa kimiko eragiten ditu eta ondorioz, neurotransmisoreak askatzen dira arraildura sinaptikoan. Gero, neurotransmisore horiek bat egiten dute sinapsi osteko neuronaren mintzean dauden errezeptore espezifikoekin.

Neurotransmisore horien guztien ekintzaren baturak ekintza potentziala sortzen badu sinapsi osteko neuronan, orduan potentzial kitzikatzailea izango dugu; baina, seinale guztien baturak ekintza potentzialik eragiten ez badu, nerbio bulkada ez da neuronan zehar hedatuko, potentzial inhibitzailea izan dugulako.

Dendritak eta neuronen gorputzak axoi ugariri konektatuta daude (ehunka edo milaka sinapsi) eta haietatik jasotzen dituzte neurotransmisoreen seinaleak.

Deskargatu

PDF Word HTML