Nekazaritza intentsiboa: Produktibitate handia lortzea helburu duen nekazaritza da. Lur-sail txikia modu jarraian lantzen da, lan eta inbertsio handia eskatzen du.
Nekazaritza estentsiboa: Lur-sail handiak lantzen dituen nekazaritza da; etekin txikiak ematen ditu, inbertsio gutxi duelako eta teknika tradizionalak erabiltzen direlako.
Abeltzaintza intentsiboa: Produktibitate handia lortzea helburu duen abeltzaintza da; horretarako, eremu txikian ahalik eta animalia gehien hazten dira.
Abeltzaintza estentsiboa: Eremu zabalean, belardietan, elikatzen den ganaduaren hazkuntza da.
Nekazaritza-ustiapena eta Paisaia
Nekazaritza-ustiapena: Enpresaburu baten esku dagoen nekazaritza-ekoizpenerako unitate ekonomikoa da, nekazariak lantzen dituen lur-sailen multzoa biltzen duena.
Nekazaritza-paisaia: Gizakiak, laborantza-metodo ezberdinak erabiltzearen ondorioz, sorturiko ingurua da.
NBP (Nekazaritza Politika Bateratua): Europar Batasuneko nekazaritza-politika da; helburu nagusia nekazaritzaren hobekuntza bilatzea da.
Industria eta Ekonomia
Industria-deslokalizazioa: Industrien kokapenean egiten diren aldaketek osatzen duten prozesua da; enpresak abantaila handiagoak eskaintzen dituzten lekuetara doaz, kostuak murriztuz.
Goi-teknologiako industria: Intentsitate teknologiko handia, produktuen bereizketa handia eta eskari handia duen industria mota da. Sektore hauetan oinarritzen da: ordenagailuak, tresna optikoak, material elektronikoak... eta parke teknologiko edo zientifikoetan ezartzen dira.
Tertziarizazioa: Ekonomiaren hirugarren sektoreak beste bi sektoreekin alderatuta pisua irabaztea da, sektore nagusi bihurtu arte, okupatutako biztanleria aktiboari zein BPG-ri egindako ekarpenari dagokionez.
Garapena eta Azpiegiturak
Garapen iraunkorra: Garapen mota bat da (ekonomiarena, hiriena, gizartearena eta abarrena), ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen baititu.
Garraio-azpiegiturak: Garraio-sistemaren oinarri materialek osatzen duten taldea da; eraikin edo egitura finkoak dira: autobideak, errepideak, portuak... Aldi berean, garraio-baliabideek ere garraio-sistema osatzen dute eta baliabideak osagai mugikorrak dira: ibilgailuak, ontziak, kamioiak.