Nazionalismoa eta Euskal Nazionalismoaren Sorrera (XIX. Mendea)

Historia8,52 KB

Nazionalismoaren Kontzeptua eta Jatorria

Nazionalismoa bere herria nazio izatearen kontzientzia hartu eta bere estatu propioa eraikitzeko edo bere interesentzat egokiena den politika erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten pertsonen doktrina politikoa da. Nazionalismoa Frantziako Iraultzarekin batera sortu zen. Frantziar iraultzaileek nazioaren burujabetasuna aldarrikatu zuten, eta hori da, hain zuzen ere, nazionalismoaren aldarrikapen nagusia.

Nazio Kontzeptu Nagusiak

Nazio kontzeptua oso heterogeneoa da; hau da, zenbait modutan defini daiteke nazioa. Bi nazio kontzeptu nagusi daude:

  • Nazionalismo frantsesaren nazio kontzeptua: Liberalismoak aldarrikatzen duen herriaren burujabetasunaren ideian oinarritzen da. Horren arabera, nazioa sortzen da komunitate bateko gizabanakoek, nahiz eta ezaugarri etniko berdinak ez izan, libreki eta arrazionalki erabakitzen dutenean elkarrekin proiektu komun bat burutzea, hau da, estatu bat eratzea (nazionalismo frantsesak identifikatu egiten ditu nazio eta estatu kontzeptuak).
  • Nazionalismo alemanaren nazio kontzeptua: Herriaren espirituan (Volksgeist) oinarritzen da. Horren arabera, nazioa arraza, hizkuntza, zuzenbide, ohitura, historia eta tradizio berdinak dituen komunitatea da. Euskal nazionalismoa nazio kontzeptu honetan oinarritzen da.

Nazio kontzeptu bien arteko desberdintasun nagusia honetan datza: kontzeptu frantsesaren arabera, nazioa gizarte-hitzarmen edo kontratu baten emaitza da; kontzeptu alemanaren arabera, berriz, errealitate natural bat da, estatua baino lehenagotik existitzen dena.

Nazionalismoa XIX. mendean zehar zabaldu zen Europatik. Izan ere, mende horretan liberalismoak eta industrializazioak Europara ekarritako aldaketa politiko eta kulturalek (erromantizismoa barne) eragin zuten horretan.

Nazionalismoa Espainian (XIX. Mendea)

Espainian nazionalismoa Europan baino beranduago agertu zen, XIX. mendearen bukaeran, hain zuzen. Kostaldeko eskualdeetan izan zuen eragin handiena: Katalunian, Galizian, Euskal Herrian eta Valentzian. Liberalismoaren ezarpenak ekarritako zentralismoa areagotu zen heinean, kontzientzia nazionalista sendotu egin zen.

Garapenaren Etapak

Sentimendu nazionalistaren garapenean bi etapa bereiz daitezke:

  1. Etapa kulturala: Nortasun edo ezaugarri propioen kontzientzia hartu zen. Honen ondorioz berpizkunde literarioa, linguistikoa, artistikoa eta historikoa gertatu zen.
  2. Etapa politikoa: Autogobernua lortzea planteatu zen, estatuaren antolamendu zentralistari aurre eginez.

Euskal Nazionalismoaren Sorrera (XIX. Mendea)

Testuingurua eta Eragileak

XIX. mende bukaeran Euskal Herriak izan zuen berrikuntza politikoaren osagai funtsezkoetako bat euskal nazionalismoaren sorrera izan zen. Euskal nazionalismoaren agerpenean foruen abolizioak eta industrializazioak Bizkaira ekarri zituzten aldaketek (immigrazioa, bertako kultura eta hizkuntza kolokan jartzea...) eragin zuten. Aldaketa horien kontrako erreakzio gisa sortu zen. Foruen deuseztapenak eta industrializazioak ekarritako aldaketak mehatxutzat hartu zituzten euskaldun askok. Horren aurrean, beren arteko loturak indartu zituzten eta, ondorioz, nazioa izatearen kontzientzia hartu zuten.

Nazionalismoaren Aurrekari Ideologikoak

Ideologia nazionalistaren sortzailea Sabino Arana izan bazen ere, aurreko beste mugimendu batzuetan oinarritu zen:

  • Larramendismoa: XVIII. mendearen lehenengo zatian, Aragoiko Koroako foruak indargabetu zituzten Decretos de Nueva Planta direlakoen garaian, foruak galtzeko beldurraren ondorioz, Manuel Larramendi jesuita gipuzkoarrak foruen defentsan sorturiko mugimendu ideologikoa da.
  • Karlismoa: Don Karlosen eskubide dinastikoak defendatzeko sortu zen mugimendu politikoa izan zen, Euskal Herrian foruen aldeko mugimenduarekin bat egin zuena. Hori dela eta, Euskal Herriko biztanle gehienek karlismoaren alde borrokatu zuten (lehen eta azken karlistadak).
  • Mugimendu Foruzalea: Lehenengo gerra karlistaren ondoren, foruen kontra egindako erasoen ondorioz, foruak plano teoriko eta intelektualean defendatzeko, burgesia liberalak sortutako mugimendua izan zen. 1876an foruak abolitu ondoren, mugimendu foruzalea erradikalizatu egin zen. Foruzaletasun erradikalaren adierazle izan ziren Bizkaian Fidel de Sagarminagak sortutako Euskalerria elkartea eta Nafarroan Arturo Kanpionek sortutako Euskara elkartea. Biek, foruak berrezartzearen alde borrokatzeko, lau herrialdeak elkartzea planteatu zuten.

Sabino Arana: Sortzailea eta Ideologia

Aranaren Pentsamenduaren Oinarriak

Sabino Arana, karlismoan eta foruzaletasunean oinarrituta, baina bere planteamendu ideologikoak harago eramanez, independentziaren ideiara heldu zen. Hau izan zen bere ekarpenik garrantzitsuena: Bizkaia nazio bat zen eta, beraz, independente izateko eskubidea zuen. Geroago Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara zabaldu zituen planteamendu horiek. 1892an Sabino Aranak bere lehen obra nazionalista idatzi zuen, Bizcaya por su independencia tituluarekin; Bizkaiko independentziaren alde berak idatzitako hainbat artikulu argitaratu zituen. Bere nazio kontzeptua nazionalismo alemanetik hartu zuen. Honek zioen nazioa elementu objektibo komunek definitzen dutela, eta elementu horiek honako hauek ziren: arraza, hizkuntza, gobernua eta legeak, ohiturak eta historia. Elementu hauetan guztietan sakonduz, betiere erlijio katolikoa ardatz moduan hartuz, egituratu zuen bere pentsamendua.

  1. Arraza: Sabino Aranarentzat arraza zen euskal nazioa definitzen zuen funtsezko ezaugarria. Ondorioz, Euskal Herriak bizirik irauteko, euskal arrazaren garbitasuna mantentzea ezinbestekoa zen.
  2. Hizkuntza: Arrazaren ondoren, euskal nortasunaren bigarren ezaugarri garrantzitsua izan zen. Atzerriko eraginen aurrean hizkuntzaren garbitasuna defendatzen zuen.
  3. Gobernua eta Legeak: Euskaldunen zilegizko legedia, Aranaren esanetan, Lagi Zaharra (foruak) zen. Egokiagotzat zuen termino hori, foru hitza pribilegio moduan interpreta zitekeelako. Bere ustez, foruak Espainiako konstituzioarekin bateraezinak ziren. Horregatik ez zuen 1876ko legea indargabetzea eskatzen, baizik eta 1839koa, bere iritziz, hori zelako Euskal Herriaren askatasunaren eta independentziaren amaiera ekarri zuena.
  4. Ohiturak: Sabino Aranarentzat, landa-eremuan gordetzen ziren ohiturak eta tradizioak ziren euskal sena hoberen adierazten zutenak. Horregatik hasieran gaitzetsi zituen industrializazio prozesua eta honek ekarritako aldaketa sozialak: immigrazioa, klase-borroka, sozialismoa... Hala ere, denboraren poderioz, industrializazioa onartu ez ezik, euskaldunen lorpen garrantzitsutzat jo zuen.
  5. Historia: Aranarentzat Euskadiren iragan historiko independentea Euskadi nazioa zela frogatzen zuen elementua zen, berreskuratu behar zena, hain zuzen. Hortik, historiari eman zion garrantzia.
  6. Erlijio katolikoa: Euskadi katoliko, apostoliko eta erromatarra izan beharko zen, politika erlijioaren menpe egon behar zelarik. Aranaren ustetan, liberal eta antiklerikala zen Espainiaren barruan integratuta jarraitzea oztopo bat zen Euskadik zituen balore erlijiosoak gordetzeko. Beretzat erlijioak zuen garrantzia bere proiektu politikoa laburtzeko proposatu zuen goiburuak adierazten du: JEL (Jaungoikoa eta Lagi Zaharra).

Sabino Aranaren Proiektu Politikoa: Euskal Alderdi Jeltzalearen Sorrera

Sabino Aranaren jarduera politiko laburrean hiru etapa bereiz daitezke:

  1. Larrazabaleko hitzaldia (1893): Begoñako Larrazabal baserrian emandako hitzaldia Sabino Aranaren jarduera politiko publikoaren lehendabiziko ekintzatzat har daiteke. Hitzaldi hartan, Bizkaian orduan zeuden alderdi politikoak aztertu ondoren, alderdi horietako batek ere ez zuela bizkaitarren nahiak betetzen eta alderdi nazionalista sortu behar zela adierazi zuen. Hitzaldiari amaiera emateko, Jaungoikoa eta Lagi Zaharra goiburuaren bidez laburtu zuen berak eskainitako irtenbidea.
  2. Euzkeldun Batzokija (1894): 1894an Euzkeldun Batzokija deitutako elkarte politikoa sortu zuen Bilbon, JEL lemari jarraitzaileak biltzen zituena. Hurrengo urtean itxi egin zuten, Sabino Arana espetxeratuz.
  3. (Dokumentua hemen eteten da, baina hirugarren etapa EAJren sorrera formala litzateke 1895ean)

Deskargatu

PDF Word HTML