Mito, Literatura eta Erlijioaren Jakintza: Jatorria, Definizioa eta Ezaugarriak
Jakintza Mitikoa
Mitoak gure kulturan sortutako errealitatearen lehen azalpenak izan ziren. Narrazio miragarriak ziren, denbora historikotik kanpo gertatzen zirenak: pertsonaia jainkozkoak edo heroikoak izaten ziren protagonista narrazio horietan. Poetek egin zituzten mitoak, eta bi ezaugarri zituzten:
- Mito guztiek elkarrekin, unibertsoaren, zibilizazioaren eta gizarte-antolaketaren jatorria azaltzen dute.
- Pentsamolde bat ere badira mitoak. Natura-indarrak pertsonak eta jainkoak dira. Jainkoen borondate apetatsuaren menpe daude natura-fenomenoak eta giza jarrerak.
Mitoak, beraz, kontakizunak dira, errealitatea azaltzeko xedea dutenak, ipuinen asmo pedagogikoa eta denbora-pasakoa gainditzen dutenak.
K.a. VI. mendean Miletonen (Grezia) errealitatera hurbiltzeko modu berri bat sortu zen, ahaleginak egin ziren antromorfismoa (natura-indarren pertsonifikazioa) eta hari lotutako arbitrariotasuna alde batera uzteko.
Literatura-Jakintza
“Literatura” hitza latinezko littera hitzetik dator, “letra” esan nahi duena: beraz, etimologikoki hitz idatziari egin dio erreferentzia.
“Literatura” hitzaren hainbat definizio eman dira historian zehar, María Moliner hizkuntzalariak emandakoa dirudi guztietan zabalena: “hitza, ahozkoa nahiz idatzia, adierazpide duen artea da literatura”.
Aristotelesen Poetika lanean oinarrituta, literatura-lanaren ezaugarri hauek jasoko ditugu:
- Errealitatearen imitazio bat da (mimesia).
- Ez du gertatzen dena kontatzen, gerta daitekeena baizik.
- Egilea eta hartzailea “garbitu” behar ditu, emozio ezkor eta mingarriez libratu (katarsi).
Literatura, beraz, hizkuntza idatziaren bidez alegiazko egoerak edo errealitatearen arloren bat sortzen edo birsortzen dituen artea da: gainera, hainbat emozio eta gozamen estetikoa eragiten ditu irakurleengan.
Erlijio-Jakintza
Erlijio guztiak saiatzen dira bizitzaren zentzuarekin zer ikusia duten galderei erantzuten: nola, noiz eta zertarako sortu zen bizitza, eta zer gertatuko zaigu hil ondoren. Galdera horiei erantzuteko, ez dira liburu sakratuetan —hala nola Toran, Biblian eta Koranean— errebelatutakora mugatzen.
Gainerako jakintzek ez bezala, erlijioek bizi-alderdi pertsonal handia dute, sinestunen bizitzaren alderdi guztietan eragiten duena: beren buruei buruz eta errealitateari buruz duten ikuskera haien ideiek baldintzatzen dute.
Erlijioa filosofiatik bereizten duen ezaugarri nagusia abiapuntua da. Erlijioak zalantzarik gabeko egietatik abiatzen dira; filosofiak, berriz, horiei buruz galdetzen du, eta ez du baieztapen eztabaidaezinik onartzen.