Migrazio Mugimenduak: Espainia eta Euskal Herria

Geografia12,68 KB

Migrazio Mugimenduak Espainian

Barruko Migrazioak

Estatuko mugen barruan egiten dira. Bi motatakoak: tradiziozkoak (1975 artekoak) eta gaur egungoak.

Tradiziozko Barruko Migrazioak

XIX. mendearen azken herenean eta 1975eko krisi ekonomikoaren artean garatu ziren. Nekazaritza-migrazioa izan zen batez ere, jomuga beste nekazal lurrak eta industria-guneak izan ziren.

Urtaroko eta Aldizkako Migrazioak (XIX. mendea – 1960ko hamarkada)

Nekazal munduan eman zen eta jomuga beste nekazaritza-inguruak izan ziren (mahats-bilketa, oliba-bilketa…). Garai hartako mekanizazioa oso urria zen eta horregatik ematen ziren. Bestalde, beste batzuk hirira joaten ziren lana bilatzera, soroek lanik ematen ez zuten garaietan, nekazaritzarekin zerikusirik ez zuten beste jardueretara.

Nekazaritzako Exodoa (1900-1975)

Nekazaritza-inguruen eta hiri-inguruen arteko migrazioak dira eta behin betiko edota iraupen luzeko migrazioak dira. Jatorria, orokorrean, Galiziako inguru atzeratuenak, Penintsularen barrualdea eta Andaluzia ekialdea da. Jomuga, berriz, Kataluniako, EAEko eta Madrileko industria-eremuak izan ziren hasiera batean eta ondoren Levanteko, Balearretako eta Kanarietako turismo-guneak izan ziren.

Barruko migrazioen lau etapa bereizten dira:
  • XX. mendearen lehen herenean: soroetan eskulan gehiegi egotea, filoxera krisia eta lurren mekanizazioaren ondorioz eskulan soberan zegoen. Horrela, nekazari hauetako askok industria-inguruetara eta Primo de Riveraren diktadurak hirietan sortutako herri-lanen gorakadak aprobetxatuz emigratu zuten.
  • Gerra Zibila eta gerraostean: industrietako lan-eskaintza murriztu egin zen eta berriz nekazaritza-inguruak garatu ziren.
  • 1950-1970 bitartean: nekazaritza-exodoa asko hazi zen. Hazkunde honen arrazoiak hauek izan ziren: hazkunde demografikoa (trantsizio demografiko garaian gaude), nekazaritza tradizionalaren krisia (mekanizazioa), industria-garapen planak eta turismoak Mediterraneo eta uharteetako kostaldean izan zuen booma.
  • 1975etik aurrera: nekazaritza-exodoak behera egin zuen eta emigrazioari lotutako inguruetara jendea itzuli zen. Horrela, gune asko tradizioz immigrazioa jasotzeari utzi eta emigrazio-lurralde bihurtu ziren (Madril eta EAE). Bestalde, eskumen autonomikoak garatzean, eskualde askotan bertan lana sortu zen administrazio ekonomikoaren beharrizanei eta eskualdeen garapen-politikei lotuta.
Ondorioak
  • Ondorio demografikoak: biztanleen banaketan desorekak sortu zituen. Barrualdea hustu eta periferian dentsitate handiak pilatu ziren.
  • Ondorio ekonomikoak: hasieran landa-inguruetan geratu zirenentzako baliabideak ugaritu egin ziren, baina denborak aurrera egin ahala biztanle gutxiko desekonomia sortu zen, pertsona gazte eta gaituek alde egin zutelako, ekoizkortasuna eta errendimenduak behera eginez. Hirietan, berriz, lurzoruari lotutako arazoak, etxebizitza-arazoak, etab. sortu ziren.
  • Ondorio sozialak: asimilazio-arazoak sortu ziren, balio tradizionaleko emigranteak hiriko biztanleekin nahastu zirenean.
  • Ingurumenari dagokionez: ekosistema tradizionalak hondatu ziren eta hiri handietan hazkunde azeleratuak kutsadura atmosferikoa, zaratak, etab. eragin zituen.

Gaur Egungo Barruko Migrazioak

1975eko krisitik aurrera, migrazio-sistema berria abian jarri zen. Dagoeneko emigranteen jatorria ez da nekazaritza-ingurua: hiri-inguruetatik datoz eta batez ere hiri handietatik. Jomugari dagokionez ere aldaketak daude. Jomuga nagusiak Mediterraneoko ardatza eta Ebro haranak dira. Bestalde, probintziaren eta autonomia-erkidegoaren barruko migrazioak ugaritu egin dira. Udal-esparruan, berriz, hiririk handienak, batez ere hiri handi industrializatuak, erakarpen-indarra galdu dute hiri ertain edo txikien mesedetan.

Migrazio joera berri hauek kontuan hartuz, gaur egun barruko migrazioez hitz egiten dugunean egoitza-migrazioak, laneko migrazioak eta landara itzultzeko migrazioez hitz egin behar dugu:

  • Egoitza-migrazioak: hirien barruan eta hiriko erdigunearen eta periferiako koroen artean gertatzen dira. Batez ere bikote gazteengan du eragina. Hauek etxebizitza merkeagoak eta ingurumen-kalitate hobea bilatzen dute bizitzeko hiri hauen periferian. Honen ondorioz, periferietan biztanleria asko hazi da.
  • Laneko migrazioak: lan-motibazioek eragindakoak dira. Batzuetan prestakuntza gutxi duten langileek egiten dituzte eta garai bateko hiri industrializatuetatik gaur egun dinamismo handiagoa duten inguruetara abiatzen dira, batez ere hirugarren sektoreko gune handietara.
  • Landara itzultzeko migrazioak: biztanleak landa-inguruetara itzultzen dira. Askok, 1980ko hamarkadatik aurrera erretiroa hartu eta sorlekura itzultzea erabaki dute (operación retorno). Honekin loturik, neonekazaritzarako joera dugu gaur egun, hau da, hiriko bizimodua utzi eta landa-inguruetara bizitzera joaten dira.

Biztanleriaren beste ohiko mugimenduak ere barruko migraziotzat har ditzakegu. Hauen barruan, pendulu-mugimenduak, egoitza dagoen lekutik lanerako eguneroko joan-etorriak, eta aisialdirako burutzen diren mugimenduak ditugu, asteburuetako joan-etorriak, esaterako.

Kanpoko Migrazioak

Biztanleek estatuko mugetatik kanpo egiten dituzten joan-etorriak dira. 1975eko krisia arte, Espainia emigranteen estatua izan zen eta ordutik aurrera kanpoko migrazioak gelditu eta Espainia migrazio-estatua bihurtu zen.

Ozeanoz Bestaldeko Emigrazioa

Batez ere Hego Amerikara bideratu zen eta bigarren mailan, Estatu Batuetara, Kanadara eta Australiara.

  • XIX. mendearen erdialdetik Lehen Mundu Gerrara (1914): emigrante gehienen sorlekua Atlantikoan zegoen (Galizia, Asturias eta Kanariak) eta jomuga Argentina (panpako nekazaritza), Kuba (nekazaritza) eta Brasil (kafe-sailak).
  • Bi Gerra Mundialen artean (1914-45): emigrazioa behera egin zuen arrazoi hauengatik: Lehen Gerra Mundialak sortutako ziurtasun eza, 1929ko krisi ekonomikoak eta Espainiako Gerra Zibilak eta gerraosteak atzerrira irteteko jarritako eragozpenak.
  • 1945 eta 1960 bitartean: itsasoz bestaldeko joera berreskuratu zen, baina mende hasierako zifretara iritsi gabe. Erabakigarria izan zen NBEk nazioarteko isolamendua Espainiari bertan behera uztea eta Espainiatik aske ateratzeko baimena eman izana. Jatorria batez ere Galizia eta Kanariak izan ziren eta jomuga, berriz, oraingo honetan Venezuela izan zen.
  • 1960tik aurrera: itsasoz bestaldeko emigrazioak behera egin zuen eta Europara egindako emigrazioarekin lehia sortu zen. Gaur egun zifrak oso txikiak dira eta itzulerak dira nagusi.

Emigrazioa Europara

Hiru etapa bereiz ditzakegu:

  • XX. mendearen erdialdera arte: batez ere Frantziara bideratu zen. Urtaroko nekazariak eta eraikuntzako langileak izan ziren gehienbat. Batez ere Levanteko landa-inguruetatik zetozen eta Gerra Zibila ondoren errefuxiatu politikoak izan ziren. Bigarren Mundu Gerraren eraginez, joera hau bertan behera geratu zen.
  • 1950-73 bitarteko aldian: Europarako migrazioak goren unea izan zuen. Bigarren Mundu Gerra ondoren ekonomia berreraikitzeko enplegu-eskaintza handia sortu zen. Hau guztia Espainian jazo zen hazkunde demografikoarekin elkartu zen eta nekazaritza-inguruetan langileak soberan zeuden. Bertako industrializazioak ez zuen gaitasunik langile guzti hauek erakartzeko; beraz, hauetako askok Europarako bidea hartu zuten. Emigrante gehienak Andaluziakoak eta Galiziakoak ziren. Jomuga nagusiak Frantzia, Alemania eta Suitza izan ziren. Emigrante hauen profila gutxi kualifikatutako gizonezkoak izan ziren. Espainiako gobernuak lehen Garapen Plana abian jarri zuen unetik joera hau gelditu egin zen.
  • 1973tik aurrera: Europarako emigrazioa behera egin zuen. Emigrante asko itzuli ziren eta ordutik, Espainiatik Europarako emigrazioa txikia izan zen. Gaur egun, batez ere denboraldiko emigrazioa ematen da. Hala ere, oraindik Andaluziako eta Galiziako nekazari asko Frantziara joaten dira, nekazaritza, industria edo eraikuntzan aritzeko.

Ondorioak

  • Ondorio demografikoak: emigrazioaren jatorrizko eskualdeen biztanleria gutxitu zen eta desorekak sortu ziren biztanleriaren banaketan.
  • Ondorio ekonomikoak: Espainian langabezia gutxitu zen eta emigranteek bidalitako dibisei esker Espainiako ekonomiak hobetu zuen. Hala ere, diru-sarrera horiek ez ziren bertako industrian inbertitu eta, beraz, ez zieten mesede handirik egin emigranteen sorlekuari, hauetako asko beste inguruetara itzuli zirelako, industria- eta turismo-guneetara batez ere.
  • Ondorio sozialak: emigranteek lan-baldintza kaxkarrak izan zituzten emigrazio-guneetan eta, bestetik, Espainiara itzultzean, arazo berriak sortu ziren, hala nola, lana edo etxebizitza aurkitzea.

Kanpoko Emigrazioa Gaur Egun

Espainia ez da emigrazio-estatua. Estatuko bizi-mailak gora egin du, eskulanaren trebakuntza hobea da eta lan hobeak bilatzeko nahia dute bertako biztanleek.

Gaur Egungo Immigrazioa eta Horren Ondorioak

Azken urteetan Espainiara immigrante ugari iristen ari da eta gaur egun milioi bat baino gehiago dira. Hauek hiru taldetan sailka daitezke: urte batzuk egon ondoren nazionalizatu direnak eta, beraz, zuzenbide osoko espainiarrak direnak; legezko immigranteak, hau da, egoitza-baimena dutenak; eta legez kanpoko atzerritarrak (hauek zenbatzea ezinezkoa da, bestela legezko immigranteak lirateke). Hauen jatorria Europa (EBko estatuetakoak eta Europa ekialdekoak), Afrika (Maroko), Hego Amerika (Argentina, Kolonbia, Dominikar Errepublika eta Ekuador) eta Asia (Txina eta Filipinak) da. Jomuga nagusiak, berriz, hauek dira: Katalunia, Madril, Andaluzia, Valentzia eta Kanariak.

Immigrazioaren arrazoiak eta profilak hauek dira:
  • Europako erkidegoko immigranteak erretirodunak dira eta Mediterraneoko kostaldera bideratzen dira.
  • Europaz kanpoko immigranteak: batzuk arrazoi ekonomikoak direla eta etortzen dira eta besteak arrazoi politikoengatik (jazarpenak, eskubide zibilen gabezia).

Ondorioak

  • Ondorio demografikoak: immigrante gehienak gazteak dira eta horrek Espainiako jaiotza-tasaren beherakada leundu egin du.
  • Ondorio ekonomikoak: immigranteek zeregin gogorrenak eta gaizki ordaindutakoak egiten dituzte eta gure ongizate-gizartea sostengatzeko laguntza dira.
  • Ondorio sozialak: immigrante asko dauden lekutan identitate nazionala arriskuan ikusi eta jokabide xenofoboak ugaritzen ari dira. Bestalde, legez kanpoko immigrante askori gizarte-delitu asko egozten zaizkie askotan arrazoirik gabe. Azkenik, kulturari, hizkuntzari eta erlijioari erreparatuz gero, integrazioa zaila egiten da eta bertako biztanleriarekin tentsioak sor daitezke.

Euskal Herriko Migrazio Mugimenduak

  1. XX. mendearen bigarren hamarkadara arte

    Hego Euskal Herria emigrazio-lurraldea izan zen. Arrazoi nagusiak lurraren jabetzaren egitura: familia-egiturak zatitu ezin direnez, seme-alaba batzuen irteera bakarra emigrazioa izan zen. Batez ere ozeanoz gaindiko emigrazioa izan zen Hego Ameriketara. Hala ere, aldi horretan, euskal biztanleriak gora egin zuen, bertara etorkinak iritsi baitziren.

  2. XX. mendearen bigarren hamarkadatik 1975era arte

    Euskal Herria immigrazio-lurraldea bihurtu zen, batez ere 1950-1975 bitartean. Euskal Herriko industrializazio goiztiarrak Espainiako beste lurraldeetatik jendea erakarri zuen. Hasieran gertuko eskualdeetatik etorri ziren (Burgos), Bizkaiko eta Gipuzkoako industria-guneetara. Ondoren, urrutiagotik ere etorri ziren (Gaztela eta Leon, Extremadura eta Galizia) eta 1970etik aurrera, hauen jomuga Nafarroa eta Araba izan ziren, Gipuzkoa eta Bizkaiko industrializazioak goia jo baitzuen. Euskal Herri kontinentalean, etorkinak Lapurdiko kostaldean ezarri ziren. Hirugarren adineko pertsonak hurbildu ziren Baionara. Garai honetako immigrazio honen eraginez, Euskal Herriko biztanleria hazi eta gaztetu egin zen.

  3. 1975eko krisi ekonomikotik aurrera

    Euskal industriak jasan zuen krisiaren ondorioz, migrazio-saldoa negatiboa bihurtu zen eta aspaldiko immigranteak jatorrizko lekuetara itzuli ziren. Beherakada hori, batez ere, Euskal Herriko kostaldeko lurraldeetan gertatu zen. Araban eta Nafarroan saldoa positiboa izaten jarraitu zuen. 2000. urtearen ondoren, Gipuzkoan eta Bizkaian saldo positiboa izaten hasi da berriz ere.

Deskargatu

PDF Word HTML