Merkatu Motak eta Lehia Egiturak
MERKATU MOTAK
Lehia Perfektuko Merkatuak
Merkatu-ekonomia ideal edo perfektuan, ondasunak eta zerbitzuak borondatez trukatzen dira merkatuak finkatutako prezioan, eskaintza-eskarien legeen funtzionamendu askearen ondorioz. Egoera horretan, enpresa bakar batek ere ez du prezioan eragina izateko adinako ahalmena; beraz, enpresa guztiak berdintasunezko baldintzetan aritzen dira lehian.
Horrela funtzionatzen dute, esaterako, asteroko azokek, arraina saltzeko lonjek eta tomateen merkatuak.
Lehia Perfektuaren Ezaugarriak
Lehia perfektuko merkatuan sartzea oso erraza da. Hona hemen merkatu horren ezaugarri nagusiak:
- Sartzeko eta irteteko erraztasuna. Ez dago lege-mugarik jarduera egin ahal izateko, eta ekoizpen-ondasunetan (makinak, ordenagailuak, lur sailak, lokalak edo dirua) egin beharreko inbertsioak txikiak izaten dira. Jarduera bertan behera uzteko edo beste modu batean bideratzeko kostuak ere txikiak dira.
- Enpresa asko. Sartzeko askatasuna dagoenez, ekoizle eta enpresa asko etekinak daudenean sartzen dira merkatuan, baina kuota txikia lortzen dute guztizkoarekiko, oso txikiak direlako.
- Merkatu homogeneoa. Ekoizle batetik bestera ez da alderik egoten kalitatean, diseinuan, markan edo produktuen prestazioetan. Erraza da ekoizle berriarentzat merkatu-kuota txiki bat bereganatzea.
- Prezioan eragiteko ahalmen txikia. Enpresa txikiak direnez, haietako bakar batek ere ez du prezioan eragiteko ahalmen handirik.
- Lehia handia.
- Prezio gardentasuna.
Lehia Inperfektuko Merkatuak
Enpresa batek edo batzuek dute prezioan eragiteko ahalmena, neurri txikiagoan edo handiagoan. Enpresen kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta ahalmen handiagoa izango dute prezioan eragiteko.
1. Monopolioa
Lehiarik ez dago. Enpresa bakar batek ekoizten du ondasuna edo zerbitzua, erabat; beraz, ahalmen osoa du prezioan eragiteko edo ekoitzi behar den kantitatea erabakitzeko. Adibidez: Tabacalera.
2. Oligopolioa
Enpresa gutxi batzuek jarduten dute, baina nahikoa tamaina dute prezioan eragina izateko. Adibidez: telefonia mugikorraren edo petrolioaren merkatua.
3. Lehia Monopolista
Enpresa askok eskaintzen dituzte funtzio edo erabilgarritasun bera duten antzeko produktuak. Desberdinak izaten saiatzen dira, prezioan eragiteko marjina izateko.