Merkatu Mota Ezberdinak: Lehia Osoa, Oligopolioa, Monopolioa eta Lehia Monopolistikoa

Ekonomia3,01 KB

Lehia Osoa

Lehia osoko merkatuetan saltzaile asko daude, eta horrek esan nahi du merkatuko ekoizpen guztia, hau da, eskaintza guztia, saltzaile askoren artean egiten dela. Beraz, saltzaile bakoitzari eskaintzea tokatuko zaion ondasun unitate kopurua oso txikia izango da merkatuko eskaintza osoarekin alderatuta. Ondorioz, saltzaile bakar batek erabakiko balu, urrunegi joanda ere, bere ekoizpena hirukoiztea edo, kontrako alderantz jota, ekoizteari uztea, merkatuak ez luke eskaintza igoerarik ez jaitsierarik nabarituko. Hori dela eta, eskaintzaren igoera horrek ez luke merkatuko parte-hartzaileen jarreretan eragingo. Horregatik hain zuzen, merkatuko prezioa ez litzateke aldatuko.

Oligopolioa

Oligopolioan, aldiz, saltzaile gutxi daudenez, merkatuko ekoizpen guztia, hau da, eskaintza guztia, saltzaile gutxi horien artean egiten da. Beraz, saltzaile bakoitzari eskaintzea tokatuko zaion ondasun unitate kopurua oso esanguratsua izango da merkatuko eskaintza osoarekin alderatuta. Ondorioz, saltzaile bakar batek erabakiko balu bere ekoizpena, adibidez, % 40an igotzea edo jaistea, merkatuak sumatuko luke eskaintzaren igoera zein jaitsiera hori. Horregatik, eskaintzaren igoerak (jaitsierak) merkatuko parte-hartzaileen jarreretan eragingo luke, hain zuzen ere, % 40 horrek duen indarrarekin. Eta, neurri horretan, merkatuko prezioa jaitsiko/igoko litzateke.

Monopolioa

Monopolioaren kasuan, saltzaile bakarra dagoenez, merkatuko ekoizpen guztia, hau da, eskaintza guztia, saltzaile bakar horrek egiten du. Beraz, saltzaile bakar horri eskaintzea tokatuko zaion ondasun unitate kopurua merkatu osoko eskaintza bera izango da. Ondorioz, saltzaile bakar horrek erabakiko balu bere ekoizpena, adibidez, % 40an igotzea edo jaistea, merkatuak neurri berean nabarituko luke eskaintzaren igoera zein jaitsiera hori. Horregatik, eskaintzaren igoerak (jaitsierak) merkatuko parte-hartzaileen jarreretan eragingo luke, hain zuzen ere, % 40 horrek duen indarrarekin. Eta, neurri horretan, merkatuko prezioa jaitsiko (igoko) litzateke.

Lehia Monopolistikoa

Lehia monopolistikoa sortzen da saltzaile askok produktu berdina eskaintzen dutenean, baina saltzaile bakoitzak ezaugarri bereizle bat edo batzuekin saltzen duenean bere produktua, baldin eta erosleek aintzat hartzen badituzte ezaugarri bereizle horiek. Beraz, saltzaile bakoitzak bere bezeroak bereganatuta ditu ezaugarri bereizle horietan oinarrituta, bezero multzo mugatu horrentzat ia monopolio bihurtuz, bezero horien fideltasun mailaren arabera. Ondorioz, nahiz eta saltzaile guztiek produktu berdina eskaintzen duten, praktikan, saltzaile bakoitzak produktu desberdin bat eskainiko balu bezala funtzionatzen da... ia-ia. Beraz, merkatu honetan ez dago prezio bakarra, baizik eta prezio asko, saltzaile bakoitzak berea.

Eskari-eskaintza oreka.jpg ikusgai

Deskargatu

PDF Word HTML