Merkatu Ikerketa eta Merkatu-segmentazioa: Gako Konzeptuak
Merkatu ikerketa: Merkatu baten ezaugarriak aztertzeko, enpresarentzat esanguratsuak diren taldeetan zatitzeko, merkatu-helburua egoki aukeratzeko eta, azken batean, marketin-plan arrakastatsu bat gauzatzeko, ezinbestekoa da enpresak informazio egokia erabiltzea. Beraz, merkatu bateko produktu, bezero, lehiakide eta kontsumitzaileei buruzko informazioa biltzeko eta aztertzeko erabiltzen den tresna da. Beraz, landa-lana funtsezkoa da merkatu ikerketan.
Merkatu-segmentazioa: Produktu baten merkatua kontsumitzaile heterogeneoz osatua dago. Merkatu-segmentazioa, irizpide bati jarraituz merkatua multzo homogeneotan banatzeari deritzogu. Horrek lagundu egingo dio enpresari bere merkatu-helburuak identifikatzen, eta horietako bakoitzari bere merkataritza-estrategia egokituko dio. Honela, talde bakoitzaren beharrak hobe aseko dira eta enpresa bere helburu komertziala lortzen saiatuko da.
Produktu-lerroa: Enpresa batek merkaturatzen dituen produktu guztiek produktu-zorroa osatzen dute. Haien artean elkarrekin estuki erlazionaturik dauden produktuen multzo bakoitzari produktu-lerro deritzogu. Hortaz, produktu-zorroa produktu-lerro batek edo gehiagok osa dezakete. Produktu-zorroak zenbat eta produktu-lerro gehiago izan, orduan eta zabalagoa izanen da; produktu-lerroak zenbat eta produktu gehiago izan, orduan eta sakonagoa izanen da.
Bigarren marken estrategia: Merkatuan ospe handiagoko beste marka bat duten enpresek erabiltzen duten marka-estrategia, beren merkatu segmentuak zabaltzeko eta lehen markarekin iristen ez diren merkatu eremuetara iristeko. Enpresaren produktu nagusiari hainbat aldaera eginez produktu berri bat sortzean datza enpresaren lehen markarekin merkaturatuko ez dena.
Logistika: Ekoizpen puntutik, kontsumo puntura arte egindako eragiketa guztien multzoa da. Logistikak barnebiltzen ditu eskaeren bideratzea, materialen erabilera, enbalatzea, biltegiratzea, inbentarioen kontrola, garraioa, ematea edo entregatzea eta saldu osteko zerbitzua. Logistikaren helburua ekoizpena eta kontsumitzailea denboran zein distantzian modurik efizienteenean lotzea da, kostuak murrizteko eta enpresaren errentagarritasuna handitzeko.
Merkataritza-sustapena: Helburu hirukoitza duen marketin-mix aldagai taktikoa: a) produktu baten existentziaren, ezaugarrien eta abantailen berri ematea; b) erosle potentzialak produktuaren onurez konbentzitzea; c) egongo bezeroei produktuaren arrakasta eta abantailak gogoraraztea, erosten jarrai dezaten. Finean, enpresaren produktuaren eskaria suspertzea. Horretarako, enpresek komunikazio-teknika hauek erabiltzen dituzte: publizitatea, harreman publikoak...
Plangintza egitea: Zuzendaritza-prozesuaren lehen funtzioa. Hasierako egoeratik abiatuta, helburuak zehaztu, estrategiak ezarri eta horiek lortzeko ekintza-planak garatzean datza. Honako galderei erantzun beharko dio: zer lortu nahi da, nola, zer baliabiderekin eta noiz. Enpresaren biziraupena baldintzatzen du, gaur denaren eta etorkizunean izan nahi duenaren arteko zubia baita.
Hierarkia: Hierarkiak, aginte formala erakundean zehar nola banatzen den adierazten du. Hau da, aginte-katea irudikatzen du; nork nori agintzen dion. Hierarkian gora egin ahala, hau da, goragoko mailetara iritsi ahala, agintea handitu egiten da, lanpostuek zuzendaritza-jarduera handiagoa baitute. Behera egitean, agintea murriztu egiten da, zuzendaritza-lan gutxiago eta lan operatibo gehiago baitaude.
Sailetan banatzea...: Lanpostuak antolamendu-unitateetan taldekatzea da, irizpide bati jarraituz. Enpresak bere egitura hainbat sailetan banatuz gero, bere helburuak lortzeko egin beharreko lanak koordinatu, gainbegiratu eta kontrolatu ahal izango ditu. Enpresa bakoitzak erabilitako departamentalizazioak lotura zuzena du enpresaren tamainarekin eta haren eragiketen, jardueren eta funtzioen konplexutasunarekin.
Organigrama: Enpresaren antolamendu-egitura formalaren irudikapen grafiko sinplifikatua da. Organigramek, besteak beste, antolamendu-unitateak eta horien arteko harremanak begi hutsez ikusteko aukera ematen digute. Beraz, oso tresna erabilgarria da enpresaren antolaketa-egitura formalaren berri emateko bai enpresa barneko kideei bai kanpokoei. Organigramaren itxuraren arabera, hainbat mota daude: bertikalak, horizontalak, zirkularrak...