Merkatu Egiturak: Lehia Ez-Perfektua eta Monopolioa

Ekonomia3,39 KB

Jakina, zenbat eta errazagoa izan ekoizleek ekoizpena handitzea edo enpresak industria jakin batera sartzea, orduan eta azkarrago desagertuko dira aparteko mozkinak merkatu horretan. Epe luzean, merkatua egonkortu egingo da ez galerarik ez aparteko mozkinik sortzen ez den mailan, hau da, ekoizpen kostu guztiak estali eta mozkin arruntak soilik lortzen diren mailan egonkortuko da. Mozkin arruntak kostutzat hartzen dira edozein merkatu egituratan. Enpresariaren ordainsari arruntaren kostua guztizko kostuan sartzen da.

Monopolioa: Lehia Ez-Perfektuaren Muturreko Kasua

Merkatu batean, ekoizlea edo ekoizleak prezioan eragin nabaria izateko bezain handiak baldin badira, lehia ez-perfektuko merkatua dela esaten da. Horrelako merkatuetan, ekoizleek prezioa ez dute kanpoko datutzat onartzen, eskaintzaileek beraiek esku hartzen dute prezioa zehazteko. Merkatu mota horretan, muturreko kasua monopolioa dugu.

Lehia Ez-Perfektuaren Jatorria

Munduan ez dago lehia perfektuko merkatu askorik. Normalean, lehia perfektuaren baldintzetakoren bat ez da betetzen. Adibidez:

  • Ohikoa da enpresek saltzen dituzten ekoizkinak guztiz homogeneoak ez izatea. Litekeena da funtzio bera izatea, baina ekoizkinen artean ezberdintasunak egotea, ondasuna ekoizten duen enpresaren eraginez.
  • Enpresa berriek oztopo asko izan ohi dituzte zenbait merkatutan sartu ahal izateko. Batzuetan, ez dutelako merkatu horretan sartzeko beharrezko teknologiarik, eta, beste batzuetan, zaila izaten zaielako zenbait ekoizpen faktore lortzea.

Halaber, ohikoa izaten da enpresek prezioaren gaineko kontrol pixka bat izatea. Horrelakorik gertatzen bada, lehia ez-perfektuko merkatua dela esaten da.

Monopolioaren Ezaugarriak

Merkatua monopoliokoa bada, ez dira bereizten industriako eskariaren kurba eta enpresak aurre egin beharreko eskariaren kurba. Kontuan izan behar da monopolioa –monopolioan jarduten duen enpresa– industria bera dela. Beraz, enpresak eskariaren kurba bakarraz arduratu behar du: merkatuko eskariaren kurbaz. Monopolio egoeretan, enpresak (monopolioak) aurre egin beharreko eskariaren kurba eta ekoizkinaren merkatuko eskariaren kurba bat bera dira.

Monopolioaren Funtzionamendua

Monopolioaren funtzionamendua aztertzeko, eman dezagun adibide bat. Merkurioa ekoizten duen enpresa monopolista batek aurre egin beharreko eskariaren kurba eta merkatuko eskariaren kurba berdinak direlarik (saltzaile bakarra denez), honako egoera izango du: ekoizpen bolumen jakin bat (20 milioi tona) saldu nahi badu, prezio jakin batean (100 € tona bakoitzeko) besterik ez du lortuko saltzea. Ekoizpen bolumena handitu nahi badu, berriz, salmenta prezioa merkatu beharko du.

Monopolistak kontuan hartu behar du prezioa zenbat eta garestiago izan, orduan eta kantitate txikiagoa eskatuko dutela, malda negatiboko eskari-kurba bati egin behar baitio aurre.

Monopolio Adibideak

Monopolio asko daude; esaterako:

  • Renfe (trenbide azpiegitura).
  • Posta zerbitzu batzuk.
  • Hiri bateko garbiketa enpresa.
  • Mineral jakin bat erauzten bakarra den meatzaritza enpresa bat.

Merkatu Oligopolistikoak eta Lehia Monopolistikoa

Merkatu Oligopolistikoak

Merkatu oligopolistikoetan saltzaile (eskaintzaile) gutxi eta erosle asko daude, eta saltzaileek eskaintzen dituzten ekoizkinak nahiko homogeneoak dira.

Deskargatu

PDF Word HTML