Merkataritzako Usadioak eta Kontratuen Arauak Euskal Zuzenbidean
Merkataritzako Usadioak eta Kontratuen Arauak
Hori da ohitura. Baina usadio guztiak ez dira ohitura. Denak ez dira berdinak, funtzio desberdinak dituzte, beren efikazia juridikoa desberdina izanik. Batzuek funtzio interpretatiboa betetzen dute, kontratuetan ezarritako klausulen esanahia argitzen dute; beste batzuek, ordea, funtzio integratzailea edo osatzailea daukate, kontratuko edukiaren hutsuneak osatzeko balio dutenak. Azken hauek dira soilik ohitura kategoria dutenak eta, ondorioz, zuzenbideko arau direnak.
Arau Inperatiboak eta Dispositiboak
Baina zuzenbideko arauen artean ere bereizi beharra dago: badira arau inperatiboak eta arau dispositiboak. Arau inperatiboen eremuan usadioek ez dute lekurik; hemen, merkataritzako legeen ondoren, zuzenbide zibila aplikatuko da. Aldiz, arau dispositiboen eremuan, merkataritzako usadioei lekua uzten zaie zuzenbide zibilaren aurretik.
Merkataritzako Usadioen Garrantzia eta Oztopoak
Merkataritzan usadioek garrantzi handia izan dute, nahiz eta atzerakada nabarmena izan, batez ere segurtasun ezagatik eta batzuetan ezagutzea ere erraza ez delako. Baina Merkataritza Kodeko legeek, teknikoki oso garatuak izanda ere, ezin diete etengabe sortzen diren galdera berriei erantzunik eman. Hauxe da merkataritzako usadioak zuzenbideko iturri bezala mantentzeko funtsezko arrazoia. Usadioen aplikaziorako oztopo nagusiena frogatzea izaten da.
Merkataritzako Kontratuen Arau Bereziak
Merkataritzako zuzenbidean badira zenbait erregela berezi merkataritzako kontratuen perfektutzea, forma, froga eta interpretazioari buruzkoak.
Kontratuen Perfektutzea
Neurri handi batean, merkataritzako kontratuen perfektutzeari zuzenbide zibileko arau orokorrak aplikatzen zaizkio. Hala ere, merkataritzako eremuan badira arau berezi batzuk:
- Publizitate bidezko eskaintza: Batez ere kontsumitzaileen alde, zenbait babes-neurri eman izan dira. Hala, eskaintza edo publizitatearen edukia betebeharrekoa izango da kontsumitzaileentzat, nahiz eta kontratuan azaldu ez.
- Leku berean ez dauden pertsonen arteko kontratuak: 'Korrespondentzia' bidez eginikoetan, kontratua perfektutzen da eskaintza egin zuenak bestearen onespena ezagutzen duen momentuan. Honek eragina du kontratua perfektutzen den lekua zehazteko eta, ondorioz, akzio judizialak jartzean auzitegi eskuduna zein den erabakitzeko.
- Agente edo artekari bidezko kontratuak: Kontratua perfektutzen da kontratugileek artekariaren proposamena onartzen dutenean.