Mendizabalen Desamortizazioa: Testuingurua eta Ondorioak
Testuaren azterketa: Datu orokorrak
- Izaera juridikoa: Gobernu liberal aurrerakoiaren Errege Dekretua. Espainiako erregeordeari zuzendua, Ogasun ministroak aurkezturiko dekretua onartzeko.
- Argitalpena: Madrilgo Gazetan argitaratu zen, publikoa izanik.
- Edukia eta egilea: Eduki ekonomiko-politikoa du, egileak eliz desamortizazioaren aldeko defentsa egiten du. Egilea Mendizabal da, joera liberal aurrerakoiko politikaria eta Ogasun ministroa. Nazioak zituen arazo nagusiei heldu zien, eta horien artean eliz desamortizazioarena zen garrantzitsuenetako bat.
- Testuinguru historikoa: Maria Kristina Borboikoaren erregeordetza garaian kokatzen da, estatu liberalaren eraikuntzaren eta Lehen Gerra Karlistaren testuinguruan.
- Helburua: Dokumentua Madrilen sortu eta sinatu zen, eta helburua desamortizazioaren bitartez Espainiako zor publikoari aurre egitea zen.
Paragrafoen analisia
Lehen paragrafoa: Jabetzen salmentaren garrantzia
Mendizabalek nazioaren eskura pasa diren jabetzen salmentaren garrantzia gogorarazten dio erreginari, horren bidez lortuko diren onura politiko eta ekonomiko nagusiak azpimarratuz.
Bigarren paragrafoa: Desamortizazioaren helburua
Desamortizazioaren helburu nagusia zor publikoa murriztea zen. Liberalek aurreko garaietako herri-zorra bereganatu baitzuten, eta Ogasunaren egoera garbitzeko eta estatuaren sinesgarritasuna indartzeko horren murrizketa ezinbestekoa zen.
Helburu ezkutuak: Gerra Karlista eta Elizaren ahultzea
Testuak zuzenean aipatzen ez badu ere, Gerra Karlista finantziatzea eta irabaztea funtsezkoa zen garai hartan. Isabel II.aren tronua eta liberalen proiektu politikoa arriskuan zeuden. Estatuaren diru-eza oztopo izugarria izan zen liberalen armada osatzeko. Elizaren ahultzea ere beste helburu politiko bat zen; izan ere, Elizak bere jabetza galtzen zuen neurrian, karlistei emandako laguntza ekonomikoa ere ahulagoa izango zelakoan zeuden.
Desamortizazioaren ondorioak
Emaitzak eta porrota
Desamortizazioak jabego liberala eta kapitalista ezartzeko garrantzitsua izan behar zuen, hala ere, emaitzak ez ziren espero bezain onak izan. Liberalari babesa emango zion jabe klase berririk ez zen sortu. Desamortizazioak porrot egin zuen nekazaritzaren jabetza egituren erreforman.
Nekazaritzaren egitura berria
Aurrerantzean, sektore honetan bi talde nagusitu ziren: lurjabe handiak eta maizterrak.
Nekazari pobreen egoera
Nekazari pobreek ez zuten neurri hauetatik onura handirik lortu, alderantziz baizik, jabe berriek errentak igo zizkietelako. Arazo larria Bigarren Errepublikara arte luzatu zen konpondu gabe.