Mendizabalen Desamortizazio Dekretua: Analisi Historikoa

Historia6,56 KB

Mendizabalen Desamortizazio Dekretua

Mendizabalen Desamortizazio Dekretua

Komentatzeko dudan dokumentu hau Mendizabal Ogasun Ministroak egindako Desamortizazio Dekretuaren fragmentua da. Garai hartako erreginari zuzentzen zaio, zehazki Mª Kristina erregeordeari, “erregina gobernadorea” zela, Isabel II.a oraindik adin txikikoa baitzen. Dekretu honen bitartez, elizari kendutako ondasunak saltzeko erabakia hartzen da. Mendizabalen helburu nagusiak Espainiak zituen herri-zorra eta ekonomia berritzea izan ziren.

Egilea eta Testuaren Ezaugarriak

Egilea Juan Álvarez Mendizabal izan zen. Joera liberal progresista zuen politikoa, Ogasun ministro izan zen, Toreno Kontearen garaiko gobernu progresistan. Oso ikusmolde praktikoa zuen, eta, era horretan, gogo biziz heldu zien nazioak zeuzkan arazo nagusiei. Hartu zituen neurri guztietatik, eliz desamortizazioena izan zen, dudarik gabe, garrantzitsuena, eta horixe aipatzen da testuan.

Lehen mailako testu da; dekretu bat denez, juridikoa eta edukinagatik ekonomikoa eta soziala dela esan daiteke. 1836ko otsailaren 21ean argitaratu zen Gaceta de Madrid aldizkarian, egungo “Boletín Oficial del Estado”ren antzekoa.

Testuinguru Historikoa

Testuingurua aztertzen hasteko esan behar da Dekretu hau, Isabel II.aren adingabetasun garaian, Maria Kristinaren erregeordetzaren eta, zehazki, Lehen Gerra Karlistaren garaian argitaratu zela.

Isabel II.aren erregealdiko gobernuan liberal moderatu eta aurrerazaleak txandakatuko dira boterean. Lehenengoek subiranotasuna partekatua, bi ganbara egotea, askatasun eta eskubide gutxi, sufragio zentsitarioa eta eliza eta estatu ez dute bereiztuko (estatu konfesionalak defendatuko dituzte). Orduan ez dute desamortizazio bezalako neurriak hartuko.

Progresistek, aldiz, subiranotasun nazionala, sufragio zabalagoa, askatasun eta eskubide gehiago, konfesionaltasun eza defendatuko dute eta hainbatetan desamortizazioak eramango dituzte aurrera. Desamortizazioa estatuak hartutako neurri ekonomiko bat zen, suposatzen zuena hainbat pertsona edo erakunderen ondasunak, lurrak kentzen zitzaizkiela, ondoren enkante publikoan saltzeko. Honen bidez, estatuak diru sarrera lortzen zuen, besteak beste. Kasu honetan Mendizabalen desamortizazio eklesiastikoa izan zen.

Hau ez zen izan egon zen lehena; Godoyk eta Jose Bonapartek hartu zituzten horrelako erabakiak, eta Mendizabalen desamortizazioaren ondoren Madozena emango da.

Desamortizazioaren Arrazoiak

Iruzkina egiten hasteko, esan behar dut iruzkinean zenbait arrazoi agertzen direla Dekretu hau argudiatzeko:

  • Aipatzen den lehenengo arrazoia, elizak lantzen ez dituen lurrak “esku hilak” (4. Lerroan) desjabetu eta saldu ondoren estatuak diru asko jasoko zuela Estatuak zuen zor handiari aurre egin ahal izateko. Izan ere, gobernuak “vales reales” (balore tituluak) saldu zituen eta orain ordaintzen hasi behar zen (3. eta 14. Lerroak).
  • Azaltzen den beste arrazoi bat industria eta komunikabideak bultzatzeko aukera izango zutela, zeren zegoen lur banaketarekin oztopatu egiten zen jarduera hauen garapena. Lege honen bidez, gobernuak garraiobideak eta merkataritza sareak hobetu ahal izango zituen.
  • Horrez gain, Espainiako Erregimen Zaharra desagerrarazteko eta Estatu liberal berriaren oinarriak ipintzeko, abian jarri behar zen aipaturiko legea, liberalismoaren aldeko jabeen taldea osatzeko (6-11 lerroak). Desamortizazioaren helburua ez da espekulatzea; ez zaiela utziko saltzaileei ahalik eta diru-etekinik handiena eskuratzen, horrek lurrak eta ekoizpena garestitzea ekarriko baitzuen.
  • Ezin dugu ahaztu garai hartan nekazaritza zela jarduera ekonomiko nagusia, baina antolaketa jarraitzen zuen Antzinako Erregimen garaian bezala, hau da, gehiengo batek gutxi batzuentzat lanean zergak ordainduz. Oso nekazaritza tradizionala zen, iraupenekoa, ekoizpen eskasa... Lurren jabeek ez zuten inbertsio handirik egiten errendimendu gehiago ateratzeko, eta are gehiago hainbat kasutan lur eremu handiak zituzten landu gabe geratzen zirenak. Hau da elizak zeuzkan “esku hilen” kasua, ez ziren lantzen eta ezin ziren ez saldu ez zatitu. Honekin lotuta dago azkeneko parrafoan aipatzen dena (dekretua aurrera eramateko beste arrazoi bat): lurraren banaketa orekatuagoa egitea, eta nekazari asko jabedun bihurtzea eta zoriontsuak izatea. Horrela hauek ere, erregimen liberalaren alde jarriko ziren.
  • Azkenik, dokumentuan ez aipatzen arren, estatu liberalaren jarraipena bermatzeko, gerra karlista irabazi beharra zegoen eta hori lan zaila zen dirurik edo krediturik gabe. Gerra gastuari aurre egin ahal izateko diru sarrerak behar zituzten eta desamortizazioaren bidez lortuko ziren.
Ondorioak eta Emaitzak

Amaitzeko esango nuke horrelako neurri ekonomiko hartzea garrantzitsua izan zela garai hartan zeuzkan helburuengatik eta onuragarria izan zitekeela estatuarentzat eta baita hainbat biztanle arruntentzat ere, baina emaitzak ez ziren beraiek espero zituztenak izan.

  • Estatu zorra murrizteko saiakerek porrot egin zuten.
  • Liberalen aldeko talde jabedun bat sortu beharrean aurkakoa sortu zen, izan ere, katoliko askok eraso bezala sentitu zuten Elizaren kontrako neurri hau eta erregimen liberalaren kontra jarri ziren eta hainbat kasutan karlismoaren alde. Neurri honek suposatu zuen Vatikanoarekin harremanak moztea.
  • Ez zuten lurraren banaketa orekatuagoa lortu. Onuradunak burgesak izan ziren, Elizaren lurrak erosi eta irabazi handiak lortu baitzituzten eragiketa haietan (espekulatzen). Aberats taldeak gehiago aberastu ziren. Latifundioak ez ziren desagertu; elizaren eskutik burges eta nobleen eskuetara pasatu ziren. Nekazari askok jasan behar izan zituzten lurjabe berrien gehiegikeriak. Jabe berriek ez dute berririk egingo eta hau traba handia izango da industrializazioarentzat. Hortik aurrera gehienetan nekazariak erregimen liberalek hartutako neurri ekonomikoen kontra jarriko dira.
  • Gerra gastuei aurre egiteko aukera izan zuten baina gerra ez zen amaitu. Gainera Karlismoak bere aldeko gehiago lortzen ditu, Eliza eta desamortizazioaren ondorioz, kaltetutako pertsona asko.

Hala ere, testu hau ezinbestekoa da ezagutzeko Mendizabalekin hasi zela benetako iraultza liberala, bera izan baitzen, jabetza egiturari dagokionez, historian inoiz hartu zuen neurri garrantzitsuena: Elizaren ondasunen desamortizazioa.

Deskargatu

PDF Word HTML