Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Testu Analisia
Mendizabalen Desamortizazio Dekretua: 1836ko Otsailaren 21a
1836ko otsailaren 21ean, Mendizabalek, Espainiako krisi larriarekin amaitzeko asmoz, desamortizazio dekretua idatzi zuen. Mendizabal estatuko Ogasun ministroa zen, gobernu progresistaren parte. Testu hau Maria Cristina erreginari zuzenduta dago. Lehen mailako iturria da, idatzi zen moduan dagoelako, inongo aldaketa edo moldaketarik jasan gabe. Desamortizazio dekretu honen helburua Espainiako krisi larriarekin amaitzea da, eta testu juridiko bat dela esan genezake, baina testu ekonomiko eta politiko gisa ere interpreta daiteke. Testua publikoa da, Gaceta de Madrid egunkarian argitaratua izan zelako; hau da, edozein herritarrek irakur zezakeelako. Mendizabalek idatzi zuen dekretu hau, beraz, egile bakarreko testua da. Mendizabalen ideologia liberal aurrerakoia testuan antzeman egiten da.
Testuaren Edukia
- Kleroaren lurren desamortizazioa, ogasuna hobetzeko asmoz.
Kontextualizazioa
Nazioartean, gizarte burgesa hazten eta sendotzen hasi zen. Gizarte horrek, Industria Iraultzarekin batera sortutako kapitalismoa izango zuen oinarri, eta Espainiara hedatu zen prozesu hori. Fernando VII.a hil ondoren, haren emazte Maria Cristina geratu zen erreginaorde, Isabel II.a, haien alaba, heldu izan arte. Don Karlos, Fernandoren anaia, ez zegoen ados horrekin, eta horrela hasi ziren karlistadak. Maria Cristina ideia liberalen aldekoa zen, eta Don Karlos, aldiz, Antzinako Erregimenaren aldekoa. Liberalen artean ere bi talde bereiz zitezkeen: moderatuak eta aurrerakoiak. Moderatuak zeuden hasieran agintean, baina Espainia oso krisi larrian murgilduta zegoen karlistaden ondorioz, eta aurrerakoiek hartu zuten boterea 1836an, Mendizabal zutela buru. Maria Cristinak ezarri zuen Mendizabal gobernuburu, gerra irabazteko asmoarekin. Honek, egoera honi aurre egiteko, desamortizazioa ezartzea proposatu zuen, eta horregatik, 1836ko otsailaren 21ean, desamortizazio dekretua idatzi zuen.
Testuaren Analisia
Testuaren hasieran, "BM" letrekin "Bere Maiestatea" esan nahi da, kasu honetan Maria Cristina erreginaordea, Isabelen ama, eta "andere" hitzarekin hari zuzentzen ari direla ikus daiteke. Lehenengo paragrafoan, desamortizazioa definitu eta honek ekarriko lituzkeen onurak adierazten ditu, hala nola, erabiltzen ez diren lurrei erabilera bat ematea, industriako eta zirkulazioko kanaletako oztopoak kentzea, aberria zabaltzea... eta onura horiek Isabel II.a tronuan finkatuko dutela, eta herritarrak haren tronuarekin identifikatuko direla justifikatzen du. Zorion publikoa aipatzen du, eta hau liberalismoaren ezaugarri nabarmenetako bat da, guztien zoriontasunaren bila dabilelako. Bigarren paragrafoan, aldiz, Maria Cristinari desamortizazioa burutzeko baimena eskatzen dio, desamortizazioak zor publikoarekin amaituko duela esanez; zor publiko hori karlistaden eraginez sortutakoa da.
Ondorioak
Desamortizazio bat baino gehiago izan bazen ere, Mendizabalenak oihartzun nabarmenagoa izan zuen eta txinparta bat baino gehiago piztu zuen. Vatikanoarekin harremanak hautsiarazi zituen, bera izan baitzen neurri haiekin gehien nozitu zuena. Gaur egun ere, nabaritzen da hori Elizaren esparruan. I. Karlistaldiaren emaitza aldekoa izatea ere lortu zuten Isabelek eta Maria Cristinak, irabazi ahal izateko behar zituzten xoxak eskuratzen lagundu baitzuen. Oro har, ekonomia hobetzeko bidean zegoen, eta aurrerapausoa Mendizabal aurrerakoiari esker zela zirudien.