Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Analisia eta Testuingurua

Historia9,08 KB

Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836-02-21)

1. Testuaren Aurkezpena eta Sailkapena

Lehen mailako informazioa dugu esku artean. Gertaeraren garaiko testua da, egoera zuzen-zuzen bizi izandako protagonista batzuek idatzitako dokumentua, hau da, testu historikoa.

Izaera juridikoa duen testu hau gobernu liberal aurrerakoiaren Errege Dekretu baten sarrera da. Espainiako Maria Kristina erregina erregeordeari zuzenduta dago, Ogasun Ministroak aurkezturiko dekretua onartzeko eta sinatzeko. Aldi berean, Madrileko Gazetan (garaiko boletin ofiziala) argitaratu zenez, agiri publikoa da, herritar espainiar guztiek berehala horren berri izan zutelako. Nazio esparruko testua da, hartzaile nagusiak espainiarrak direlako.

Eduki ekonomiko-politikoa du, egileak erreginaren aurrean eliz desamortizazioaren aldeko defentsan mota bietako argudioak erabiltzen baititu.

Egilea eta Kokapena

Egilea Juan Álvarez Méndez da, Mendizabal deituraz ezagutzen dena (1790-1853). Joera liberal aurrerakoiko politikaria izan zen; lehen ministro eta, gero, Ogasun ministro izan zen, 1835eko eta 1836ko gobernu liberalean. Oso ikusmolde praktikoa zuen, eta, era horretan, gogo biziz heldu zien nazioak zeuzkan arazo nagusiei. Hartu zituen neurri guztietatik, eliz desamortizazioena izan zen, dudarik gabe, garrantzitsuena, eta horixe aipatzen da testuan.

Aro Garaikidean, XIX. mendearen lehenengo zatian, Fernando VII.aren absolutismoaren osteko Maria Kristina Borboikoaren erregeordetza garaian, estatu liberalaren eraikuntzaren lehen urteetan, Lehenengo Gerra Karlistan kokatzen da, 1836ko otsailean. Dekretua Madrilen, estatuko hiriburuan, sortu eta sinatu zen.

2. Testuaren Azterketa

Mendizabalek nazioaren eskura pasa diren jabetzen salmentaren garrantzia gogoratzen dio erreginari, horren bidez lortuko diren helburu nagusiak azpimarratuz. Agirian ez dira aipatzen, baina badakigu ondasun nazional berri horiek eliz ondasunak zirela; zehazki, klero erregeladunaren ondasunak. 1835ean, erlijio-ordenak deseuztatu egin ziren eta horien ondasunak Estatura pasa ziren. Egileak dekreturako erreginaren onespena espero du.

Desamortizazioaren Helburu Nagusiak

Desamortizazioaren helburuak ekonomikoak eta politikoak dira:

Helburu Ekonomikoak

  • Zor Publikoa murriztea: Liberalek aurreko garaietako herri-zorra bereganatu zuten. Ogasunaren egoera garbitzeko eta estatuaren sinesgarritasuna indartzeko, zorraren desagerpena edo murrizketa ezinbestekoa zen etorkizunean atzerriko erakundeei mailegu berriak eskatu ahal izateko.
  • “Hildako aberastasuna berpiztea”: Lotura erregimenean zeuden ondasunei egiten die erreferentzia. Nobleziaren, Elizaren eta herri-lurren jabetzak ez ziren askeak, ez ziren merkatuetara heltzen. Liberalen helburua ondasun horiek pribatizatu eta aske bihurtzea zen.
  • Ekonomia dinamizatzea: Kapitalak mugitzean eta inbertsioak ugaritzean, industriak ere onurak lortuko zituen, ekonomia dinamiko bihurtuko zelako: “industriako eta zirkulazioko kanaletako oztopoak kentzea”.

Helburu Politikoak

  • Jabe klase berria sortzea: Nazio liberalarekin eta Koroarekin bat egingo zuen jabe klase berria sortzea: “aberria zabaltzea eta lotura berria eta sendoak lortzea”, “Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea”. Erosleen artean erreginaren eta erreforma liberalaren aldeko leialtasuna bilatu nahi zen.
  • Gerra Karlista finantzatzea: Gerra Karlista finantziatzea eta irabaztea funtsezkoa zen garai hartan. Estatuaren diru eza oztopo izugarria zen liberalen armada burutzeko.
  • Elizaren ahulezia lortzea: Elizak bere jabetza galtzen zuen neurrian, karlistei emandako laguntza ekonomikoa ere ahulagoa izango zelakoan.

3. Testuinguru Historikoa

Lehenengo Gerra Karlista eta Erregeordetza

Fernando VII.a hil ondoren, hildako erregearen anaia Karlos V.aren aldekoek altxamendu armatua hasi zuten, Maria Kristina erreginaordearen aurka. Altxamendua gerra zibil luze baten hasiera izan zen, Karlos V.aren aldekoen (absolutismoaren eta Antzinako Erregimenaren aldekoak) eta Fernando VII.aren alaba Isabel II.aren tronua legezkoa zela aldarrikatzen zutenen artean.

Maria Kristinak, alabaren eskubideak defendatzearren, liberal moderatuengana hurbildu zen hasieran, baina karlismoa Espainiako lurraldeetan hedatu ahal izatea eragin zuen horrek. Monarkia isabeldarrak babes gehiago lortu beharra zuenez, gobernu berria osatu zuen, Martínez de la Rosa moderatua buru zuela, eta hark Errege Estatutua (1834) promulgatzea proposatu zuen; hau da, estamentuzko gorteak osatzeko emandako lege bat. Gorteek ez zuten ahalmenik, ez agintzeko, ez legeak egiteko.

Bien bitartean, nahigabea hazten ari zen gizartean. Goseari eta epidemiei, karlistek egindako hainbat eraso gehitzen zitzaizkien. 1835ean protestak egon ziren eta Maria Kristinak liberalen babesa lortzeko eta autoritatea eta ordena publikoa berrezartzeko, gobernu progresista bat osatu zuen, Juan Álvarez Mendizabal buru zuena.

Nekazaritza Erreforma Liberalak

Mendizabalen lehen helburua karlistak garaitzea izan zen (Erresuma Batuaren, Frantziaren eta Portugalen laguntza izan zuen). Bigarren helburua estatua erreformatzea izan zen, eta beharrezko nekazaritza-erreforma hasi zuen, erlijio-kongregazioak desagerrarazteko eta Elizaren lurrak desamortizatzeko dekretuak onartuz. Erreforma horien bidez, lurra saleros zitekeen salgai bihurtu zen eta jabetza pribatua finkatu zen. Klero erregeladunaren ondasunen desamortizazioan, estatuak konfiskatu zituen lur horiek eta enkante publikoan saldu ziren.

XIX. mendean, nekazaritza zen ekonomia-jarduera nagusia, baina atzeratuta zegoen. Nekazaritza-errendimenduak oso baxuak ziren, gabezia teknikoen ondorioz. Lurrak amortizatuta zeuden (kleroaren eta nobleen lurrak), hau da, ezin ziren ez saldu ez landu ere. Lur jabetza nagusia latifundioak ziren (azalera handiko lurrak eta jabe bakarrekoak). Espainiako lur gehienak nobleziaren eta kleroaren esku zeuden.

Egoera hori hobetzeko eta nekazaritza jarduera ekonomiko kapitalista bihurtzeko zenbait erreforma egin ziren. Sistema liberal berriak nekazaritza-erreforma bultzatu zuen, jaunen jabetza deuseztatzeko, lan- eta merkatzaritza-harreman berriak sortzeko eta jabetza pribatuaren eta lurraren erabilgarritasun askearen printzipioak ezartzeko.

Sistema liberal berriak nekazaritza-erreforma bultzatzeko hartutako neurri nagusiak hauek izan ziren:

  • Jaurgoak abolitzea.
  • Maiorazkoak deslotzea.
  • Desamortizazioa (Mendizabalena, kasu honetan).

Desamortizazio honek hiru helburu zituen:

  1. Armada liberala hornitzeko baliabideak lortzea.
  2. Ogasunaren defizita gutxitzea eta errege-finantzak hobetzea.
  3. Liberalismoaren aldeko lur-jabeen klase bat osatzea.

4. Balorazioa eta Ondorioak

Desamortizazioak jabego liberala eta kapitalista ezartzeko garrantzitsua izan zen. Itxaropena handia zen, halere, emaitzak ez ziren espero bezain onak izan.

Ondorio Nagusiak

  • Lur-jabetzaren kontzentrazioa: Orokorrean, lurjabe handiek lur gehiago erosi eta beraien latifundioak borobildu zituzten. Gobernu liberalari babesa emango zion jabe klase berririk ez zen sortu.
  • Nekazarien egoera: Desamortizazioak porrot egin zuen nekazaritzaren jabetza egituren erreforman. Nekazari pobreek ez zuten neurri hauetatik onura handirik lortu, alderantziz baizik, jabe berriek errentak igo zizkietelako. Arazo larria II. Errepublikara arte iritsi zen konpondu gabe.
  • Produkzioaren igoera: Epe ertain eta luzera, prozesu horrek nekazaritza produkzioaren bolumena handitzen lagunduko zuen, jabe berriek ordura arte landu gabeko lurrak landu zituzten eta. Hala ere, teknika horiek ez berritzearen ondorioz, atzeratuta geratu zen Espainia.
  • Gizarte-aldaketak: Gizartean nekazaritza proletarioak agertu ziren; lurrik gabeko nekazariak eta bizi baldintza gogorretan eta urtaroen arabera lana egiten zuten soldatapekoak. Burgesia lurjabea ere agertu zen.
  • Eliza eta Vatikanoa: Beste ondorio garrantzitsu bat Vatikanoak Espainiarekin harremanak apurtu zituela izan zen, desamortizazioak Elizak botere ekonomikoa galtzea ekarri zuelako. 1851ra itxaron beharko da harremanak normalizatzeko (Narváez).
  • Kultura Ondarea: Desamortizazioaren eraginez arte eta kultura ondare handia galdu eta desagertu zen.

Desamortizazio prozesuak moderatuek gobernura heltzean geldiarazi zuten 1844an, baina Biurteko Liberalean (1854-56) prozesuak jarraitu zuen Pascual Madozen eskutik (herri lurrak). Desamortizaturiko ondasun motak eta helburu batzuk ezberdinak izan arren (trenbidearen eraikuntza finantzatzea), ondorioak antzekoak izan zirela esan daiteke.

Dekretuak ez zuen balio izan lurrak herri xehearen artean banatzeko. Izan ere, helburua ez zen nekazaritzan berrikuntzak egitea, estatuaren planetarako dirua lortzea baino.

Deskargatu

PDF Word HTML