Maria Kristinaren Erregeordetza eta Isabel II.aren Garaia (1833-1868)
Maria Kristinaren Erregeordetza (1833-1840)
Maria Kristinaren senarra hil zenean, berak hartu zuen erregeordetza, Isabel II.a oso txikia baitzen. Dakigunez, Lehen Gerra Karlistan Maria Kristina liberalekin aliatu zen. Garai honetan, liberalak bi korrontetan banatu ziren:
- Moderatuak: Erregearen boterea mugatu nahi zutenak.
- Progresistak: Askatasun handiagoak eskatzen zituztenak.
Erreginak lehenengo hauekin (moderatuak) lan egitea erabaki zuen, eta hainbat erreforma txiki egin zituzten herriarentzat. Herriari Errege-Estatutua eman zitzaion, gutxieneko gauzak eskainiz, hala nola sufragio zentsitarioa. Hala ere, Progresistak ez zeuden pozik askatasun mugatuekin, hori dela eta, absolutisten aurkako zenbait altxamendu egin zituzten. Egoera hori ekiditeko, Erreginak Mendizabal deitzea erabaki zuen, hark Espainiako egoera ekonomikoa hobetu eta dirua lor zezan.
Mendizabalen Desamortizazioa eta 1837ko Konstituzioa
Mendizabalek eman zien hasiera sistema liberaleko trantsizio garaiari. Honako aldaketa hauek egin zituen: Elizari lurrak kendu eta estatuarenak bihurtu zituen (desamortizazioa). Lur horiek enkanteetan saldu zizkien nobleziari eta, batez ere, burgesei. Horrela, dirua lortu eta liberalen kausari atxikitutako jabe klase berri bat sortu zuen, burgesia liberala bihurtu zena.
Garai hartan, estatu kolpe bat gertatu zen, "La Granjako Sarjentuaren Matxinada", eta gobernu progresista inposatu zen. Udaletxeak aukeratzeko gizonezko sufragio unibertsala ezarri zen. Horrela, 1837ko Konstituzioa sortu zen (ez zen ez oso liberala ez oso moderatua). Honako puntu hauek adierazten ziren Konstituzioan:
- Subiranotasun partekatua, erregearen eta Gorteen artean.
- Bi ganberako Gortea ezarri zen: Senatua eta Kongresua.
- Sufragio murriztua ezarri zen.
Esparteroren Erregeordetza (1840-1843)
Geroago, 1837ko hauteskundeetan moderatuak atera ziren garaile. Gobernu hori Narváez moderatuaren eta Espartero progresistaren botere militarrak baldintzatu zuen. Baina Espainiako egoera txarra zen oraindik, eta altxamenduak egoten jarraitu ziren. Egoera ikusita, Maria Kristinak uko egitea erabaki zuen. Esparterok ordezkatu zuen, oso fama ona baitzeukan Lehen Gerra Karlista irabazi eta Bergarako Itunean protagonismo handia izan zuelako.
Espartero progresista zen berez, baina modu autoritarioan gobernatu eta hainbat jarrera populista izan zituen:
- Erregeorde bakarra izatea exijitu zuen.
- Klero sekularraren ondasunak saldu zituen.
- Liberalismoaren aldeko apustua egin zuen, horretarako Espainian zegoen protekzionismoa kendu eta liberalismoari bidea ireki zion.
Jarrera horren aurrean, Esparterok Bartzelona bonbardatzea erabaki zuen 1842an. Ondoren, Esparterok bere prestigioa galdu eta herria haren aurka jarri zen. Egoera hori aprobetxatuz, Narváezek estatu kolpea eman zuen 1843an. Horrekin batera, Isabel II.aren adin nagusitasuna aurreratu eta Hamarkada Moderatuari (1844-1854) eman zitzaion hasiera.
Liberalismoaren Garaia eta Krisiak (1844-1868)
Hamarkada Moderatua (1844-1854)
Garai honetan, atzerako pauso izugarriak eman ziren politikan eta herriaren eskubideetan. Legedi zorrotza, zentralizatua eta uniformea ezarri zen, eta horrekin batera 1845eko Konstituzioa egin zen, honako ezaugarri hauekin:
- Subiranotasun partekatua, erregearen eta Gorteen artean.
- Hauteskunde murriztuak.
- Senatua erregeak izendatuko zuen.
- Ogasun lege berriak.
Gobernadore zibilak ezarri ziren udaletxeetan, erregeak hautatutako alkateak kontrolatzeko. Hori gutxi balitz, Bigarren Gerra Karlistari aurre egin behar izan zioten garai honetan. Espainiako egoera hobetzeko, Bravo Murillo teknokrata agertu eta gobernuko presidente eta Ogasun ministro moduan jardun zuen, administrazioa modernizatuz eta burokrazia modernoa sortuz. 1851n, Konkordatua sinatu zen Vatikanoarekin. Bertan, Elizak hezkuntza-sistema ikuskatzea onartu zen, eta Elizari ondasunak bereganatzeko eta haien jabe izateko eskubidea aitortu zitzaion. Azken horren bidez, Estatua arduratzen zen Elizaren mantenuaz.
Biurteko Progresista (1854-1856)
Ezegonkortasun publikoaren eta moderatuen arteko etengabeko liskarren aitzakiarekin, militar talde batek Vicálvaroko Altxamendua egin zuen ekainaren 28an, Dulce eta O'Donnellen agindupean. Horrekin, Biurteko Progresistari hasiera eman zitzaion, Espartero eta O'Donell buruzagi militarrek zuzenduta. Dulcek eta O'Donnellek "Manzanaresko Manifestua" idatzi zuten. Manifestua herriari gustatu zitzaion eta kausari atxiki zitzaion.
Hainbat erreforma egin ziren garai hartan, adibidez, Mendizabalen desamortizazioa (altxamendu karlista bati aurre egiteko) eta Trenbidearen Legea, zeinaren bidez kanpoko enpresei ateak ireki eta inbertsioak egiteko ahalmenak ematen zitzaizkien. 1856an, Konstituzio berri bat egin zen ("Non nata"), baina ez zen aldarrikatu.
Batasun Liberalaren Gobernua eta Krisi Amaiera
Desamortizazio neurri berriekiko oposizioak eta zor publikoak handitzeak Esparteroren dimisioa eragin zuten. Haren dimisioa aprobetxatuz, O'Donnellek Batasun Liberaleko Alderdia berri bat sortu zuen (zentralista), ideia progresistak eta moderatuak biltzen zituena, baina oso gutxi iraun zuen honek. Ondoren, Narváez agertu zen berriz, politika eskuinarantz bideratuz. Horrek Moderantismo tradizional eta autoritarioaren itzulera suposatu zuen. Horrekin batera, 1845eko Konstituzioa berrezarri eta obra publikoen finantzazioa eta Isabel II.a Kanala bideratu ziren.
Baina 1857an, biziraupen krisi larria gertatu zen, uzta txarrak zirela eta. Horrek giza-gatazkak areagotu zituen. Narváezek bere dimisioaren berri eman zion Erreginari. Erreginak O'Donnell deitu zuen, eta haren bueltarekin batera egonkortasun garaiari hasiera eman zitzaion. Garai honetan, hauteskundeen manipulazioak egon ziren, baina horrez gain, hazkunde ekonomikoa, erreforma administratiboak eta kanpo politikak hobetu egin ziren.
1868ko Iraultza Loriotsua
O'Donnellen lau urteko gobernu luzearen ostean, hainbat gobernu ezegonkor egon ziren Espainian, baina ez zuten egoera hobetu. Egoera honen aurrean, progresistak gero eta hurbilago zeuden demokratekin. Bi talde hauek Espainian aldaketak egin behar zirela esaten zuten.
Garai hartan, Isabel II.a politikan sartzen hasia zen, eta egin zituen gauzak ez ziren jendearen ezta alderdi politikoen gustukoak. Une horretan, progresistak eta demokratak bat egin zuten Ostendeko Itunaren bitartez, Isabel II.a tronutik kentzeko helburuarekin.
1866an, krisi ekonomiko larri bat gertatu zen. Krisiak sektore guztietan izan zuen eragina, hori zela eta prezioek gora egin zuten eta horrekin herri matxinadak sortu ziren. Egoera horren aurrean, militar batzuk (Prim, Serrano, Dulce...) bat egin zuten San Gileko Kuartelaren Altxamenduan. 1868ko irailaren 18an, Juan Bautista Topete Cadizen altxatu zen, eta 1868ko Iraultza Loriatsuari hasiera eman zitzaion.