Lizardiren Poesia: Gai Nagusiak eta EZAUGARRIAK
Lizardiren Lanak
Lizardik poesian egin zuen lanik ederrena, eta haren poemak bi liburutan bildurik daude:
- Biotz Begietan da bere libururik ezagunena.
- Umezurtz Olerkiak, Lizardi hil eta urtebetera, Aitzol adiskideak argitaratu zuen, Lizardik argitaratu gabe zituen olerkiak eskainiz.
Biotz Begietan: Gai Nagusiak
a) Izadia
Bultzi Leihotik poeman, Lizardik trenean doanak euskal paisaia nola ikusten duen adierazten digu, trenaren erritmoaren bizkortasun berdinaz. Lizardiren izadia, poetaren izadia, ez da hotza, bizia da, eta bizitza gizonak eskaintzen dio paisaiari. Soroan zutik dagoen gizandi itxurako nekazaria bedeinkatzen du poetak. Izadian gizona dago, euskal paisaian gizon euskalduna dago, eta zorionekoa izan dadila euskal lurra landu eta maite duen gizona. Hala ere, Lizardi hirian bizi da, eta trenak hirira darama. Lizardik ez luke mendia utzi nahi, eta poetak nahigabez agurtzen du hainbeste maite duen izadia.
b) Heriotza
Hain bizitza laburrean, heriotza ezagutu zuen bere inguruan, alaba bakarra hil zitzaionean bezala. Gabon egunean, berriz, Xabiertxo semea hil zitzaion, eta Xabiertxoren Eriotza poema idatzi zuen. Amona hil zitzaionean ere eskaini zion honi Hilketa Kanta. Poema hau Biotzean Min Dut izenekoa da, eta musika aparta ipini zion Eskudero musikari famatuak, honela Hileta izeneko oratorio ezaguna osatuz. Heriotzari buruzko poema guztietan, Lizardiren nahigabea itxaropenez janzten da beti; itxaropentsu agertzen zaigu beti poeta, beste bizitza baten sinesmena agertzen digularik. Ideia berdintsuak agertzen zaizkigu Biotzean Min Dut izenekoan. Baina itxaropenaren argi hau Lizardiren ia poema gehienetan agertzen da. Lizardiren heriotzarekiko ikuspegia kristau batena da: ez da guztia heriotzarekin amaitzen, bada heriotzaren ondoren Jaungoikoaren argitan bizi daitekeen bizitza itxaropentsua.
c) Aberria
Euskal lurra maite du Lizardik, eta itxaropena du poetak herri honen etorkizunari buruz. Lizardi euskalduna da, aberri maitalea da. Euskal kulturak, euskarak, euskal politikak indar handia hartuko dute gerra aurreko urteetan. Aldizkariak, antzerki taldeak, olerki sariketak ageri dira nonahi: euskal pizkundea da. Euskaldunak bere buruaren jabe izan nahi du, eta helburu horretan guztiz bat dator Lizardi.
d) Hizkuntza
Lizardik, bihotzaren erdian daraman abertzaletasun horrek bultzatuta, indar guztiz maite du herri hizkuntza, euskara. Poetak ikusten du hizkuntza bazterturik eduki dugula, eta jakinduriaz jantzi nahi luke. Lizardik euskara nahiko makaldurik ikusten badu ere, hizkuntza noranahira iristeko modukoa bihurtu nahi luke, jakintzaz jantzia, betiko hizkuntza tradizionala gordez, baina asmo berriez hornitua.